euskal diaspora eta kultura
2009/09/24
PUBLIZITATEA
Errenteria, Gipuzkoa. Musikaren Euskal Artxibo Nazionalak, Eresbilek, zenbait ekimen abiarazi ditu 2009ko azkeneko txanpa honetan, beti ere bere baitan biltzen dituen materialei zabalkundea ematearren, horien artean aipatu beharra dagoelarik erakundearen webgunean eginiko aldaketak. Eresbilen webguneak estetika berri bati ekin dio eta edukien egitura berria ere hartu du, orrialde bereizituak emendatzen musikariei eta musikei eskainiak. Lehenengo ekarpenak Jesus Guridi, Jesus Aranbarri eta Luis Aranbururi buruzkoak dira.
Musikasteren --Errenteriako Euskal Musika Astea-- atalak biografia eguneratuak baitaratu ditu, euskaraz zein gaztelaniaz, urteroko musika ekimen errenteriar honek orain arte izan dituen 37 edizioetako musikagileak eta bertan jo diren obrak bilduz. Eresbilen asmoa honekin Euskal Musikaren Artxibo gisa duen zeregin nagusienari lotua dago: euskal musika ondarea bildu, babestu eta zabaltzea.
Zelaia Bekaren erabakia iristear
Berrien arloan, esan beharra dago, azkeneko hilabeteetan Juan Zelaia Letamendi Bekarako lanak aurkezteko epa zabalik egon ondoren, epe hori amaitu eta hasiak direla epaimahaikoak aurkeztuko lan proposamenak aztertzen. Sari hau, jakina denez, Euskal Fundazioak deitzen du, Eresbilen eskutik, eta 9.000 euroko diru kopurua dakar. Lehenengo komentario batean, esan daiteke aurten ere lanak gai ugaritasuna dakartela, euren artean daudelarik gai historikoetatik, etnomusikologiko eta pedagogikoetaraino. Egun gutxi barru jakinaraziko da irabazlea. Ez ahaztu, iazkoan Diasporako gai batek bereganatu zuela, Uruguaitik.
Azkenik, oroitaraztea Eresbilen helburuetako bat bere baitan gordetzen dituen musika altxorren zabalkundea dela, tartean sarritan eskuz idatzitako obrak egungo moldiztegi formetara ekartzea. Honi dagokionez, eta laukoteen berreskupenerako Garat izeneko proiektuaren baitan --Musikene, Baionako Kontserbatorioa eta Euskal Kultur Erakundea lankide-- , euskal musikagile klasikoen laukoteak argitaratzen hasi direla. Lehenik Jesus Guridiren Laukotea Sol-en izan zen eta Tomas Aragues-en Laukote modala. Urtea amaitu aurretik, beste bi nahi dira plazaratu, horietako lehena Aita Donostiaren Laukotea Mi-n.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus