euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eneko Sanzek eta Alberto Irigoyenek Uruguaiko euskal musikarien historia berreskuratuko dute Zelaia bekarekin

2007/10/30

Juan Zelaia Letamendi (argazkia EuskalKultura.com)
Juan Zelaia Letamendi (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

III Juan Zelaia Letamendi Musika-Bekak badu irabazlerik. Eresbilek (euskal Musikaren Artxiboak) eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak jakitera eman dutenez edizio honetako irabazleak Eneko Sanz eta Alberto Irigoyen ikertzaileak izan dira. Aditu hauek Uruguaien euskal musika bultzatu eta sustatu zuten orkestra zuzendari, kantari, txistulari, soinujole eta orohar musikarien ibilbidea eta lanak berreskuratuko dituzte.
Eneko Sanz Goikoetxea eta Alberto Irigoyen Artetxek aurkeztutako ikerketa proiektuak historian zehar Uruguaiko Errepublika Orientalean egon diren orkestra zuzendari, koru, organo jole, txistulari, danbor jole eta akordeoi joleek eramandako bizitza, pertsonal eta musikala berreskuratzen saiatzea du jomuga.

Eresbilek antolatu eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioak babesten duen Musika-Beka honek 9.000 euroko dirulaguntza emango die irabazleei Uruguaien egondako euskaldunek izan zituzten espresio kulturalak eta musikalak iker ditzaten.

Alzola, Larrinbe, Olaverri...

Eneko Sanz Goikoetxea eta Alberto Irigoyen Artetxek, planteatutako ikerketa aurrera eramateko, artxibo eta liburutegi ezberdinetan --publiko zein pribatuetan-- egingo dituzte euren bilaketa lanak. Halaber, musikarien ondorengoek izan ditzaketen dokumentazioaren bilketa ere egingo dute, Alzola, Larrinbe, Olaverri, Mujica eta Iguain-en kasuak erreferentzi bezala harturik. Dokumentazio bilketa ondoren, eskuizkribu, partitura eta grabazioen digitalizazioa egitea izango da lanaren alderdi garrantzitsuenetakoa.

Horretarako Uruguaien dauden Euskal Etxeen material grafiko ezberdinak erabiliko dituzte, bertan egon ziren ekitaldi ezberdinak euren testuinguru egokian ipintzeko, erlazio bat eginik aurki argazki, programa eta festei buruz egin ziren kronikekin. Era berean, euskal etxeek ateratzen zituzten barne buletinak ikertuko dituzte Uruguaiko Euskaldunak abesten eta dantzatzen zituzten musikak ezagutzeko.

Elkarrizketak musikari eta koruetako kideekin

Lehen eskuko informazioa eman diezaieketen pertsonekin (musikariak, koruetako partaideak...), modu digitalean gordeak izango diren elkarrizketak ere egiteko asmoa daukate. Baita ere, era berean, garaian inprimatuak izan ziren gonbidapen, programa eta kantutegiak digitalizatzeko.

Ezin da ahaztu XIX. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera Uruguaik bizi izan zuen euskal emigrazio itzela. Uruguaien jaio zen, esaterako, 1883. urtean, “Caja Vasco Navarra de Reempatrio” bezala ezagutua izango zen lehenengo euskal elkartea, zeinetan batuak aurkituko baitiren Pirineotako bi aldeetako euskaldunak. Grandmontagnek, “Los Inmigrantes Prósperos” liburuan, “Amerikako Euskara” bezala kalifikatuko duen hizkera sortu dela azpimarratuko digu, bertan bizi ziren euskaldunen euskalkien nahasketaren ondorioz sortua. Luciano Bonaparte hizkuntzalariari, euskalki honen berri iritsi zitzaionean, harrituta gelditu eta 'Buenos Aireseko euskalkia' izena eman zion.


Lotura interesgarriak

Eresbil, Musikaren Euskal Artxiboa
www.eresbil.com

Zelaia bekak musika eta Diáspora ikerketak bultzatzuko ditu
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko martxoaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia