euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ba da zure komunitatean ikertzea merezi duen euskal musikarekiko ekarpenik? Eskatu Juan Zelaia Beka

2009/07/24

Juan Zelaia Letamendi bekaren diptikoa
Juan Zelaia Letamendi bekaren diptikoa

PUBLIZITATEA

Juan Zelaiak eta EuskalFundazioak sortua, ekimen honek euskaraz eginiko euskal musika ikerketak nahi ditu sustatu. Zure euskal txean, zure euskal komunitatean, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo ezagutzea merezi duen musika lanik ikertzeke dagoela badakizu, hemen daukazu ikerlan hori egin ahal izateko sostengu ekonomikoa. Aste honetan, Eresbilek Juan Zelaia Letamendi Musika Bekaren laugarren edizioaren deialdia egin du. Euskal Fundazioaren babesarekin, bekak musika eta euskara uztartzen dituen ikerketa lanak ditu helburu eta edozeinek parte har dezake. Iaz, hasteko, Uruguaiko euskal musikari buruzko proiektu batek eskuratu zuen. Juan Zelaia beka 9.000 euroz hornituta dago eta musika alorrean edozein eremutako proiektuak aurkez daitezke bai banaka baita taldeka ere. Proposamenak abuztuaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

Donostia-San Sebastián. Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak, bi urtetik behin egiten duen Juan Zelaia Letamendi bekaren deialdia egin du. Euskal Fundazioaren babesarekin, musika munduko edozein alor aztertzen dituzten euskarazko lanak ditu helburu. Proiektuak aurkezteko epea abuztuaren 31 artekoa izango da.

Musika munduko edozein eremu ezberdinetako proiektuak aurkez daitezke lehiaketara baina interes berezia izango dute alde sozial zabala duten egitasmoek, euskal musika ondarea birbalioesteko oinarrizkoak direnak, emaitzetan Euskal Herri osora zabal daitezkeenak baita euskal diasporarekin baliagarritasun nabariagoa dutenek ere. Azkenik, hedapen-teknologia berrien bidezko proiektuak izatea epaimahaiak kontutan hartuko du ere.

Juan Zelaia Letamendi 4. beka honek 9.000 euroko dirulaguntza du eta hau lortzeko banaka zein taldekako lanak aurkez daitezke. Nornahik har dezake lehiaketa honetan parte, deialdiaren oinarriak betetzea da baldintza bakarra. Eresbilek Errenterian duen egoitzan proiektuak aurkezteko azken eguna abuztuaren 31 izango da. Irailean zehar, epaimahaiko kideek lanak aztertu eta baloratuko dituzte hilabete amaieran garailearen izena publiko egingo dutelarik. Horrela, proiektua aurrera ateratzeko urte beteko epea emango da, 2010eko iraila arte hain zuzen ere, ordurako ikerketa lana bukatuta beharko du.

Uruguaiko euskal musikarien historia

Juan Zelaia beka 2007an Eneko Sanz Goikoetxea eta Alberto Irigoyen Artetxek eskuratu zuten. Aurkeztutako ikerketa proiektua historian zehar Uruguain egon diren orkestra zuzendari, koru, organo jole, txistulari, danbor jole eta akordeoi joleek eramandako bizitza, pertsonal eta musikala berreskuratzen saiatzea zuen jomuga. Lan honi esker, Alzola, Larrinbe, Olaverri, Mujica eta Iguain musika zuzendariek Uruguain euskal musika sustatzeko egindako lana aitortu zaie besteak beste.

Bekaren inguruko informazio gehiago eskatzeko honako telefonoan: 34.943.000868, bulegoa@eresbil.com helbidean, edota Eresbilen http://www.eresbil.com webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia