euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txilen Mapuche herriarekin, NYen trikitiarekin... munduko euskal etxeen Aberri Eguneko irudiak

2014/04/29

Txileko Santiagoko Cerro San Cristobalen egin zen ekitaldian mapuche ordezkari honek euskal eta mapuche herrien aldeko zeremonia egin zuen (argazkia GureEtorkiaEE)
Txileko Santiagoko Cerro San Cristobalen egin zen ekitaldian mapuche ordezkari honek euskal eta mapuche herrien aldeko zeremonia egin zuen (argazkia GureEtorkiaEE)

PUBLIZITATEA

Munduko hainbat euskal etxetatik 2014ko Aberri Eguneko argazki andana ari zaigu heltzen, EuskalKultura.com-eko irakurleekin partekatzeko. Atal berri honetara ekarri ditugu Txileko Santiago hirian Gure Etorkia elkarteak eta Hilario Olazaran txistu eta dantza taldeak antolatu zuten festa, aurten ere San Cristobal muinoa euskal giroarekin alaitu zutelarik. New Yorken ere giroa bikaina izan zen euskal etxeak egin zuen afarian, eta Miamin bertako euskal elkarteak Joseba Andoni mutikoaren aldeko kanpainarekin jarraituz, bazkide eta lagunak piknik batean bildu zituen.

Donostia-San Sebastian. Iragan apirilaren 20an Santiagoko Gure Etorkia eta Hilario Olazaran txistu eta dantza taldeko kideak San Cristobal muinoan bildu ziren, urtero legez, Aberri Eguna ospatzeko. Muino honetan dago Euskaldunen Plaza delakoa eta bertan ospatu ohi du aspaldidanik euskaldun multzo batek euskaldunentzat hain esanguratsua den data. Aurtengoan gainera, euskal, txiletar eta mapuche kulturen erakustaldia egin zen, aipatu herrien arteko elkartasunaren seinale.

Eguna goiz hasi zen, hamabietan, aita Rodrigo Tupper-ek eman zuen mezarekin. Ondoren, euskal ereserkia jo zuten txistulariek Gernikako arbolaren kimuaren aurrean eta aurreskua dantzatu zuen  Maitane Uribe dantzariak. Euskadiren ordezkaria Txilen, Rafael Kutz Garaizabal, bertan izan zen.

Jarraian euskal, mapuche eta txiletar herrien kultur erakustaldia egin zen. Txileko Unibertsitateko Antumapu dantza taldeak Txileko "polka" eta "cueca" dantzak eskaini zituen eta ondoren mapuche herriko "machi" batek euskal eta mapuche herrien aldeko zeremonia egin zuen. Eskoziar herriak ere ekitaldian ordezkaritza izan zuen, eskoziar abesti bat jo zuten bi gaita jotzaileei esker.

Txile Aberri Eguna 2014

[Hilario Olazaran taldeko txistulariek alaitu zuten jaia Txileko Santiago gaineko San Cristobal muinoan (argazkia GureEtorkiaEE)]

Txile Aberri Eguna 2014 Antumapu

[Antumapu dantzari taldearen ikuskizuna, Aberri Egunean, Euskaldunen Plazan (argazkia GureEtorkiaEE)]

Ondoren, Ariane eta Maitane txalapartari nafarrek erakustaldia eskaini zute eta Maitane Uribek Jota  zaharra eta Arin Arin dantzatu zituen, Angel Espinozaren alboka lagun. Ikusitakoarekin girotuta edo, bertan ziren gazte euskal-txiletarrak dantzara bildu ziren eta Zazpi Jauzi eta Esku-dantza dantzatu zituzten; Pilar, Raimundo, Aitor Xabier eta Angel "Gotzon" Espinoza txistularien laguntzarekin.

Txile Aberri Eguna 2014 Esku-dantza

[Esku-dantza dantzatzera animatu ziren gazteak (argazkia GureEtorkiaEE)]

Giroa, elkarte antolatzaileetako iturriek agertu dutenez, oso ona izan zen eta jaian Euskal Herritik Txilera etorritako gazteak ere nabaritu ziren. "Lagun berri asko egin ditugu, gehienek Txilera etorri eta lana aurkitu duten gazteak. Pozik dira hemen beste euskaldun batzuk aurkitu eta herrimina arintzeko aukera izan dutelako".

New Yorken, trikikiti eta guzti

New Yorkeko Eusko Etxeak ere apirilaren 20an ospatu zuen Aberri Eguna eta ia ehun lagun bildu ziren elkarteak antolatu zuen bazkari eta ekitaldira. Elkartea jendez lepo, pintxo dastaketa batekin hasi zen festa eta hiruretan Iñaki Bakedano presidenteordeak prestatu zuen bazkaria zerbitzatu zen. Euskal Herritik etorri ziren Kristina eta Kristina trikitilariek musikarekin alaitu eta girotu zuten jaia. "Primeran pasa genuen eta giro ederra lortu genuen", azaldu dio EuskalKultura.com-i Iban Ubarretxena elkarteko presidenteak.

New York Aberri Eguna 2014

[Jendez mukuru izan zen New Yorkeko Euzko Etxea Aberri Egunean (argazkia NYEE)]

New York Aberri Eguna 2014 2

[Kristina eta Kristina trikitilariek jarri zuten musika (argazkia NYEE)]

Miamin, elkartasuna

Giroa aparta izan zen baita ere Miamiko Euskal Etxearen Aberri Eguneko festan eta elkartasun ukituarekin gainera. Angulo familiaren Royal Palm Island-eko gunean bildu ziren Miamiko euskaldunak eta euren lagunak eta piknika egin zuten bertan. Egunak ederra izan zen, eguraldia eta janaria bikaina eta, elkartetik agertu dutenez, musika aukera zabala: Juan Luis Guerraren merengue eta bachata doinuek, trikitixa, Irizarren pianoa...

Miami Aberri Eguna 2014

[Joseba Andoni Larrazabal, Enaitz anaiarekin eta Kristina Guenetxea Miamiko Euskal Etxeko kidearekin, elkartearen Aberri Eguneko jaian (argazkia MiamiEE)]

Festan Joseba Andoni Larrazabal mutikoaren aldeko kanpainarako 1.750 dolar bildu ziren. Joseba Andonik istripu larria izan zuen txikitan eta Miamin bizi da, Estatu Batuetan hainbat tratamendu berezi ari delako jasotzen. Bere historiari buruz eta euskal etxea bere alde egiten ari den kanpainari buruzko datu gehiago, hemen.

Elkarteak esker ona agertu die festaren antolakuntzan lagundu zuten bazkideei, oso bereziki Angulotar familiari, eta bertara bildu ziren guztiei.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia