euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko Euskal Etxeak sostengu kanpaina abiatu du Joseba Andoni mutiko bakioarrari laguntzeko

2013/11/14

Joseba Andoni Larrazabal mutiko lasaia eta maitekorra da, bere amaren esanetan. Musika atsegin du, batez ere rocka, eta Anaitz anaiarekin ederki moldatzen da
Joseba Andoni Larrazabal mutiko lasaia eta maitekorra da, bere amaren esanetan. Musika atsegin du, batez ere rocka, eta Anaitz anaiarekin ederki moldatzen da

PUBLIZITATEA

Joseba Andonik istripu larria izan zuen hamaika hilabetekin: piszina batean itotzear izan zen eta oxigeno ezak kalteak eragin zizkion burmuinean. Harrezkero konbultsioak izan ditu, eta garapenean atzerapena du. 2007an Miamira bizitzera joan zen familia, hango hospital batean tratamendu berri bat jarraitzeko. Han, Eneritz ama harremanetan jarri zenMiamiko Euskal Etxearekin, euskara eta musika klaseak emateko bere burua eskainiz. Orain, laguntza hura bueltatzeko ordua heldu da: Josebak zortzi urte bete dituenez, hospitaleko diru-laguntzetatik kanpo gelditu da eta euskal etxeak diru bilketa kanpaina jarri du abian tratamendu berri eta arrakastatsu baten gastuak ordaintzen laguntzeko.

Miami, AEB. "Joseba Andoniren amak, Eneritzek, bere burua eskaini zuen Miamiko Euskal Etxean 'musika-ikastola' antolatzeko eta klaseak emateko. Aurten, ikasturteko egitaraua prestatzen ari ginela, orduantxe jakin genuen Josebaren egoera berriari buruz. Konturatu ginen eurek guri lagundu baino, Euskal Etxeak eurei laguntzeko unea zela", azaldu dio EuskalKultura.com-i Boni Guenetxea euskal etxeko bazkide eta "United for Joseba Andoni" sostengu kanpainako batzordeko kideak.

Ekimena iragan astean aurkeztu zen Miamiko Euskal Etxearen webgunean, eta hortxe bertan egin daitezke dohaintzak. "Helburua da behar diren 75.000 dolarrak biltzea. Hamar hilabeteko epea jarri dugu horretarako. Tratamenduaren osteko errekuperazio terapiak urte asko iraungo ditu agian eta ezin da zehatz-mehatz esan zenbat diru beharko den horretarako. Baina prozesua amaituta kontuan dirurik geldituko balitz, arlo honetako ikerketak sustatzen dituen irabazi asmorik gabeko erakunde bati emango diogu", gehitu du Bonik.

Istripua piszinan

Bakioko familia honen odisea Joseba Andonik hamaika hilabete zituenean hasi zen. Zaintzaile baten etxeko piszinan istripua izan eta ia itota eta konorterik gabe atera zuten. Ez dakite ziur zenbat denbora izan zen arnasa hartu gabe, baina oxigenorik gabe egon zen tarte horrek kalte latzak utzi zizkion garunean. Hori dela eta garapenean atzerapena du eta tarteka konbultsioak izaten ditu. Bi urterekin zortzi konbultsio izan zituen jarraian eta medikuek esan zuten ez zela gai izango ez hitz egiteko, ezta ibiltzeko ere.

Kementsu, Eneritzek ez zuen amore eman, eta semea Alemaniako eta Frantziako hospitaletara eraman zuen. Azkenean, 2007an Miamira joan zen familia bertako Miami Children's Hospital-en garapenean laguntzeko terapia programa egiteko. "Josebak 8 urte ditu baina 3 urteko ume baten garapena du. Oso maitakorra da eta beti irribartsu dago", dio amak. "Konbultsioak egiten ditu eta oroimen galera du. Anaitz, bere anaia, gure euskarria da. 7 urte egiteko ditu, baina oso heldua da bere adinerako. Egoeraz jabetzen da eta bere anaiari asko laguntzen dio". 

Ama zelulekin terapia berria

Josebak zortzi urte bete zituenean Miami Children’s Hospital-eko programatik kanpo gelditu zen eta Eneritz tratamendu berrien bila hasi zen. Azkenean, ama zelulak baliatzen dituen terapia berri bat aurkitu zuen. Terapia hau AEBetako zenbait hospitaletan abian da, eta arrakasta portzentaia altua du.

Alabaina, programa oso garestia da eta, gauzak horrela, Miamiko Euskal Etxeak beregain hartu du familiari laguntzeko ardura. Euretako bat direlako, eta, egoera hain gogorra bizi arren, Eneritzek eta bere ahizpak euskal etxeari laguntzeko astia eta gogoa aurkitzeko gai izan direlako.

"Hemen bizi gara nire amatxu, ahizpa, iloba eta nire bi semeak, eta Euskal Etxearekin dugun harremana zoragarria da, familia bat gara denok. Euskal Etxea indarberritzen laguntzeko prest gaude beti, gure kultura eta ohiturak iraunarazteko, edonon gaudela ere", esan dio Eneritzek EuskalKultura.com-i.

Orain, Euskal Etxeak ekarpen hori eskertzeko ordua dela erabaki du eta elkarteko kideak buru-belarri ari dira lanean familiari laguntzeko prest.

Joseba Andoniren sostengu kanpainan lagundu nahi izanez gero, sar zaitez Miamiko Euskal Etxearen webgunean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia