euskal diaspora eta kultura
2011/09/07
PUBLIZITATEA
Martin Etxamendi/Bakersfield, AEB. Bidarrai Etxexurienean sortua zen 1929an eta Ameriketarat etorria 1948an hemeretzi urte zituelarik. Kaliforniarat jin-eta zazpi urtez artzain egon zen Los Baños inguruan John Laxague-ren artalde zonbaitekin. Geroxago Euskal Herrirat itzuli zen, bere familiari agur baten egitera, han uda bat lagun artean goxoki iraganez. Han zagolarik, mugaren hegoalderat egin zuen itzuli batean ezagutu zuen Maritxu napartar andere gazte xarmant bat eta laster hartaz agradatu zen, zonbait denboraren buruan biak ezkondu ziren eta Kaliforniarat etorri arras deliberaturik, behar zituztela beren ardiak erosi.
Lehenik bertze hemengo adixkide batekin partxuergoan hasi zen, geroxago bere gain lotu. Funtsean, bi adixkideak bakotxa bere artaldearekin gelditu ziren. Arte hortan alaba bat sortu zitzaien Anita deitu zutena. Orai ezkondurik eta bere familiarekin dagoena. Geroztik Pierrok artzaingotik egina du bizia. Erraiten zuen lehenbizian nekez arizana zela, arras urte txarrak ere gertatu baitziren, negu eta primadera idorrak, bazka arras xuhur eta bildotsak arrunt merke eta holako ! Bainan lanean bera aski arizanez eta artaldeari untsa jarraikiz, aitzinera ateratu zen.
Gero haatik gauzak doi bat aldatu ziren, urte onak ere etorri. Geroztik Pierrok aitzinean ibili izan ditu artalde ederrak eta familia ohorezki altxatu, ardien laguntzarekin. Ez da harritzeko ardiak hoin maite baitzituen eta untsa artatzen. Berak erraiten zuen: “Nik ardiak arras maite ditut eta iduri dute badakitela !”. Pierrot loriatzen zen bere ardi ederrak bazka onetan ikusten zituelarik.
Lagun artean untsa ezagutua zen, bazuen ainitz adixkide, bera halakoa baitzen. Norbaitek laguntza zerbait galdegiten bazion, beti prest zen zerbaiten egitera, etzakien ezetz erraiten. Gure piknik edo edozoin bertze elgarretaratzetan gertatzen ginelarik, Pierrot lagun alegera zen, euskal kantu xahar ainitz bazazkien eta loriatzen zen kantariak ziren lekuan, berak ere xarmanteko botza baitzuen. Zinez badugu zonbait egun alegera iraganik elgarrekin !
Orai dela zonbait denbora hotan ez-untsa egonik, uztailaren 10ean begiak hetsi ditu, bera bizi izan den bezala kalme kalme joan da. Jainkoak sarista dezala bere onestasunarentzat. Ehorzketa ederra izan da euskaraz kantatu meza batekin lagundurik.
Xarmanteko jendaldea bildu da. Ainitz adixkide beren azken agur baten egiterat etorri zaizkio. Ainitzak urrunetik jinak ziren. Ez adiorik Pierrot ! Zurekin iragan denbora goxoetaz oroituko gira. Esker mila !
Gelditzen den familiak onar ditzala gure doluminak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus