euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mahaia genero bortizkeriaz eta kataluniar 'trobada', Chascomusko euskal etxekoen irailerako prebisio

2012/09/05

Chascomuseko gizataldeen bilera herriko Gobbi alkatearekin. Erdian, jantzi argiz eta hitza duela Pedro Mauregui Larrada Euskal Etxeko lehendakaria (argazkiaEE)
Chascomuseko gizataldeen bilera herriko Gobbi alkatearekin. Erdian, jantzi argiz eta hitza duela Pedro Mauregui Larrada Euskal Etxeko lehendakaria (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea izango da datorren asteko ostegunean Buenos Aires probintziako herri honetako Genero Bortizkeriari buruzko Mahaiaren egoitza; eta egun bat beranduago euskal etxeko kideak La Platan izango dira, 'XII. Trobada Cultural de Casales de Catalunya' delako elkarretaratze katalanetan antolatzaileen gonbidatu gisa. Zingirako Euskaldunak-en honen eta hilabete osoko hitzordu eta aurreikuspenen berri eman du aditzera helarazi digun ohar batean.

Chascomús, Argentina. Bertan adierazten denez, datorren asteko ostegunean, irailaren 13an, Chascomuseko euskal egoitza hiriko Genero Bortizkeriaren gaineko Mahaiaren bilgune izango da arratsaldeko seietan, eta bertara gonbidatu dira komunitate orokorrean lan egiten duten erakunde eta elkarte guztiak. Biharamunean, ostiralean, irailaren 14an, hasita,  eta iganderaino, euskal etxeak gonbidatu gisa hartuko du parte La Platan, Buenos Aires probintziako hiriburuko Kataluniako Etxea antolatzaile gauzatuko diren XII Trobada Cultural de Casales de Catalunya delako elkarretaratze katalanean.

Kirol arloan, irailaren 22 eta 23an, euskal etxea chascomustarrak FEVAk Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean antolatu duen pilota elkarretaratzean arituko da eta, izan ere, kide duen Sebastian Errecart pilotari eta maisua medio esku-huskako alorraren ardura bereganatuko du bilkura horretan. Egun batzuk beranduago, hilaren 29an, FEVAk eskualdeka antolatzen dituen euskal etxeen Las Herasko bileran parte hartzeko asmoa agertu du baita ere Zingirako Euskaldunak-ek, gaia egoerak aztertu eta plan amankomunak prestatzea delarik.

'Buenos Airesek ospagai' eta bilera Gobbi intendentearekin

Euskal etxe chascomustarrak poza agertu du ikusirik 'Buenos Aires celebra al País Vasco' (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai) delako ekimenaren bigarren edizioak iragan abuztuaren 26an lortutako arrakastaren aurrean, hiriburuko Laurak Bat Euskal Etxeak antolatuta. Zingirako Euskaldunak-ek bere dantzari taldea medio hartu zuen parte ekitaldian, baita Jeronimo Infante eta Ixilik taldeaaren doinuak medio ere.

Iraila bukatzeko, abuztuaren 31ean, Chascomuseko alkate Juan Alberto Gobbik hiriko gizatalde elkarteen ordezkariak errezibitu zituen bere bulegoan. Bilera baliagarria izan zen, elkarteek aurtengo Immigrantearen Festaren berri eman eta euren planak azaldu eta alkateak sostengua emango diela baieztatu baitzien. Urriaren 12tik 14ra izango da aurten, ostegunetik igandera bitartean, urtero bezala euskaldunak ere partaide.

Gastronomia eta Euskal Sukaldaritza Ikastaroa

Bestalde, datorren larunbat honetan, irailaren 8an, euskal elkarteko Gastronomia Azpibatzordeak, sarri ohi duenez, plater bat prestatuko du anoaka saltzeko, euskal etxearentzat dirua lortzearren. Oraingoan zerria eta barazkiak dira eskainiko den platera, 35 pesona kazola. Eskaerak irailaren 6ko arratsaldeko zazpiak aurretik behar dira egin, ondoren larunbatean jasotzeko, honako zenbakietan 15-547491 (César Martínez) edo 15-585913 (Lorenza Márquez). Jakia jasotzeko ordu tartea: 20:30etatik 21:30etara.

Esan, azkenik, datorren astelehenean, irailaren 10ean, maiatzaren 28tik hona Jose Boccardo chefa ematen aritu den Euskal Sukaldaritza Ikastaroaren zortzigarren eta azkeneko eskola emango dela, ohi bezala euskal etxearen egoitzako sukaldean.

[AZKEN ORDUKO OHARRA: Euskal Etxeko kide eta lagun zen Miguel Angel Arrarasen heriotza dela-eta, Zuzendaritza Batzordeak, datorren asteburuko ekitaldiak bertan behera uztea erabaki du. Ikus hemen]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia