euskal diaspora eta kultura
2013/04/09
PUBLIZITATEA
General Rodriguez, Argentina. Erakundearen egoitzan egiten ari diren hobetze lanei aurre egiteko dirua janaritik dator, hein garrantzitsu batean. Gral. Rodriguezko euskal gizataldeak oso metodo ona aurkitu zuen baliabideak lortzeko; janari salmentarekin, lan handia bada ere, ondo pasatzen dute eta aitzaki bazter-ezina ematen diote jendeari instituziora hurbiltzeko. Produktua ona denez, oso ondo saltzen da. Izan ere, proposamenak arrakasta handia izan du azken urteotan herrian eta bezeroak ugaldu egiten dira salmentatik salmentara. Errekorra joan den martxoaren 29an, Pazko Igandean, izan zen: egun batean 300 kazola baino gehiago saldu ziren.
[Eskaera bete ahal izateko bi paella-ontzi erraldoi erabili behar izan zituzten sukaldariek. Osagai koloretsuez baliatuz, ikurrinak sortu zituzten janaria erakargarriagoa suerta zedin (argazkiaEE)]
[Euskal etxeko kide askoren laguntza eta ahalegina behar da honako ekintza hau antolatzeko. Baina Gral. Rodriguezko euskaldunak ez dira kikiltzen eta lan gogorrari bizkor eusten diote (argazkiaEE)]
[Euskal etxeko menu klasikoa txibiak Bizkaiko erara da. Hala ere gozokiak ere eskaintzen dizkiete bezeroei. Betiko giro ona eta adeitasun handiz Alicia Itcea eta Marcela Balbi Mutuberria arduratu ziren Pazko Ostiralean etxeko tabernaz (argazkiaEE)]
Eta tupustean kolpe handia Eusko Aterpea-ri
Txibien, paellaren eta janarien salmentatik egun batzuk baino ez ziren pasa eta kolpe latza iragartzen ziguten Eusko Aterpeatik. Joan den ostegunean, apirilaren 4ean, 38 urte besterik ez zituela, Gabriela Elizabeth Itcea hil zen. Gabriela euskal komunitateko eta euskal etxeko lagun eta partaide aktiboaren heriotzak zeharo hunkitua utzi zuen Gral. Rodriguezko euskal familia.
[Gabriela Elizabeth Itcea Eusko Aterpearen egoitza aurrean. Gure irakurleen eta Euskal Herriko eta Diasporako familia handiaren izenean, doluminik zintzoenak eta besarkada bero bat luzatu nahi diegu Candela eta Marcelori; Juan, Alicia, Carmen eta Elenari, eta oro har Gabiren familia eta lagunei, 38 urtetan joana zaigun Gabiren lagun eta lankide izateko aukera eta ohorea izandako guztiei. Gure gogoan iraun eta segida izanen du]
Gabik 38 urte zeuzkan eta ama, emazte, lagun eta pertsona ona zen, Eusko Aterpea-ko bazkidea, bertako MasMus taldeko kidea, Candela neskatilaren ama (zortzi urterekin euskara ikaslea eta euskal etxeko dantzaria dena), Eusko Aterpea-ko bazkide eta laguntzaile ere den Marcelo Cabral-en emaztea, eta lehengusua Juan Agustin Itcea eta Alicia, Carmen eta Elena Itcea-rekin.
Berri lazgarriak hunkiturik, Eusko Aterpeak datorren apirilaren 14an egitekoa zuen Aberri Eguneko festa eta bazkaria bertan behera uztea erabaki du. “Oso ordu zailak dira guretzat eta ezin diogu jaiaren antolakuntzari batere aurre egin. Berriak lur jota utzi gaitu eta denbora beharko dugu ondo konturatu eta normaltasunari ekiteko” adierazi dio Raul Tarettok EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus