euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVAk bultzatzen duen genealogiari buruzko hitzaldia Saladillo eta Gral. Villegasen eskaini du Laura Nobilek

2011/07/05

Laura Nobile (hirugarrena ezkerretik) Villegas'ko Euskaldunak euskal etxeko Nieves Castillo, Sara Artola eta Diego Tellechearekin (argazkia Actualidad egunkaria)
Laura Nobile (hirugarrena ezkerretik) Villegas'ko Euskaldunak euskal etxeko Nieves Castillo, Sara Artola eta Diego Tellechearekin (argazkia Actualidad egunkaria)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko kulturarekin lotura duten hainbat gai garatzen dituzte FEVAk Argentinako euskal etxeei eskaintzen dizkien hitzaldiek, hala nola historia, politika, artea, mitologia edota sukaldaritza. Horien artean, 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' delako mintzaldia Buenos Aires probintziako herri ugarira heldu da Laura Nobile-ren eskutik. Trenque Lauquen, Olavarria, Suipacha, Laprida, eta Buenos Aires hiriburuan bertan -- toki batzuk aipatzearren -- izan ondoren, Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko ordezkariak Saladilloko 'Itxaropen' eta Gral. Villegaseko 'Villegas’ko Euskaldunak' euskal etxeetan aurkeztu du bere hitzaldia.

General Villegas, Argentina. Orain artean Buenos Aires probintziako herri askotara ekarri duen birarekin jarraitzen du Laura Nobile genealogistak. Izan ere FEVAren babesarekin 'Villegas’ko Euskaldunak' euskal etxea bisitatu zuen joan den ekainaren 25ean. Arratsaldeko 7etan eta euskal etxeko egoitzan, lagun anitzek arreta handiz entzun zuten genealogiaren arloan nola sartu eta ikertu azaltzen duen mintzaldia.

Ekainaren 27an, berriz, Saladillo herriko 'Itxaropen' euskal etxeak jaso zuen Nobileren bisita. Etxeko kide eta lagunak Mitre Liburutegiko Galliani Auditoriumean bildu ziren 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' hitzaldia entzutera. Bi kasuetan, kolektibitate euskaldunak ez ezik, gainontzeko herritarrek ere hartu zuten parte ekintzan eta galdera mordoa egin zioten mintzalariari. Herrietako hedabideak ere hitzaldian izan eta aditua elkarrizketatu zuten.

Laura Nobile Saladillon 2011 01

[Saladillon Mitre Liburutegian aurkeztu zuen bere hitzaldia Laura Nobilek (argazkiaEE)]

“Jendeak, genealogiaren bidez, bere familiaren historia ezagutzea da hitzaldiaren asmoa. Eta uste dut zentzu horretan hitzaldia askoren jakin-mina pizten ari dela”, adierazi dio Nobilek EuskalKultura.com-i. “Gral. Villegas-en, esaterako, oso gauza bitxia eta polita ikusteko aukera izan dut: Euskal etxekoek prestatutako afariaren ondoren, 10 eta 12 urteko bi mutiko, hitzaldian entzundakoari jarraituz, internet-en miatzen hasi ziren eta euren aiton-amonen Argentinarako sarrera eta bataioaren informazioa aurkitu zuten”, kontatu digu harro genealogistak. “Alde batetik begi bistan uzten du hitzaldiaren eragina; eta bestetik, batez ere teknologia berriak gustuko ez dituztenei, erakusten die oso baliabide onak direla Internet-en daudenak informazioa eskuratzeko”, azaldu du Arrecifeseko euskal etxeko ordezkariak.

Hau eta beste 36 hitzaldi eska diezazkiokete Argentinako euskal etxeek, euskal elkarteak biltzen dituen FEVA federazioari. Eskabidea gauzatzeko prozedura xinplea da: 1.- Hizlaria eta hitzaldia hautatzea; 2.- Inguruko euskal etxeekin harremantzea, interes bera badute haiekin koordinatzeko hizlariaren etorrera datak; 3.- Eskabidea egitea FEVAri, lehenesten diren datak (bat baino gehiago) ipinita; 4.- FEVAk bitartekaritza lana egiten du hizlariarekin operazioa ixteko. FEVAk garraio gastuak bere gain hartuko ditu eta hizlariaren ostatua eta hitzaldiak eragin ditzakeen tokiko gainerako gastuei euskal etxeek egingo diete aurre.

-FEVAren webgunea: www.fevaonline.org.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia