euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Nazioarteko Egunean segitzen dute bateko eta besteko ospakizunek Argentinako EEetan

2013/12/03

San Nicolaseko Eusko Etxeak luzatutako gonbitea
San Nicolaseko Eusko Etxeak luzatutako gonbitea

PUBLIZITATEA

‘Euskal Herrian euskaraz’ dio abesti tradizionalak baina esaldia, agian, zahartuta geratu da. Izan ere, XXI. mendean euskarak Europako Euskal Herriko mugak gainditu ditu eta munduko hainbat bazterretan entzun daiteke, Asiatik Amerikaraino. Fenomenoa, ordea, ez da egun batetik besterako gauza izan eta jende askoren engaiamendua behar izan du. Gaur egun, Politika Linguistikoaren arloan egindako programei, teknologia berriei eta, batez ere, hiztun, ikasle eta irakasleei esker, euskaraz ahal dugu hitz eta jolas egin Pirineo magaleko Euskal Herrian eta baita bertatik kanpo ere. Argentinan, herrialde aitzindaria irakasleen trebakuntza programetan, urtero ospatzen dute euskal etxeek Euskararen Eguna, programa oparoekin.

Buenos Aires, Argentina. Euskararen alde lan egiten duten gainerako erakundeekin egingo dute bat gaur Argentinako euskal etxeek ENE ospatzeko. Kasu batzuetan ospakizunak gaur bertan izango dira; beste batzuetan astean zehar joango dira burutzen. Guztietan euskara ikasle eta irakasleek leku hautua izanen dute, urte osoan ikasitakoa plazaratuz. Gogora dezagun ekitaldi hauen baitan, Vascos en Buenos Aires liburua aurkeztu dela bihar, arratsaldeko 6.30etan, Buenos Aires hiriburuko Kultur Etxeko Urrezko Aretoan, Mayo etorbideko 575. zenbakian. Horri buruz gehiago jakiteko, klikatu hemen.

Azulgo Gure Txokoa
-ABENDUAREN 5EAN, OSTEGUNA: Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera aurrez aurreko ikasturtearen bukaera eta euskal sukaldaritza ikastaroaren amaiera ospatuko da topaketa berean. Publikoari euskara aurkezteko helburuarekin eta aktibitateekin hasteko, euskal pelikula bat proiektatuko da euskara taldeen eskutik. Proiekzioa bukatutakoan, euskal sukaldaritza ikastaroko ikasleek prestatutako janaria dastatuko da. Zine Gourmet modura antolatutako ekimen hau publiko orokorrari zabalik antolatu da, iluntzeko 8etan, euskal etxearen egoitzan, Irigoyen kaleko 926. zenbakian.

Coronel Pringleseko Eusko Biltzar
-Euskararen Eguneko ospakizunekin bat eginik, Argazki Lehiaketa antolatu du Coronel Pringleseko Eusko Biltzar-ek. Txapelketak hirian eta eskualdean dagoen euskal ondarea islatzea du helburu. Lehiaketaren emaitzak euskal etxeak burutuko duen abenduaren 13ko afarian jakinaraziko dira.

Jose C. Pazeko Toki Eder
-ABENDUAREN 7AN, LARUNBATA: arratsaldeko 7etan eta Dario Rodriguez etxeko irakasleak koordinaturik, askaria gauzatuko da Toki Eder-en. Topaketan euskarazko jolas jarduerak egingo dira, tartean asmakizunak, gurutzegramak eta abestiak.

La Platako Euzko Etxea
-ABENDUAREN 7AN, LARUNBATA: arratsaldeko 4etan, ‘mateada’ (mate hartze aldia) egingo dute Euzko Etxea-ko euskara ikasle eta irakasleek Gernikako Arbolaren kimuaren itzalean, hiriko Moreno Plazan. Bertan Hargatik aldizkariaren aleak banatuko dira parte-hartzaileen artean. Argitalpenaren 2013ko edizioak mota askotako testuak bildu ditu, tartean euskara, euskal kultura eta euskal abizenei buruzkoak, Harkaitz Cano-ri egindako elkarrizketa, jolasak, euskal etxearen berriak eta errezetak. Euskal etxeko taldeek egindako aldizkaria erakundeko urte amaierako jaian ere banatuko da, abenduaren 14an.

La Platako Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura Irakurletza
-ABENDUAREN 3AN, ASTEARTEA (gaur): arratsaldeko 6etan, Euskararen Eguna ospatzeko hitzaldiak: “Euskara La Platako Unibertsitatean", Cesar Arrondo hizlari, eta "Euskararen biziraupena", Idurre Lekuonaren esku. Aktibitatea Zientzia Ekonomiko Fakultateko Graduondo Ikasgelan izango da. 7etan, Irakurletzako ikasle eta lagunen argazkia egingo da, Unibertsitateko presidentzia eraikinean. Ekintzarekin bukatzeko, topa egingo da urte bukaera kari.

Mendozako Denak Bat
-ABENDUAREN 14AN, LARUNBATA: iluntzeko 7etan Olentzeroren bisita jasoko dute mendozatarrek. Ondoren, etxeko lehendakari Iñaki Galarraga Liceagak eta Alicia Aguirre euskara arduradunak hitz batzuk zuzenduko dizkiote publikoari. Programarekin bukatzeko, ikasleek prestatutako aktibitateak burutuko dira:
-Argentinako zelaiko bizitzan euskaldunek izandako eraginari buruzko testu bat (esaterako, Luis Landriscinaren kontakizun bat kontatuko da)
-Poesia korala, Pedro Mari Otañoren “Amerikako panpetan” irakurriko dute euskara ikasleek
-Sketch elebiduna: “Vaya semanita” telebista saioko sketcha antzeztuko dute ikasleek, immigrante argentinar batek euskaraz hitz egiteko egiten duen ahalegina erakusteko. Jaia ordu txikiak arte luzatuko da, pintxo, edari eta zuzeneko musikarekin

Necocheako Euzko Etxea
-ABENDUAREN 6AN, OSTIRALA: Pintxo-pote Necochean, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Mota askotako pintxo eta ogitartekoak eskainiko dira iluntzeko 8:30etan hasiko den topaketan, euskarari protagonismo berezia emanez.

Rio Cuartoko Gure Ametza
-ABENDUAREN 7AN, LARUNBATA: Euskararen Eguneko Taberna gaueko 10etan hasiko da. Elkarretaratze berean diplomak eskuratuko zaizkie erakundearen sortzaileei. Tabernan pintxo, tortilla eta txistorra salduko dira.

San Juango Eusko Etxea
-ABENDUAREN 3AN, ASTEARTEA (gaur): arratsaldeko 7etan, eta euskal etxeak antolaturik, Alessio Arredondo irakasleak euskarak gaztelanian izan duen eraginari buruzko hitzaldi bat eskainiko du. Ekintza ‘Sarmiento Legislador’ Liburutegian izango da.

San Nicolaseko Euskal Etxea
-ABENDUAREN 7AN, LARUNBATA: Ekintzen egitaraua gaueko 8:30etan hasiko da Errekatarrak Abesbatzaren emanaldiarekin. Ondoren, euskara ikasleek eurek egindako bideo bat proiektatuko dute. Gauan zehar, euskarazko esaldiak dituzten imanak eta euskarari buruzko orrixkak banatuko dira. Bukatzeko, afaria partekatuko dute lagunek. Txartelak 40 peso balio ditu.

San Miguelgo Askatasunaren Bidea
-ABENDUAREN 7AN, LARUNBATA: iluntzeko 7:30etan eta euskara tailerraren 2013ko ekintzei amaiera emateko, San Frantzisko Xabierri buruzko hitzaldi bat eskainiko da. Olentzeroren etorria ere ospatuko da. Aktibitatea Domingo F. Sarmiento Liburutegian izango da, San Miguelgo Sarmiento kaleko 1503. zenbakian.

Tandilgo Gure Etxea
-ABENDUAREN 12AN, OSTEGUNA: Askaria eta ikasturtearen amaiera ospatuko dute Tandilgo euskara ikasle eta irakasleek euskal etxearen egoitzan, Sarmiento kaleko 1079.ean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia