euskal diaspora eta kultura
2013/11/29
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko datorren astean burutuko den ekitaldi programa barruan, hiriburu argentinarreko Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko Azpi-Idazkaritzak eta Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritzak bat egingo dute Vascos en Buenos Aires (Euskaldunak Buenos Airesen) liburua aurkezteko.
Lanak oso xede argiak ditu, Buenos Aireseko herritarrei begira: Euskal Herriaren izaera, historia eta aktualitatearen berri ematea; eta hiriko euskaldunen ondarea –historikoa eta egungoa– ezagutaraztea. Helburu hauekin, bi zatitan antolatu da testua. Lehenengoan, Euskal Herriari buruzko informazioa eskaintzen da; bigarrenean, berriz, Argentina eta batez ere Buenos Aireseko garapenean euskaldunek izan duten protagonismoa nabarmentzen dai. Atalez atal, hona izenburuak::
“Eslabón tras eslabón” (mailaz maila), Hiriko Gobernuko Idazkaritzako Harreman Instituzionaleko Zuzendari Claudio Avruj-ek idatzirik; “Nuestra propuesta” (Gure proposamena), Gizataldeen Arloko koordinatzaile Julio Crocik idatzirik; “Eskerrik Asko, Buenos Aires", Iñigo Urkullu Lehendakariaren mezua; “Buenos Aires: Gracias por abrirnos vuestros brazos" (Eskerrik asko zuen besoak zabaltzeagatik), Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkariaren mezua; “Introducción" (Sarrera); “El País Vasco" (Euskal Herria); “Breve historia del País Vasco" (Euskal Herriaren historia laburra; “Un país moderno y pujante de una cultura milenaria y de vanguardia (Antzinako eta abangoardiako kultura duen herrialde moderno eta ekimentsua); “Migración vasca en Buenos Aires" (Euskal migrazioa Buenos Airesen); “Los vascos en la vida religiosa de Buenos Aires" (Euskaldunak Buenos Aireseko bizitza erlijiosoan); “La presencia vasca en el barrio de Almagro" (Euskaldunen presentzia Almagro auzoan); eta “Las instituciones vascas en Buenos Aires" (Euskal erakundeak Buenos Airesen).
Azken atal honi loturik aipatuko dugu Ordezkaritzarekin batera, hiriburuko honako euskal elkarteek lan egin dutela proiektuan: Lagun Onak Abesbatzak, Denak Bat Kultur Elkarteak, Laurak Bat Euskal Etxeak, Centro Vasco Frances-Iparraldeko Euskal Etxeak, Gure Echea klub euskal argentinarrak, Ekin Argitaletxeak, Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkarteak, Euskaltzaleak-ek, Eusketxe-Eusko Kultur Etxeak, FEVAk eta Juan de Garay Fundazioak.
Liburuaren zabalkundeari dagokionez, bilduma honetako lan guztiak bezala, hiriko eskola publiko guztietara helaraziko dira aleak, liburutegietan eskuragarri egon daitezen. Horrez gain, Buenos Airesen egingo den aurkezpenera joaten diren guztien artean ere banatuko da.
Aurkezpen ekitaldia
Aurkezpen ekitaldia abenduaren 4an egingo da, Euskararen Nazioarteko Eguneko ekimenen baitan.
Zeremonia arratsaldeko 6:30etan hasiko da Aurresku batekin. Ekitaldi berezi honetan Buenos Aires hiriburuko erakundeetako dantzariak bilduko dira dantzatzeko, txistuak eta biolinak lagunduta. Segidan, eta ongietorria eman ondoren, Claudio Abruj Buenos Aireseko Gobernuko mandatariak, Sara Pagola Euskadiko Ordezkariak eta Arantxa Anitua FEVAko lehendakariordeak zuzenduko zaizkie bildutakoei.
Jarraitzeko, Argentinan Euskaraz programari buruz azalpen bat burutuko da eta hau bukatuta, Vascos en Buenos Aires liburua aurkeztuko da. Ekitaldiari amaiera emateko, Lagun Onak Abesbatzak bere euskarazko errepertorioko kanta batzuk eskainiko ditu. Ekintza Buenos Aires hiriko Kultur Etxeko Urrezko Aretoan izango da, Mayo Etorbideko 575. zenbakian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus