euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal literatura lau haizetara ibiliko da udazkenean: Asturias, Irlanda, AEB, Polonia, Argentina, Txile...

2013/09/19

Ostegunean eta ostiralean Asturiasen egingo den literatur topaketan izango Miren Agur Meabe, beste zenbait euskal idazlerekin batera (argazkia Zaldi Ero)
Ostegunean eta ostiralean Asturiasen egingo den literatur topaketan izango Miren Agur Meabe, beste zenbait euskal idazlerekin batera (argazkia Zaldi Ero)

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak aditzera eman du hainbat euskal idazlek eta itzultzailek datozen hilabeteetan Euskal Herritik kanpo egingo dituzten ekitaldiak. Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi, Karlos Linazasoro, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe, besteak beste, nazioarteko topaketa eta jaialdi ezberdinetan izango dira irailean eta urrian. Jarduerok Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz edota bitartekaritzaz burutuko dira.

Donostia-San Sebastián. Datozen hilabeteotan euskal literatura munduan zehar ibiliko da eta hainbat euskal idazlek eta itzultzailek makinatxo bat jaialdi eta ekitalditan parte hartuko dute, Etxepare Euskal Institutaren sostenguarekin.

Gaur eta bihar, esaterako, Miren Agur Meabe, Iban Zaldua, Jon Juaristi eta Karlos Linazasoro euskal idazleak Asturiasen izango dira, Verines hiriko literatura topaketan. “30 años de creación y diálogo” izenburupean burutuko dira jardunaldiok, Cervantes Institutuak sustatuta.

Bihar Itzulpengintza biltzarra egingo da Irlandako Cork hiriko Unibertsitatean, "Self Translation in the Iberian Peninsula", izenburupean. Etxepare Euskal Institutuak babestu duen programa honek hainbat euskal idazle eta itzultzaile hartuko ditu. Miren Ibarluzea itzultzailea “Panoramic Theoretical Approaches” ataleko partaidetako bat izango da; egun berean Ur Apalategik, Elixabete Manterolak eta Ibon Uribarrik, “Self Translation in the Basque Country” atala osatzen duten mintzaldiak emango dituzte.

Larunbatean, irailaren 21ean, Unai Elorriagak,  amaiera hitzaldia eskainiko du, “El singular oficio de la autotraducción” izenburupean.

New York eta Dublin

New York-en ibiliko da bihartik aurrera Kirmen Uribe idazlea, atzo EuskalKultura.com-ek jakinarazi zuenez (artikulua hemen). Urrian Irlanda aldera joango da Uribek eta Dublingo ISLA jaialdiko partaide izango da, urriaren 18tik 20ra bitartean. Etxeparek aditzera eman duenez, “Today we are reading with” irakurketan esku hartuko du urriaren 18an, Daniel Freidemberg (Argentina), Tomás Mac Síomóin (Irlanda), Paula Meehan (Irlanda) eta Enrique Vila-Matas (Espainia) idazleekin batera.

Urriaren 19an, berriz, “The Novel, Memory and Resistance” solasaldiko partaide izango da, Cara Leavy (Irlanda), John Boyne (Irlanda) eta Julio Espinosa (Txile) mahaikideekin batera. Eta urriaren 20an “Bitartean heldu eskutik” liburuko pasarteak irakurriko ditu Crescent Arts Center gunean, Belfast Festival At Queen's jaialdiaren baitan.

Itzulpengintza Polonian

Bestalde, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen literatur itzulpen-lantegiak gazte literatura izango du ardatz eta Juan Kruz Igerabideren lana aukeratu dute itzultzeko. Tailerra Donostian egingo dute, irailean, eta Polonian izango du jarraipena urriaren 5an, Wroclaweko Short Story Festival jaialdiaren baitan.

Batetik, Elixabete Manterola eta Juan Kruz Igerabide EIZIEren itzulpengintzari buruzko saioko partaidetako bi izango dira, hainbat poloniar itzultzailerekin batera. Bestetik, Harkaitz Cano idazleak idazketa mintegi batean eta literatura-irakurketa batean hartuko du parte.

Cano Argentina eta Txilen

Amaitzeko, Harkaitz Cano Argentinan eta Txilen izango da, FILBA Nazioarteko Literatura Jaialdiak gonbidatuta. Irailaren 28an “Colombia en Buenos Aires” programan parte hartuko du, Eterna Cadencia aretoan, beste hainbat egileekin batera. 29an, berriz, Museo de la Lengua-n egingo den mahai-inguruan ariko da. Egun berean irakurketa bat ere eskainiko du, Emiliano Monge, Susie Asado, Inés Garland, Esther Cross eta Federico Falco idazleekin, MALBA gunean.

Horrez gain, Argentinako Euskadiko ordezkaritzako iturriek aditzera eman dutenez, irailaren 27an irakurleekin topaketa bat egingo du Argentinako Nazioko Kongresuaren Liburutegian, Buenos Aireseko "Euskal Unibertsitateak" antolatutako ekitaldien baitan.

Ondoren Txile aldera abiatuko da Cano; irailaren 30ean Santiagon izango da, hemen ere FILBA jaialdiko programaren baitan, “Melodía desencadenada” ekitaldian parte hartzeko. Lau idazle eta abeslari bat elkartuko dira bertan -Harkaitz Cano, Alvaro Bisama, Emiliano Monge, Adam Thirlwell eta Francisca Valenzuela- kantak “kontatzeko” antolatutako saioan.

Atxaga Katedra

Azkenik, aipatu aurten ere Bernardo Atxaga Katedraren eskaintza akademikoa eta programa irekia antolatu ditu New Yorken Etxepare Euskal Institutuak. Egitaraua urriaren 7tik 11era bitartean burutuko da.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia