euskal diaspora eta kultura
2013/04/08
PUBLIZITATEA
Cañuelas, Argentina. Zazpigarren urtez jarraian aurten ere ateak zabaldu dizkie Cañuelaseko Denak Bat-ek Argentina osoko hamarretik gora euskal etxetatik Aberri Eguna ospatzera bertara etorritako dantzari eta lagunei. Urtero hemen diren taldeen artean, baina, dantza talde jakin baten falta nabaria izan zen oso, urtero-urtero bertaratzen diren La Platako Euzko Etxea-ko gazteak aurten, euren hirian izandako uholde larrien ondorioz ez baitira bidaiatu. Cañuelaseko elkarretaratzeko partaideek uholdeen biktimekiko solidaritatea adierazi zuten txalo bero bat eskainiz.
Buenos Aires probintziako hiriburuko uholdeen eraginak izan ziren, halaber, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkari berri Sara Pagolak eta Cañuelasko alkate Marisa Fassi-k hizpide izan zuten gaietako bat. Izan ere, euskal ordezkari berriak Cañuelasko Aberri Eguneko ospakizuna bertatik bertara ezagutu nahi izan zuen, bisita informalean. Pagola arratsaldeko bostak aldera iritsi zen, Denak Bat euskal etxeko agintari eta lagunak agurtu eta herriko gobernuko mandatariekin bildu zen ondoren, udaletxean.
Urtero bezala, dantza emanaldia San Martin plazaan kokatutako oholtzan gauzatu zen. Dantzaldia bukatuta, erromeria euskal etxeko egoitzan izan zen. Ekitaldiari adio esateko, bazkaria partekatu zuten bildutako lagunek igande eguerdian. Hona jaialdiaren argazki erreportajea:
[Dantza erakusketa hasi aurretik, Cañuelaseko alkate Marisa Fassik Pagola Euskadiren Ordezkaria eta harekin zetorren euskal ordezkaritza errezibitu zuen Udaletxean. Bi mandatariak eta laguntzaileak La Platako egoerari buruz mintzatu ziren eta Pagolak errepikatu eta luzatu zion Fassiri Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, uholdeen berri izan eta berehala egindako laguntza eskaintza. Bestelako gaien artean, Buenos Aires probintzian garatzen ari diren txerri produkzio proiektuez ere hitz egin zen bileran. Udal hautetsi nagusiak opari batzuk eskuratu zizkion Pagolari. Bileran parte hartu zuten FEVAko batzordekide Mariángeles Oñederra, Gral. Las Herasko Zazpirak Bat euskal etxeko lehendakari Luis Echegaray eta euskal etxe anfitrioiko lehendakari Daniel Sancholuz. Marisa Fassi alkatearekin batera, honen senarra eta probintziako Nekazaritza Ministroa den Gustavo Arrieta izan zen bileran. Bere euskal jatorria harro azaldu izan duen Arrieta, Cañuelasko alkate ohia ere bada (argazkiaEuskalKultura.com)]
[Cañuelaseko Denak Bat eta Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat euskal etxeetako danborrariek eman zioten hasiera ikuskizunari. Haiekin Donostiako doinuak Cañuelaseko Aberri Egunera iritsi ziren (argazkia EuskalKultura.com)]
[Cañuelasekoak izan ziren tauletara atera ziren lehengo dantzariak. Txikien ohiko xarma lagun, Denak Bat-eko neskatoek ‘Saskito Dantza’ dantzatu zute (argazkia EuskalKultura.com)]
[Txikien txanda bukaturik, Gral. Las Heraseko gazteena heldu zen. Zazpirak Bat-eko dantzariek ‘Arkuak lurrean’ egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[Jarraian, Cañuelaseko dantzari helduen txanda, ‘Idiazabalgo Arkuak’ egiteko (argazkia EuskalKultura.com)]
[Maipuko Anaitasuna Euskal Etxeko taldea bitan igo zen agertokira. Lehenengo agerraldian ‘Kuadrille’ egin zuten neskek (argazkia EuskalKultura.com)]
[Galera handia izan zuen joan den astean Gral. Rodriguezko Eusko Aterpeak Gabriela E. Itcea etxeko bazkide, langile eta lagun mina hil baitzen. Haren familiak hala eskaturik, erakundeko dantzariak topaketara etorri ziren. ‘Imotz’ dantza egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[VII. Dantzari Topaketa honetara Lomas de Zamorako euskal etxeak ere bidali zituen ordezkariak. Denak Bat-eko gazteek ‘Arku mistoak’ dantzatu zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[700 kilometrotik gora egin zituzten Villa Mariako Eusko Etxea-ko dantzariek, Cordoba probintzian, Topaketan egote aldera. Baina aurtengo Euskal Astea antolatzen ari diren lagunek erabat animatuta daude eta distantzia ez zen oztopo izan. Larunbateko emanaldian ‘Belardi’ egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[Urtero bezala, aurten ere pasatu dira Aitor Alavak zuzentzen duen Ekin Dantzari Taldeko lagunak Cañuelaseko Aberri Eguneko tauletatik. ‘Jausi’ egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko dantzariak ere izan ziren VII. Dantzarien Topaketaren partaide. Eta ‘Azkoitia’ izan zen aurkeztu zuten dantza (argazkia EuskalKultura.com)]
[Cordobatik, baina hiriburutik, iritsi zen beste dantza talde bat Cañuelaseko jaira. Eusko Txokoa euskal etxeko gazteek ‘Urratzak’ egin zuten (argazkia EuskalKultura.com)]
[Alai, koloretsu eta xelebreak. Horrelakoak izan ziren ‘Lantzeko Inauteriak’ dantzatzeko rosariotarrek hautatutako jantziak (argazkia EuskalKultura.com)]
[Hiru Errekako neskenak, ordea, beltz-beltzak izan ziren. Arrazoia? ‘Sorginak’ dantzatu zutela (argazkia EuskalKultura.com)]
[Maipuko dantzariak bitan igo ziren tauletara. 30 kiderekin ‘Arku Mistoak’ egin zuen taldeak bigarren agerraldian (argazkia EuskalKultura.com)]
[Ikuskizunari amaiera emateko, ‘Fandango’ eta ‘Arin-Arin’ dantzatu zuten Cañuelasko Denak Bat-eko neskek (argazkia EuskalKultura.com)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus