euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Emakumeen Eguneko ospakizuna eta otsaileko ekintzen berri Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxetik

2012/03/09

Otsailaren 25ean eskuratu zitzaizkien materialak Eskola Kontseiluko Maximiliano Rodriguez-i eta Lorenza Marquez-i (argazkia EE)
Otsailaren 25ean eskuratu zitzaizkien materialak Eskola Kontseiluko Maximiliano Rodriguez-i eta Lorenza Marquez-i (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo mundu osoan eta hedabideak, gizarte sareak eta hainbat erakunde emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapenak egiteko bitarteko bihurtu ziren. Euskal etxeek ere zeresan handia dute arlo honetan, eta karia horretara emakumeen omenezko ekintzak gauzatuko dituzte asteburu honetan euskal instituzio batzuetan, Chascomusekoan kasu. Emakume guztiak, baina bereziki euskal etxeari ekarpen handia egindakoak, gogoan izango dituzte herri honetako euskal etxeko kideek. Zingirako Euskaldunak-eko 'alkate' izan zirenei omenaldi bat egingo zaie bihar, arratsaldeko 7etan, erakundearen egoitzan. Ekimen honekin, urtarrilean hasitako ekimen-zerrenda luzea betetzen jarraitzen dute euskal etxeko arduradunek.

Chascomus, Argentina. Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, ekitaldi berezia egingo da bihar Chascomuseko euskal etxearen egoitzan bertoko alkate izan ziren emakumeak omentzeko.  Hona sarituak: Perla Goñi, Maria Milagros Irulegui de Jaurena, Florencia Otondo de Verbic (post-mortem), Paula Urtea de Barthe Placenave (post-mortem), Delia Irulegui de Martínez, Adela Mendiburu de Bigatti, Graciela Pecotche de Urrutibeheity eta Delia Heguiabehere de Lahurnagaray (post-mortem). Zeremonia bihar, martxoaren 10ean, izango da, iluntzeko 7etan.

Ekitaldi egitarauari jarraituz, eta herriko "Domingo F. Sarmiento" liburutegiaren 140. urtemugaren baitan, euskal etxeak proposatutako film bat botako da liburutegiak antolatutako zine-zikloan. Martxoaren 17an, Tasio pelikula eskainiko da eta ondoren debatea proposatuko, Patxi Bisquert filmaren protagonista bertan dela. Cesar Arrondo irakasleak izango du euskal zinemagintzako izenburu klasiko honen testuinguru historikoa azaltzeko ardura. Hitzordua, iluntzeko 8etan, Club Social-en.

Martxoan ere, erakundeko barruko Mus Txapelketa burutuko da Zingirako Euskaldunak-en. Ostiralez, 23an, gaueko 9etan bilduko dira muslariak, Argentinako Mus Txapelketan erakundea zein bikotek ordezkatu duen zehazten hasteko. Gogora dezagun aurreko hitzorduko irabazleak Juan Miguel Arraras eta Daniel Etchepare (semea) izan zirela.

Ohiko Batzar Nagusia eta otsaileko aktibitateak

Martxoaren 24an elkartearen egoitzan erakundearen Ohiko Batzar Nagusia egingo da. Bilera iluntzeko 7etan hasiko da —quoruma lortu ezean, 8etan— eta iazko txostena eta balantzea aurkeztuko dira kideek hala erabakitzen badute onar ditzaten.

Pasa den otsaileko ekintzei dagokienez, euskal etxeko arduradunek jakinarazi dute —eta EuskalKultura.com-ek artikulu osoa eman zuen argitara horretaz— Zingirako Euskaldunak-eko pilotariek parte hartu zutela Rio Cuartoko Euskal Etxeak Imanol Bilbaoren omenez antolatutako Pilota Txapelketan.

Otsailaren 4ean, berriz, Museo Pampeano-k gonbidaturik, euskal etxeko ordezkaritza batek stand bat muntatu zuen “Aromas y Sabores en el Museo Pampeano” delako jaialdian. Euskal txokoan pintxoak eta oilaskoa saltsan eskaini zitzaizkien bisitariei.

Ikasturte hasierari begira, 2012 honetan ere eskolako material bilketa antolatu zuten Chascomuseko euskaldunek. Herri osoari luzatu zitzaion materialak bildu eta euskal etxera eramateko gonbitea eta ohi bezala erantzun ezin hobea izan zuten Zingirako Euskaldunak-eko kideek. Bilketa amaitzean, otsailaren 25ean hain zuzen, euskal erakundeko lehendakari Pedro Mauregui Larrandak Eskola Kontseiluko Maximiliano Rodriguez eta Lorenza Marquez arduradunei eskuratu zien.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia