euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Buenos Aires-ek bertako euskaldunez kaleratutako liburua aurkeztuko da gaur eta aste honetan Euskal Herrian

2014/01/21

Euskaldunak Buenos Airesen liburuaren azala
Euskaldunak Buenos Airesen liburuaren azala

PUBLIZITATEA

'Vascos en Buenos Aires' (Euskaldunak Buenos Airesen) gaur arratsaldean aurkeztuko da Baionan, bihar asteazkena Donostian eta etzi, urtarrilaren 23a, Bilbon. Buenos Aires Hiriak abenduan argitara emana, liburua aurkezteko propio etorriak dira argentinar hiriburutik, Buenos Aires Hiri Autonomoko Giza Eskubide eta Kultura Aniztasun idazkariorde Claudio Avruj eta Eusko Jaurlaritzaren Argentina-Mercosur-erako ordezkari Sara Pagola. Eurak, Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejorekin batera, gauzatuko dute aurkezpena.

Baiona, Lapurdi. Gaurko ekitaldia, Baionako Euskal Erakustokian egingo da, arratsaldeko seietan; biharkoa, berriz, Donostiako San Telmo Museoan, arratsaldeko zazpietan; eta etzi urtarrilaren 23koa, Bilbon, bertako Itsasadarraren Itsas Museoan arratsaldeko zazpietan baita ere. Azken honetan partaide izango da Eusko Jaurlaritzako eledun eta Justizia eta Herri Administazio sailburu den Josu Erkoreka.

Iragan azaroan EuskalKultura.com-ek aurreratu zuenez, Euskaldunak Buenos Airesen Buenos Aires Hiriak argitara emandako bilduma bateko bosgarren izenburua da, Hiriko parte diren eta bertako iragan eta egungotasunari ekarria egin dioten eta egiten dioten beste hainbeste komunitate ardatz harturik. Aurrekoak, japoniar eta italiarrei eskaini zitzaizkien, eta bi ale berezi genozidio judutar eta armeniarrari buruzkoak izan dira.

Honako atalek osatzen dute liburua:

-“Introducción" (Sarrera)
-“El País Vasco" (Euskal Herria)
-“Breve historia del País Vasco" (Euskal Herriaren historia laburra)
-“Un país moderno y pujante de una cultura milenaria y de vanguardia (Antzinako eta abangoardiako kultura duen herrialde moderno eta ekimentsua)
-“Migración vasca en Buenos Aires" (Euskal migrazioa Buenos Airesen)
-“Los vascos en la vida religiosa de Buenos Aires" (Euskaldunak Buenos Aireseko erlijio-bizitzan)
-“La presencia vasca en el barrio de Almagro" (Euskaldunen presentzia Almagro auzoan)
-“Las instituciones vascas en Buenos Aires" (Euskal erakundeak Buenos Airesen)

eta honakoen hitzaurre eta agurrak biltzen ditu: Hiriko Gobernuko Idazkaritzako Harreman Instituzionaleko Zuzendari Claudio Avruj; Hiriko Gizataldeen Arloko koordinatzaile Julio Crocik; Iñigo Urkullu Lehendakaria; eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkaria.

Aipatutako erakundeez gain, hiriburuko euskal elkarte eta erakunde hauen partaidetza bildu du:

-Lagun Onak Koru Elkartea
-Denak Bat Kultur Elkartea
-Laurak Bat Euskal Etxea
-Centro Vasco Francés - Iparraldeko Euskal Etxea
-Gure Echea Euskal Argentinar Kluba
-Ekin Euskal Argitaletxea
-Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea 
-Euskaltzaleak
-Eusko Kultur Etxea-Eusketxe
-FEVA
-Juan de Garay Fundazioa

Liburuaren aurreneko aurkezpena abenduan egin zen Buenos Aires hirian ENE Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien barnean.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia