euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berlingo Euskal Etxeak Euskal Zinemaldi bat egingo du urriaren 30etik azaroaren 3ra

2012/09/28

Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri dute "Zuloak" dokumentala Fermin Muguruza zuzendariak eta Zuloak taldeko kide ohiek (argazkia sansebastianfilmfestival.com)
Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri dute "Zuloak" dokumentala Fermin Muguruza zuzendariak eta Zuloak taldeko kide ohiek (argazkia sansebastianfilmfestival.com)

PUBLIZITATEA

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari ekitaldi bereziak antolatzen ari da aurten Berlingo Euskal Etxea eta ekitaldi horietako bat da urriaren 30ean abiatuko den Euskal Zinemaldia. Euskal elkarteak tamaina honetako egitasmoa burutzen duen lehen aldia izango da eta egitarau zabala prestatzen ari da. Behin-behineko programaren barruan Alemaniako hiriburuan ikusgai izango dira besteak beste "Bertsolari" eta "Zuloak" dokumentalak, "Izarren Argia" luzemetraia eta "Gartxot" animazio-filma, besteak beste.

Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeari esker euskal zinema ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan, euskaraz, Alemaniako hiriburuan. Euskal etxea Gernika Kulturverein izeneko taldetik sortua da eta, talde honen helburuari jarraiki, Gernikaren eta Berlinen arteko zubiak eraikitzen dihardu. Aurten, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari, zinemaldi berezi hau antolatu du, besteak beste.

Behin-behineko programaren arabera emanaldiak Kreuzberg auzoko Moviement Kino zineman egingo dira eta urriaren 30ean hasiko dira, "Izarren argia" luzemetraiarekin. Filme honetan 36ko gerraren ostean Saturraran hondartzako gartzelan espetxeratu zituzten emakume errepublikarren istorioa kontatzen da, emakume hauek jasan behar izan zituzten tratu txarrak salatuz. Filmearen garaia ulertzen laguntzeko, hitzaldia emango du Josean Fernandezek, Euskadiko Filmategiko zuzendariak. Fernandezek Espainiako Guda Zibilak Euskal Herrian izan zuen eragina, eta euskal zinemak nola isladatu duen gertakari historikoa azalduko ditu (izan ere, gogoratu urriko lehenengo hamabostaldian gai honixe buruzko jardunaldiak antolatu dituela Josean Fernandezek berak, CUNY Unibertsitateko Bernardo Atxaga katedratik, New Yorken).

Bertsolariak eta zuloak

Biharamunean, urriaren 31an, Asier Altuna zuzendariaren "Bertsolari" dokumentala izango da ikusgai. Zuzendaria bertan izango da, filmea aurkeztu eta ikusleen galderei erantzuteko. Azaroaren 1ean hamar euskal laburmetrairen emanaldia egingo da eta ikusleek Josean Fernandez Filmategiko zuzendariarekin euskal zinemari buruzko solasaldia egin ahal izango dute.

Azaroaren 2an "Zuloak" dokumentala izango da ikusgai. Aurtengo Donostiako Zinemaldian aurkeztu berria da Fermin Muguruza musikariaren dokumental hau eta zuzendaria bera Berlinen izango da ikusleekin lanari buruz solasteko. "Zuloak"-ek euskal musika munduan hautsak harrotu zituen izen bereko riot-girls taldearen ibilbide laburra azaltzen du, ustez, geroago azaldu baitute taldea filmea grabatu ahal izateko muntatua izan zela, emaitza zinez interesgarria lortuz.

Bukatzeko, azaroaren 3an "Gartxot" animazio filma izango da ikusgai. 

-Informazio gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia