euskal diaspora eta kultura
2013/02/05
PUBLIZITATEA
Salt Lake City, Estatu Batuak. NABOren 'negu/eguberriko bilkura' goizeko zortzietatik eguerdia pasatxo izan arte garatu zen joan den larunbatean Salt Lake Cityko St Ambros Parrokiako Vaughan Center-en, Utah-ko Euskal Etxea antolatzaile. Izan ere, bilkurak bat egin zuen egunean Utah Basque Club-ek urtero antolatzen duen Annual Basque Dinner & Dance ekitaldiarekin, eta bilkura bukatutakoan NABOko partaideek bat egin ahal izan zuten bertako euskal etxeak arrakasta handiz antolatzen duen ekimen diru-ekarle honekin, hamaikatxo amerikar ez-euskaldun erakartzen dituen ikuskizun eta jai-egun hau festa polita izatearekin batera bertako elkarte euskaldunak bere aurrekontuaren finantziabide duen iturri garrantzitsuenetakoa baita.
Estatu Batuetako eta Kanadako 31 euskal etxeren ordezkaritza bildu zuen NABO bilkurak, izan ere 29 Estatu Batuetako gehi British Columbiako (Vancouver) Zazpiak Bat eta Quebec-eko Euskaldunak (Montreal). Aski partaidetza portzentaia altua. Gonbidatu berezi gisa, bildutakoek Asier Vallejo Itsaso errezibitu zuten, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendari berria, duela hiru aste eskas izendatua izan ondoren atzerriko euskal komunitateak bisitatzeko egiten zuen lehenengo bidaian. Vallejorekin batera, bere bulegoko Benan Oregi teknikariak eta New Yorkeko Euskadiren Ordezkaritzako kide Noemi Gonzalo-Bilbao teknikariak osatu zuten Jaurlaritzaren presentzia bilkura.
NABOko lehendakari Valerie Arrechea buru egin zen bilkura, harekin batera lehendakaritza mahaian Mary Gaztambide lehendakariordea, Kate Camino sustatzailea eta Grace Mainvil diruzaina eseri zirela, Asier Vallejo gonbidatuareklin batera. Oroitu behar da Kate Caminok lehenengo bilkura zuela Salt Lake-koa sustatzaile gisa, karguaren lekukoa urtarrilaren 1ean jaso ondoren John Ysursarengandik. NABOko idazkari Marisa Espinal-ek ezin izan zuen bidaiatu bertara, eta hala adierazi zion Arrechea lehendakariari.
Bilkura hasieran Valerie Arrecheak Asier Vallejo agurtu eta ongi-etorria eman zion. Vallejok bere buruaren berri eman eta bertaratutakoak agurtu zituen Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Urkullu lehendakariak propio Diasporako euskaldunei bezperan zabaldutako agiria irakurri zien.
Bileraren gai zerrenda zabala izan zen eta hizpide hartu zituen, besteak beste, kontu ekonomikoak, Grace Meinvil diruzainaren eskutik, eta beste hainbat atal, tartean NABOren euskara eskolak eta Unibertsitateetako klaseak, egutegia, Oral History programa, pilota, Udaleku, Gaztemundu, musa, musika, dantza, 'Hi kantari' kantu-liburua (mila aleko argitaraldi berria egin dio NABOk), euskal unibertsitate-ikasketak, euskal artisten bisitak Ipar Ameriketara, NABOren Astero buletina...
Bestelako aurkezpenak ere egin ziren, hala nola, EuskalKultura.com-ek, Joseba Etxarriren eskutik, baita Montrealen egoitza duen Quebec-eko Euskaldunak elkarteak eta Denverren egoitza duen Coloradoko Euskal Etxeak. Bildutakoei gogoratu zitzaien NABOk bere 40. urteurrena beteko duela aurten, eta ospatu ere aurten Elkon (Nevada) --bigarren urtez segidan-- egingo duen bere Biltzar Nagusian --Convention delakoan-- ospatuko duela uztail hasieran. Eta aipatu zen baita ere aurten, Estatu Batuetako euskal etxe zaharrenak, New Yorkeko Eusko Etxeak, ospatuko duen Mendeurrena, urriaren 12aren inguruan prestatzen ari den egitarau bereziarekin.
Bilera eguerdiko hamabiak eta minutu batzuk geroago bukatu zen, senidetasun bazkari bati ekiteko gero arratsalde-gau partean Utah-ko Euskal Etxeak bere Basque Dinner & Dance ekitaldia egingo zuen areto handi berean, bertako klubeko sukaldariak bi ekitaldietan sukaldeko ugazaba. Eguna iluntzen joan ahala festa ekitaldi jende-biltzaile horretako partaideak iristen joan ziren, euskal musika, dantzak eta janaria lagun afaltzeko eta afaldu ostean Jean Flesher-en bandaren erritmoekin hezurrak higitu eta areto eta euskal dantzak egiteko.
Igande goizean, ostera, bertako martxa hobeto ezagutzen zutenentzako hitzordua zegoen ezarrita, Jean eta Mary Gaztambide-ren etxean --aire librean zein barruan--, hor ere lagun giroa eta euskal musika, janaria eta, esaterako, mus partidak ere lagun, askoz lasaiago, batez ere Utah-ko euskal etxeko kideei zegokienez, atzean utzia baitzen, arrakastaz gainera, Basque Dinner & Dance-ren edizio berri bat. Zorionak!
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus