euskal diaspora eta kultura
2013/09/24
PUBLIZITATEA
Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Kaliforniako South San Frantziskorekin senidetua den Donibane Garazik bere berezko parte eta osagai dituen jantzi euskal-amerikar ederrenak soineratu eta gisa horretan hasi zuen bere biztanleetako askorentzat oso egun berezia izan zen iragan larunbata, artzain amerikanoen besta, lagunekin biltzeko eta lagun zaharrak agurtzeko eguna, eta aldi berean euskal-amerikar egitatea, Euskal Herriak AEBekin duen lotura eta mundu konpartitu hori aldarrikatzeko urteko egun berezia.
Seiehun bat jende bildu ziren --gehienbat Nafarroaren bi aldeetatik etorriak-- Laura Igantzi lesakar kaliforniarra buru duen Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak aurten zortzigarren aldiz eginiko deiari erantzunez. Aurtengo deia, gainera, elkarte horrek lehen aldiz Kaliforniara artzain ohiekin eginiko bidaia bukatu berritan izan da. Laurak berak EuskalKultura.com-i duela egun batzuk aitortutakoa --bidaia zinez hunkigarria eta ahaztezina izan zela-- agerian geratu zen larunbatean bidaia bereko partaide izandakoen begi eta aurpegien esanetan, hitzez azaldu ezin diren sentipenak bizi izan baitzituzten Kalifornian egin zieten harrera ezinhobe horietan eta soilik sakon errotu eta konpartutako sentipen eta gogoa daukatenen artean konpreni daitezkeen besarkada eta atxikimenduetan. Bidaia hori elikagarri izan zen joan zirenentzat eta han errezibimendugile izan zirenentzat ere. Eta solasgai, hunkigarri baita ere, izan zen larunbatean Donibanen.
[Eguna Donibane Garaziko merkatuaren lekuan hasi zen, hamarretakoatekin. Goizeko hamarrak aitzin jendea biltzen hasi zen eta xingarra eta gasna eskuetan aspaldi ikusi gabeak ikusi zuten elkar eta garai bateko eta egungo kontu zahar eta berriak astindu zituzten, umore ona eta barne kitzika nagusi (foto EuskalKultura.com)]
[Bixigarri dezente zeukan salda edo zopa hamarretakoaren osagai izan zen. San Frantziskon luzaz bizi izan zen Henri Oçafrain-ek maite ukan zuen, argazkiak erakusten duenez. Oçafrain anai-arrebak Euskal Herrian eta Ameriketan bizi dira, eta Oçafraindarren bilkura ere izan zen Donibaneko elkarretaratze hau. Hamarretakoa estakuru ona izan zen eguna lagunekin bildurik hasteko (argazkia EuskalKultura.com)]
[Lagun zaharrak aspaldiko partez ikusten. Halaxe gertatu zitzaion, esaterako, argazkian ezkerrean agertzen den Denis Camino arnegitarrari. Aspaldi joan zen bera, lehenik Kaliforniara eta gero Wyoming-eko Buffalora eta han bizi da egun. Lehen aldikoz hartzen zuen parte honeko elkarretaratze batean eta guhaur izan ginen lekuko Arnegi bereko eta Lasako haur denborako lagunek Denis errekonoziturik izan zuten emozioaz (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bazkaldu aurretik, aizkolariak, enbor mozketa zerraz eta herri kirolak izan ziren Donibaneko Jai-Alai aurrean. Baita bertso eta kantuak ere. Omenaldi berezia egin zitzaion, eta opari bat eman, Urepelgo Txomin Arranbideri, Ameriketan sortua, bilkuran zen zaharrena, bere 91 urtetan. Zerraz enbor batean eginiko zizelketa lana oparitu zioten (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bazkal aurretik kanpoan aritu ziren kantarien artean, gehientsuak bertakoak, baina baziren bi Kaliforniatik etorriak: argazkian diren Maitexa eta Mattin Etchamendy, Bakersfield-en bizi direnak. Baztandarra eta garaztarra, euskal-amerikar familia bateko aitatxi-amatxi dira Maitexa eta Mattin. Kantuz ibili zirenen artean Mattin anaia Eñaut ere aipa daiteke, Xalbador eta Ihidoy, eta Eider eta Gorka Zabaleta, Oiartzundik inguratutako bi kantari gazte, besteak beste (argazkia EuskalKultura.com)]
[Eta arratsaldeko ordu biak pasaturik, Donibaneko Jai-Alaia jendez bete zuen bazkariaren tenorea. Alimaleko giro onean, Donibaneko ikastolakoen eskutik, bertako mozkinek osatu zuten menua: amuarraina, bildotsa eta sagar-tarta (argazkia EuskalKultura.com)]
[Bazkalostea arratsaldeko zazpiak inguru arte luzatu zen, zozketak, kantuak, solasak eta batasuna lagun. Euskararekin batera, espainola eta frantsesa ere entzun ziren, partaideetako asko Nafarroatik etorritako euskararik gabeko artzain ohiak zirelarik. Datorren urtekoari buruz, Bardeetan egiteko ideia dabil airean, gauzak oraindik ere zehazteke]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus