euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Artzainak berriz ere Ameriketan: "Ez dugu hau sekula ahaztuko"

2013/09/16

Euskal Artzainak San Frantziskoko euskal etxeko frontoian (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)
Euskal Artzainak San Frantziskoko euskal etxeko frontoian (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)

PUBLIZITATEA

Duela 50 urte Ameriketara artzain lan egitera joan ziren, eta han urte latzak pasa ostean Euskal Herrira itzuli behar izan zuten, lankideak eta lagunak han utzita. Aurten, irailaren hasieran 40 bat lagunek aspaldiko ametsa bete eta Kaliforniara itzuli ziren, euren emazte eta seme-alabek lagunduta, han bizitakoak gogoratzeko eta hango lagunak agurtzeko. Esperientzia hunkigarria eta gogoangarria izan da, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko Laura Igantzik EuskalKultura.com-i azaldu dionez. "Ez dakizue zer den hau guretzat", esaten ziguten, negar malkotan, bai artzainek eta baita hango euskaldun askok ere.

Lesaka, Nafarroa. AEBetatik itzuli berriak dira Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko 84 kide, hainbat egunez Kalifornian barrena bidaia egin eta gero. Aspaldiko ametsa zen bidaia hau elkarteko kide askorentzat, baina, adinean aurrera joan ahala, hori betetzeko itxaropena gero eta urrunago ikusten zuten. Baina elkarteak bidaia antolatzeko aukera proposatu zuenean, zalantzarik gabe animatu ziren asko eta asko.

Bidaian 40 bat artzainek eta euren emazte eta seme alabek parte hartu zuten. Esperientzia hunkigarria izan da, bai eurentzat baita senitartekoentzat ere. Malko eta negar asko izan dira bidaian, emozioz beteriko elkarretaratzetan, kontatzen digu Igantzik. "Han dauden euskaldunak ere askotan negarrez etortzen zitzaizkigun", agertzen du. "Ez dira gutaz ahaztu, esaten ziguten hangoek ere, negarrez, eta nik ezin gehiago galdetu, hunkituta".

Euskal Artzainak Ameriketan Chino Etxegarai

[Etxegaraitar anai arrebak, bizitzan aurreneko aldiz bostak elkarrekin Chinon, Kalifornian. Beraiekin da Julian Iantzi aurkezlea, bera ere artzain baten semea. Iantzi bidaian izan zen esperientziari buruzko dokumentala egiten (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)]

Harrera bikaina

Laura Igantzi bidaiaren antolatzaileetako bat izan da, Angie Otxandorenarekin batera. Lauraren aita artzaina zen eta Angie Chinon jaioa da, egun Donezteben bizi bada ere. "Angieren kontaktuei esker hartu gaituzte Kaliforniako euskal etxeetan eta arrantxuetan", azaltzen du Igantzik. Bidaia abuztuaren 31n hasi zen eta Chinon, Bakersfielden, Fresnon eta San Frantziskon izan dira artzainak, besteak beste.

Fresnon Antonio Camposen arrantxuan izan ziren eta barbakoa batekin egin zieten ongi etorria. Camposen laguntzari esker Renoko Unibertsitateak artzain hauen esperientziari buruzko tesi bat egiten ari den ikerlari bati sostengu ekonomikoa emateko beka sortu du.

Elkarreratze ahaztezinak

"Ikusgarria izan zen Chinora heldu ginenekoa, Euskal Etxearen festa zen eta meza hasita heldu ginen. Hara sartu eta han zeudenek buelta eman eta lokalizatu zuten zeinekin hitz egin nahi zuten. Meza amaitu eta zuzenean etorri zitzaizkigun, denak negarrez", gogoratu du Laurak. AEBetako euskal komunitatea jakinaren gainean zegoen, eta irrikaz zeuden artzainei ongi etorria egiteko.

Euskal Artzainak Ameriketan Chino Piknik

[Euskal Artzainak, zapi urdinarekin, Chino Euskal Etxearen festaz gozatzen (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)]

"Gure artzain nagusienak, Jose Aguasek, 80 urte ditu. Fresnon orain 30 urte bere nagusia izan zena agertu zitzaigun, seme-alabekin etorri zen beste hiri batetik Joseri agur esatera", kontatzen du Laurak. "Baina zuk zer irudi utzi duzu hemen?, galdetzen nion nik Joseri". Horrelako elkarretaratze asko izan dira bidaian, adierazten dute antolatzaileek.

Euskal Artzainak Ameriketan Erro Gragirena Vidaurreta

[Erroko artzain hauek agurtzera joan zen Chinora Bakersfieldeko Melchor Gragirena, euren nagusia izandakoa, eta baita euren kanperoa zen Vidaurreta ere (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)]

Artzainak, gaztetuta

Artzainak adinean aurrera joan arren, ederki moldatu dira bidaian. "Laura, gaztetu egin naiz, esan zidan batek", gogoratzen du Igantzik. "Eta beste baten alabak esan zidan bidaian pastilarik hartu beharrik ez zuela izan bere aitak".

Urtetan Kaliforniako mendietan artaldeak zaintzen lan gogorra egiten ohituta, lezio bat baino gehiago eman omen zieten artzainek taldeko gazteei. "Autobusean ibiltzen ginen batetik bestera eta autobusera igotzeko bederatzietan gelditzen baginen ere, zortzietako denak ziren prest atean zain, eguna hasteko irrikaz", gogoratzen du Laurak barrezka. "Han bizi izan duguna ez da diruarekin ordaintzen. Beste zortzi egun gehiago gelditzerik izango genuke?, galdetzen zidaten".

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia