euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dakar-eko ibilbide osoa bete zuen Txomin Arana pilotoak Rosarioko EEa bisitatu zuen lasterketa aurretik

2014/02/04

Txomin Arana Valparaisoko helmugan (argazkia TA)
Txomin Arana Valparaisoko helmugan (argazkia TA)

PUBLIZITATEA

Santa Fe probintzia argentinarreko Rosario hiria izan da iragan urtarrilean aurtengo Dakar lasterketaren abiapuntua. Bi astez luzatu den lehiaketa Boliviatik ere pasatu zen eta Txileko Valparaison bukatu. Kostaldeko herri horretan igo ziren irabazleak podiumera ongi merezitako garaikurrak jasotzera. Proba hasi aurretik, eta Rosarioko euskal etxetik adierazi digutenez, Txomin Arana moto gidari bizkaitarra Zazpirak Bat-eko kideekin elkartu zen, Argentinako erreki tipiko bat dastaturik.

Rosario, Argentina. 1979. urtetik egiten den Dakar (lehen Paris-Dakar) rallya Hego Amerikara iritsi zen 2009an. Kokapen berriarekin batera, paisaia zoragarriak eta baita arrisku handiko ibilbideak ere proposatzen zaizkie hemen ere partaideei. Berrehun bat gidarik hartzen dute parte proban, hainbat herritatik etorritakoak eta lau modalitatetan (auto, kamioi, moto eta kuadrizikloak) banatuta.

Aurtengoan, urtarrilaren 4an hasita, betiko arrakastarekin garatu zen txapelketa bi astetan zehar. Urtarrilaren 18an, Valparaisoko helmuga txiletarrera iritsi ziren korrikalariak, tartean Txomin Arana moto gidari bizkaitarra (Ereño, 1985). Arana ‘enduro’ moto kategoriako Euskal Herriko ordezkari bakarra izan da eta hori dela eta, lasterketa hasi aurretik harrera berezia egin zioten Rosarion bertoko euskaldunen ondorengoek. Zazpirak Bat euskal etxeko lagunek ‘erreki’ tipiko bat prestatu eta 'Euskaldun Hitza' (Palabra de Vasco) irrtsaioko Luis Maria Barrandeguyk eta Cristina Aguirrek elkarrizketatu zuten kirolari gaztea (elkarrizketa hemen).

Txomin Arana 2014 01

[Euskaldun Hitza irratsaioko Cristina Aguirre eta Luis Maria Barrandeguy Txomin Aranarekin (argazkiaEE)]

Irratsaioko arduradunek adierazi bezala, “Hurbil-hurbiletik jarraitu genuen Rosario hiriko eta inguruko euskal gizataldearen kideok Txomin Arana Cobeaga-ren partaidetza aurtengo Dakarrean. Eta berak ere, nahiz eta denboraren aldetik oso larri ibili, taldeko beste batzuekin batera –Roberto mekanikaria eta Juanjo Bilbao, Gernika Off-Road klubeko arduraduna- gurekin eklkartzeko ahala egin zuen. Lasterketaren aurreko gauean euskal etxera etorri zen gurekin afaltzera, erlojuaren kontrako bisita batean, hurrengo egunean, goizeko 4:30etan atera behar baitzuen San Luisera, lasterketaren lehenengo zatia burutzeko. Ziur gaude Txominekin abiatu genuen kontaktua denboran luzatuko den harremana izango dela. Gisa honetako euskaldunek gure babesa izango dute beti, emaitzak edozein izanik ere”, segurtatu dute.

Txomin Arana 2014 02 

[Dakarreko zailtasun guztiak gainditu zituen moto gidari ereñarrak bere lehenengo esperientzia honetan (argazkia TA)]

Gogora dezagun Txomin Arana Gernika Off-Road Klubeko kidea dela eta 2014koa bere lehenengo esperientzia izan dela aurretik ere euskal partaidetik izan duen rally honetan. 174. zenbakia zeraman Yamaha bere motorrean, Arana 56. postuan sailkatu zen, Dakar bete duen lehenengo bizkaitarra bihurtuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia