euskal diaspora eta kultura
2015/02/21 - New York, AEB
1933 - 2015
2015eko otsailaren 21ean hil da New Yorken Zachary Berhau, Etxeorratzen Hirian jaioa, newyorktarra, euskal jatorrikoa eta bere euskaltasunaz harro zegoen pertsona, bere bizitza osoan zehar Eusko Etxea of New York-eko (EENY) kide eta partaide izandakoa. Besteak beste EENYeko lehendakari eta lehendakariorde izan zen, eta baita idazkari eta diruzain ere, azken postu honetan 2012 urtera arte.
Bere aitatxi (aitona) lapurtarrak Euskal Herritik Uruguaira emigratu zuen XIX. mende amaiera aldean, eta 1906an bere familia Uruguaitik New Yorkera mugitu zen. Hemen hazi zen bere aita eta hementxe jaioko zen bera ere, 1933ko abenduaren 11ean. Zachary newyorktarra zen goitik behera... eta euskalduna, harrokeriarik gabe agertzen zuenez. Bere aitaren eskutik sartu zen hiriko Eusko Etxean. The Basque edo El Vasco esaten zioten bere aitari, hura dantzalea zen oso eta oso ongi dantzatzen omen zuen, besteak beste tangoa. Txurroak egiten atera zuen aurrera familia New Yorken. Zacharyri gustatzen zitzaion bere aitaren istorioak kontatzea. 2005etik 2012ra New Yorkeko Eusko Etxeko lehendakari izandako Itziar Albisu Kobayashi ongi gogoratzen da horretaz eta nola behin, aita gogoan, "Zacharyk frigitzeko makina bat erosi zuen, euskal etxera eraman eta txurroak egin zituen guztientzat".
Milurtea, bera elkarteko lehendakari zela aldatu zen EENYn. 2003an euskal etxeko lehendakaritzan txanda hartu zion Koitz Foncillas-i honako irudia datorkio burura Zachary aipatutakoan: "Urtero Aberri Egunean --Aberri Eguna da Eusko Etxeak ospatzen duen festa behinena-- Zachary txurigorriz jantzita etorri ohi zen Eusko Etxera, txapela buruan eta EENYeko logoa, Euskal Herriko mapa Dorre Bizkiekin, josita zeukan poloa soinean. Sarrerako mahaian jartzen zen eta bazkide eta lagunei zegokiena kobratzen zien, 'dues'ak batzen zituen, eta ondoren barrara joaten zen, zerbitzatzen laguntzera".
EuskalKultura.com-ekin solasean, Foncillasek gogoan dauka oso Zachary, lehendakari zeneko garaian, "mailutxo batekin mahai gainean joz, jendeari ordena eskatzen". "2003an lehendakari gisa haren ordea hartu nuenean egurrezko mailu hura eman zidan (auzitegietan erabiltzen dituzten bezalakoa zen) . Ilusio handia egin zidan, eta sekula erabili ez banuen ere, etxean daukat gordeta". "Oroitzen dudan bere beste keinu edo jarrera bat Irailaren 11 eta gero EENYan egin zen diru-bilketa da. Jasotakoaren erdia kalteak jasan zituzten gure bazkideentzako erabili genuen eta beste erdia auzoko suhiltzaileei eman genien. Izan ere, oso ekitaldi ederra egin genuen horretarako, Zacharyk antolatua, Eusko Etxean, bigarren solairuko aretoan, bertara suhiltzaileen ordezkaritza bat gonbidatuta, bertan txekea emateko".
Galdera luzatu diegun pertsonen artean zenbait ados egon dira "izaera gogorreko pertsona" izan zitekeela esaterakoan. "Oso kaskagorra zen eta batzuetan tankeraz ere gogorra izan zitekeen, baina aldi berean noblea zen oso, garai bateko moldeko euskaldunen gisa, finean". Eusko Etxearekiko bere dedikazio eta lan eskergaz EuskalKultura.com-eko zuzendari Joseba Etxarri ere mintzatu zaigu, urteetan zehar berarekin izandako harremanen ondorio. "Euskaldunon askoren ezaugarri diren birtute eta akatsen jabe zen. Bereziki atxikia zegoen bere erroei eta maitasun berezia zion Eusko Etxeari: etxeko historikoetakoa zen. Lankide izan genuen eta behar izan genuen guztietan lagundu izan zigun", adierazi du.
Ia azkeneraino segitu izan du klaseak ematen Unibertsitatean eta gisa bera zuzentzen zuen aseguru negozioko buru. Azkenaldian erretiratuago ibili zen, zeukan diabeteari prostatako minbizia emendatu baitzitzaion. Makulu batek lagunduta, ahal izan zuen bitartean hartu zuen parte euskal etxeko ekitaldietan. Euskal elkartearen Mendeurrena zela-eta ETBk eginiko erreportaia bat izango zen seguruenik komunikabideen aurrean egini zuen bere azkeneko agerpena.
Lerro hauek baliatu nahi ditugu bere emazte eta hiru alabei geure doluminak helarazteko, baita gainerako familiari ere eta Eusko Etxeko lagunei. GB.
Azkeneko besarkada, Zachary
Joseba, 2015/03/11 15:18
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus