euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Roger Minhondo

Roger Minhondo
Roger Minhondo, artxiboko irudi batean (arg Joseba Etxarri)

2020/07/25 - Novato, AEB

Roger Minhondo irisartarra hil da Kaliforniako Novaton, 71 urte zituela.

Sausalitoko Gernika jatetxeko fundatzaile, sukaldari eta nagusi izana eta han arrakastaz hainbat urtez ibili ondoren San Rafaelgo Chalet Basque jatetxea erosi zuen, Ameriketara lehenengoz heldu zelarik lan egin zuen jatetxea, egun bere seme Patrickek kudeatzen zuena. San Frantziskoko Gure Euskal Etxearen hastapenetik partaide, bertako Zuzendaritza Batzordeko kide eta Catering Batzordeko zuzendari 36 urtez. San Frantziskoaldeko euskaldunen alde eta Gure Euskal Etxea- BCC Basque Cultural Center-en alde egin lan guztiagatik, erakunde euskal-kaliforniar honek bere Bizi Emankorra Saria eman zion 2010ean.

Baxe Nafarroan, Irisarri Indartenean sortua 1949an, Roger Minhondo Miarritzeko Ostalaritza Eskolan ikasketak burutu eta, gazterik joan zen Pariserat Hilton hotelean sukaldari bezala lan egiteko.

Baina, euskaldun anitzek bezala, mundu berriak ikusteko gogoa nausitu zitzaion eta erdi dudan ibili zen Kalifornia eta Australia artean. Azkenean, 1969an, 20 urte zituela, erabaki zuen Kaliforniarat joaitea .

Gaztea, alegera, indartsua eta langilea, laster aurkitu zuen lana Raymond eta Eugenie Coscarat eskualdunek zuzentzen zuten Châlet Basque ostatuan San Rafaelen.

Ernea eta beti gehiago ikasteko xedearekin, Normandy jatetxean bazkide batekin, izan zuen bertze esperientzia bat, azkenean bere kondu hartzeko Sausaliton Guernica. .

2000 urtean, mende berri aro berri, le Chalet Basque erosi zuen, izen bera atxikiz bainan aldatuz gain gainetik sukaldaritza eta itxura.

Duela 5 urte, eritasuna nausitzen ari eta, Patrick bere semeak hartu zuen jatetxeko gida.

Christine Heaney amerikarrarekin ezkondua, hiru seme uzten ditu: Pierre, eta Jasmine bere bikotea; David, eta Jackie (Evieren aitamak); eta Patrick, eta Kasha.

Biziki lagunkina, Roger Gure Euskal Etxeko (Basque Cultural Center) euskal etxeko partaide izan da hastapen hastapenetik eta laguntza nasaiak ekarri dizkio San Frantziskoko euskaldunen topaguneari. Oraino duela egun batzu, bere kezka-arrangurak agertzen zituen etxe horren geroaz.

Arras euskalduna, bere familiari, sortetxeari, Irisarriri eta Euskal Herriari atxikia, biziki laket zituen euskal kantak.

Zoritxarrez, gaitz dorpe eta maltzur batek ereman du 71 urtetan, oraino bazuelarik zer egin eta zer ikus mundu huntan.

Goian Bego! (GB).



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia