euskal diaspora eta kultura
2017/12/05 - Madera, CA, AEB
Nork ez du ezagutzen AEBetan, Kalifornia eta Mendebaldeko estatuetan bereziki, "Basque" saltsa, haragia eta arraina erretzeko saltsa arrakastatsua? Saltsa, Maderan egoitza zuen "Basque Company" delakoak ekoizten zuen, Raymond edo Ramon Ylarregui emigrante nafarrak sortutako enpresak, 2015ean saldua. Ramon-en heriotzaren berria iritsi zaigu orain. Bere aldeko errosarioa gaur astelehena egingo da arratsaldeko 6etan Maderako Farewell Funeral Chapel-en; elizkizuna, berriz, bihar asteartea, goizeko 10etan, Shrine of St. Therese elizan.
Ramon Ylarregui Nafarroako Itsason jaio zen, Ultzamaldean, Basaburuan, 1930eko otsailaren 23an, Maria (Aldereguia) eta Juan Ylarreguiren seme (lau anaia-arrebetarik hirugarrena, Bautista eta Jose anaia zaharragoak eta Rosalia, gazteena), eta 87 urte zituela hil da 2017ko abenduaren 5ean Kaliforniako Madera herrian.
1954an emigratu zuen Estatu Batuetara, bere osaba Miguel Ylarreguirentzat artzain lan egitera. Gizon ekimentsua, beste euskaldun batzuekin hasi zen negoziotan, letxeria lanetan ere aritu zen, behiak jauzten, eta Fresno ondoko Caruthers herrian Phil Errorentzat ere aritu zen, arrantxo lanetan.
Emazte euskalduna hartu zuen, Dora Larrea, harekin 1962an esposaturik. 80 akretako arrantxua zeukan euskaldun asko biltzen dituen San Joaquin Valley-n, eta horrez gain han-hemenkako lanak egiten zituen beste arrantxari batzuentzat. Laguna Irrigation District-entzat ere ibili zen lanean, eta baita bere lehengusu Clarence Ylarreguirentzat ere.
1980an sortuko zuen, baina, geroa segurtatuko zion enpresa, Basque Company, produktu berezi bat egiteko errekien eta barbakoen erresuma den herrialde honetan: Basque sauce, hasieran haragientzat erabiltzen den saltsa bat; geroago, denborarekin, arrainentzako saltsa bat ere ekoiztuko zuen. 2015ean enpresa saldu --gaur egun segitzen dute, izen berarekin-- eta erretreta hartu zuen. Bere aurretik hil dira gurasoak eta emazte Dora, eta bere bi anaia zaharragoak. Geratzen dira bere arreba Rosalia, bere seme Michael eta honen emazte Tiffany, eta azken urteotako laguna, Rebecca Lindholm.
EuskalKultura.com berarekin mintzatu zen duela bi urte t'erdi, enpresa saldu zuenean, Ander Egiluzekin solasean. Gogoan Bego Ramon (bestalde, hona The Fresno Beek eta Legacy.com-ek argitara eman duten bere hil-oharra).
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus