euskal diaspora eta kultura
2013/12/24 - Paue, Frantzia
Biarnoko Pauen egoitza duen Lagunt eta Maita Euskal Etxean tristerik dira Jean-Pierre Urrutia etxeko lagun, lehendakarikide eta lehendakari ohi, langile, ameslari eta euskaltzale zintzoa hil delakoz. Honako lerroak Albert Olharan-ek sinatuak dira, Herria astekariak argitaratzeko. GB, Jean-Pierre Urrutia.
Urte bat eta erdi borrokatu ondoan barkatzen ez duen min gaixto baten kontra, itzali zauku Jean-Pierre Urrutia «Lagunt eta Maita» gure batasunaren lehendakaria. Zeruaren nahia, edo nork daki, lur huntarik joan da Eguberri bezperan, iduritzen baitzauku utzi daukula esperantza mezu eder bat.
Lagunt eta Maita-k zor dio orai hor dugun «Euskal Etxea», aspaldian nahia ginuena. Ez dugu ahanzten Biarno betean finkatu duela bestalde Paueko ikastola. Oroz gainetik, maite zuen euskal kultura, maite kantua, mus jokoa, pilota, ahantzi gabe ihizia eta ere politika. Urrian etzitzaion deus galdetu behar, bakarrik urtxo ainitz bazenetz zeruan...
Bixtan da haren ehorzketak ederki iragan direla eta luzaz oroituko gira egun hortaz. Ttotte Ruspil jaun apezak eman du meza, biziki kartsuki, eta haren predikuko hitzak biziki hunkigarriak izan dira. Elkarteko lau dantzarik eskaini diote aurresku ohorezko dantza ederra. Hemengo hiru koroak elgarretaraturik, kantu guziak euskaraz emanak izan dira, azkenik errepikatuz Jean-Pierre zenak oroz gainetik maite zuen kantua, «Eñaut Bidegorri». Azken hitza, Pantxua Challet-ena. Kondatuz laburbildurik Jean-Pierre zenaren bizia, azpimarratuz bereziki zer ekarri dioten Paueko euskalduneri.
Jean-Pierre Urrutiaren familia guziari gure doluminik bizienak.
Albert Olharan
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus