euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Oroimenean

Cecilia Erasun Andiarena (Echeveste)

Cecilia Erasun Andiarena (Echeveste)
Cecilia Erasun Andiarena (1933ko ekainak 12 - 2023ko irailak 8)

2023/09/08 - Firebaugh, Kalifornia, AEB

Cecilia Erasun Andiarena (Estatu Batuetan Cecilia Echeveste) 2023ko irailaren 8an hil da Kaliforniako Firebaugh-en 90 urte zituela, bere bizitza gehiena bertan eman ondoren.

1933ko ekainaren 12an Legasako Bordatxuri baserrian sortua, zazpi haurridetako gazteena zen. 1966ko uztailaren 21ean Ramon Echeveste Zozayarekin ezkondu zen, Doneztebeko Petitea etxekoa berau, Estatu Batuetan hamar urtetik gora eman ondoren artzain lanetan Euskal Herrira etorri zenean. Aurretik ezagutzen zuten elkar. Ceciliak Hendaiako Chita hotelean egiten zuen orduan lan. Han topatu zuten berriz elkar, ezkondu eta hilabete baten buruan abiatu ziren Firebaugh-era. 1967an jaioko zen alaba Beatriz, eta 1970an seme Roman.

Cecilia Ramonen adiskide, sostengu eta lagun fina izan zen. "Amaren bizitza Aitarenaren alboan pasatu zen, ardiekin, mugitzen, irentzen, artilea mozten, bildotsei ura ematen euren amek egin nahi ez zutenean, paperak egiten... Ederki aritzen ziren lanean elkarrekin, bakoitza hobeki egiten zuena egiten. Ama, gainera, jostuna zen, arropa konpontzen zuen, soinekoak josten, eta abar", gogoratzen du alaba Beak, bizi den Doneztebetik.

Cecilia familiako pertsona zen oso. Urtero, Doneztebera etortzen zenean, Ceciliaren eta Ramonen plazera izaten zen familia biltzea zen. Asko arduratzen zen bere bi anaiez eta bere ahizpaz, ahal zuen guztia laguntzen zien. Eta zer esanik ez bere seme-alabez, eta bilobez, ikaragarri maite zituen... eta bere bi berbilobez, oso inportanteak ziren berarentzat, bizitzan motore modukoak.

Lau biloba zeuzkan Roman semearen aldetik eta bostgarren bat Bearen semea. "Eurentzat Amatxik guztia esan nahi zuen, gauetan ezkutaketan jolasean ibiltzen ziren , eta bilobek eta lagunek arren eskatzen zioten, "jolastu gurekin, amatxi, jolastu mesedez". Guztientzat Firebaugh-en, familia eta lagunentzat, amatxi zen, hala deitzen zioten. Eta Donezteben zegoenean, pilotan aritzen zen bere biloba Anderrekin.

Izan ere, pilotazale handia zen, biziki maite zuen esku huska. Urte askotan segitu zituen zuzenean EiTBez pilota partidak, ostiral, larunbat eta igande guztietan, ez zuen bat ere galtzen. Eta zalantzarik bazuen, Anderri deitzen zion, egun eta ordu zehatza jakitearren. Aimar Olaizolaren zale amorratua zen, eta are gehiago Aimar Olaiarekin, bere ahizpa baten bilobarekin ezkondu zenean. Orain Altuna III.a segitzen zuen, eta berari buruz, oso bizia zela esan ohi zuen, biziki gustatzen zitzaion arerioak nola erotzen zituen kantxan.

Ceciliaren hutsunea izugarri nabarmenduko da.

Bere seme Roman-ek (Bianca), alaba Beak (Mikel), biloba Cassandra, Raymond, Ander, Sabrina eta Nicholas-ek, berbiloba Liam eta Blake-k, deia luzatzen diete familiako eta lagunei Ceciliaren alde Firebaugh-en urriaren 18an egingo diren elizkizunetara etor daitezen. St. Joseph Eliz Katolikoan, Firebaugh-en, 10:30etan Errosarioa eta ondoren meza.

Gogora dezagun Ramonek eta Ceciliak 'Leku Ona' euskal jatetxea zabaldu zutela 1991ean Firebaugh-en.

GB - Goian Bego



Oroimenean

Bidali zurea

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia