2011/03/01 - Sydney, Australia
Carlos Orue Rekarte
Lagun bat hil da Australian, Carlos Orue, 16 urtez Sydneyko 'Gure Txoko' Euskal Etxeko lehendakari eta lehenengo langile izandako zornotzarra. Langile aparta, beti lanean Gure Txokoren alde, bertako euskaldunen alde eta Australiatik agertzen ziren euskaldun guztien alde. Urte askotan bera, gizon eskuzabal hau, izan da Sydneyko Euskal Etxea.
Euskal Etxeko lehendakaritzatik atseden txiki bat hartua zuen 2009ko otsailean eta, tamalez, berehala minbizia topatu zioten, atzerabueltarik gabekoa gainera. Honela eman ditu azkeneko hilabeteak. Datorren uztailean 64 urte betetzekoa zen.
Besarkada bero eta hunkitu bat dagoen lekuan dagoela, berari, Miren bere emazteari eta Karlos semeari; eta baita Gure Txokoko kideei eta han-hemenka ugariak oso zeuzkan lagun eta ezagutu zuten guztiei ere, EuskalKultura.com egiten dugunon izenean. Ez adiorik, Carlos, eta eskerrik asko.
[argazkian, Carlos Orue Rekarte (irudia EuskalKultura.com)]