Euskal Telebista sortu zelarik, ahoa zabalik gelditu ginen beltzak entzutean euskaraz mintzo: amerikano filmak ziren, itzulpenarekin euskaraz.
Amerikano zuria mintzo zelarik euskaraz, batere ez ginuen bitxi atxemaiten, ez baitzen ageri bazterretikako beste norbaiten mintzoa zela.
Bainan jokalariak beltzak zirelarik ezin uka ez zirela euskaldunak... eta euskaraz mintzo!
Oraikoan mail bat gorago hupatu gira.
Joan den igande batez Euskal Telebistako meza, apez beltx batek eman du, Suhuskuneko elizatik, buruan buru euskaraz, predikua barne.
Pentsatzen duzuen bezala, euskara ez du ama mintzaira.
Entzule batzuk erran daukute «Harritu gira! Zein untsa ari zen!» Honarat jin aitzin ez zukeen behin ere entzuna euskara bazelakorik ere. Gure artean sartu da eta gutartekotzeko, gure mintzaira ikasi du.
Gure goresmen beroenak zor dizkiogu N’Dongala Dieudonné Kongotik etorria zaikun apez kartsuari.
Duela 50 bat urte, Radio Côte Basque hasi zelarik meza zabaltzen udan, Pantxoa Etxezaharretak ardietsirik, urte oroz baziren, predikuño hori eta berdin kantuak salbu beste guziak, erdaraz ematen zituzten apezak, zozoaren ohantzean kukuak erruten duen bezala. Herria astekarian ikusiko dituzue antolatzaileen griñak uda hastapenetan.
«Orai beretik jakin arazten dugu ez dutela radioko jaun buruzagiek eman denmendreneko ordrerik «gure» radioko mezetan predikuak erdaraz egiteko.»
Bainan jaun erretora bere elizan nagusi baita! Eta behin mikroak instalatuz geroz, nork zer egin dezake frantsesez ari bada? Urte oroz izan ziren beraz Herria astekariak «Judas» deitu zituen apezetarik... arimen onetan bixtan dena.
Gaur egun oraino gogoan daukat Gure Irratiko biltzar nagusi hura: meza pasatzea onartua izan zen, oso osoan euskaraz izatekotan. Frantsesa noiz nahi sartu baitzen! Bi ordezkari apezpikutegirat igorri ginituen oroitarazteko irratiko mezak osoki euskaraz izan behar zuela.
Bainan apezpikua baino gorago dira herri zenbaitetako aita sainduak! Gertatu zen igande batez, zerbait gisetarat, ni nintzela irratiko.
Egun hartan, ez dakit nondik, apezak hasi predikua frantsesez.
Moztu nuen eta orgina pasatu predikua bururatu arte.
Berria, sua lastoan bezala hedatu zen, teknikalaria, aita saindu ttipiak baino gehiago zela.
Irabazia ginuen.
Denbora jin, denbora joan, gertakaria ahantzia izan da eta entzuten da prediku edo beste, frantsesez, gogoeta sakon eta sarkor zenbaiten ondotik, salbu, euskal irratieri zor zaien errespetua. Ahantzirik, irratietan gomitak baizik ez izanez, egun batez gomitarik gabe gelditzeko arriskua badela.
Gure apez beltxa aldiz, delako aita saindu ttipiak baino gehiago izan da.
Euskal Telebista errespetatu du, euskara errespetatu du,
Euskaldunak errespetatu ditu eta Euskal Herrian euskaraz ari zaiku.
Badaki norbaiti Jeusen Berri Ona aipatu nahi zaiolarik, lehen lehenik norbait hori behar dela errespetatu, Afrikan, langileen munduan ala Euskal Herrian.
Beharria xut egoiten zaizkio euskaraz ari den apez beltxari, frantses zerratuan barra barra ari den apez euskaldun progresistak lokarrarazten duelarik.
Biba zu, N’Dongala Madiadia, eta jo aitzina!
(Denen gustukoa ez omen den seminario handi hortan, badira euskara biziki ongi ikasia dutenak, bai eta ikasten ari direnak ere)
[Herria kazetarekin partekatua]