Urteroko lehenengo aste eta hilabeteak lasaiak-edo izan ohi dira Diasporan. Itxuraz behintzat. Batetik, Amerika hego puntako herrialdeak uda bete-betean daudelako, opor giroa nagusi, jendea Euskal Herrian abuztuan egon daitekeen bezala. Argentina, Uruguai edo Txileko Euskal Etxeetako askok, esaterako, ateak edo ekimenak ixten dituzte, ondoren, otsailean edo martxoan, urteari eta urteko ohiko programa guztiei indarberriturik heltzeko.
Ipar hemisferioan, aldiz, beroa ezezik, hotza eta negua da orain nagusi. Estatu Batuetan, Eguberriak ospatu ondoren lasai antzean ibili ohi dira, hiruhilabeteko berri bati ekinez. Zenbait Euskal Etxek Zuzendaritza Batzordeak berritzeko bilerak egiteko baliatzen dute urte hasiera. San Frantziskokoek, berriz, otsailaren erdialdean egiten dute urtero euren Basque Culture Center eraiki eta sortu zeneko urteurren festa. Joan ala ez joan, hori izaten da AEB Mendebaldeko askorentzat lehenengo hitzordua.
Aurten, ordea, AEBetako NABOko eta Argentinako FEVAko ordezkariak Buenos Aires probintzia hegoaldeko Mar del Platan bildu dira aurrerantzean harremanak sakondu eta elkarrekin lotuago eta hestuago lan egiteko. Mar de Platako bilerek gai eta proposamen asko mahaigaineratu zituzten, eta horietako zenbaiti baiezkoa eman zitzaien, datozen hilabete eta urteetan gauzatze-bidean jartzeko.
Baina Argentinako euskaldunekin ezezik, Kanada eta Mexikokoekin ere gertuago aritzeko mugimenduak egin dituzte NABOtik. Bilerak egin ziren horretarako akitu berria den urtean, Mexikoko kasuan, eta Kanadakoan Vancouver, British Columbiako Euskal Etxea NABOko partaide da dagoeneko, gainerako euskal etxeen baldintza berdinetan, joan den abuztu hondarreko Chinoko NABO Biltzarretik.
Mexikon, urtarrileko azken asteburuan hautatu du hiriburuko Euskal Etxeak lehendakari eta buruzagitza berria. Jende gaztea sartu da eta itxaropenak bizirik daude 2007an ehun urte bete zituen euskal elkarte honi behar eta merezi duen bultzada ekartzearren. Jai eta festei dagokienez, urtero legez, aktibo oso bukatu zuten urtea Mexikon, Eguberriak euskal eta mexikar gisa ospatu ondoren (posadak-eta tartean), Olentzero eta Errege Eguna ere ospatu baitzuten Euskal Etxean, ondoren San Sebastiango danborradari eusteko, eta hilabetea bukatzeko elkartearen Biltzar Nagusia egiteko.
Uruguain, aurten urte hasiera berezia izan dute. Batetik eta lehenengoz, bertan egin baita Udako Euskara Barnetegia, Uruguaiko eta Argentinako euskara ikasle/irakasleak bilduz, eta horiekin batera Brasil, Txile, Peru eta Kolonbiakoak, HABEk FIVU, FEVA eta aipatu herrialdeetako euskal etxeekin daramatzan programen barruan. Joan den astebururaino izan da. Bestetik, Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioan, FIVUn, gauzak prest daude, urtero bezala otsail erdialdean garatuko duen haur udalekua hasteko, Rio de La Plata ertzean, Artigasen.
Pentsatu baino gehiago luzatzen ari naiz, eta oraindik munduko pusketa handia gelditzen zaigu aipatzeko. Esan dezagun, beraz, urteko lehenengo asteek lanean harrapatu dutela hainbat euskal etxeetako jendea. Iaz, urratsak eman zituzten Europako euskal etxeetako ordezkariek Europa barruko elkarteen elkarrekiko harremanak azkartzeko. Bestalde, urtea ekimenetan blai bukatu eta hasi dute, esaterako, Erromako Euskara Elkarteko kideek zein Bartzelonako Euskal Etxekoek. Baina ez zaizkie atzean gelditu Madrilgo Euskal Etxekoak, eta lanean segitzen dute Londresen, zer esanik ez Parisen, Bordelen-eta...
Venezuelan lan ugari daukate iragan aberats bati segida oparoa eman nahian, eta Kolonbian planak eta ekimenak zabaltzeari ekin diote. Txinan, iazko abenduaren 30ean lortu zuen Shanghaiko Euskal Etxeak Eusko Jaurlaritzaren ofizialtasuna. Kuban, Perun, Alemanian, Australian, El Salvadorren, Puerto Ricon, Andorran, Brasilen, Paraguain, Suitzan, Dominikar Errepublikan... ere lanean ari dira. Aurtengoan, iparreko haizeek uzten badigute, gehiagotan iritsi nahiko genuke orrialde hauetan horietako bakoitzarengana.