Jakina post honetara ezin izango ditugula bidu hilabete honetan gure diasporan gertatu diren jardueta eta proposamen guztiak, baina aipa ditzagun batzuk bederen. Azkeneko bi egunetan urtebetetze biribila bete dute, esaterako, Bolivarko Nafar Etxeak (70) eta Bahía Blancako Unión Vascak (125), biak Argentinan, azken honek gainera urte osoan ospatzeko xedea duela, bereziki azaroan, Euskal Argentinar Aste Nazionala bertan antolatuz azaroaren 11tik 17ra.
Urtarrilean ere, Euskal Herrian danborrada ederrak egin dira, baina baita Mexiko Hiriko Euskal Etxean ere, Necocheako Euzko Etxean, Caracas, Valladolid eta Madrilgoan, adibidez, agerian utziz atxikimenduaren indarra eta taupada eta sentimentu eta emozio berak elika dezakeela donostiarra edo euskalduna nonahi dagoela ere. Batzar Nagusiak egin dituzte, konparazio, Boise, Bordele, Mexiko Hiri, Mountain Home, Buffalo, Madril eta Homedaleko euskal etxeetan, eta Chinon, euren Bizi Emankorra saria eman diote, ongi merezita, Mike eta Jeanette (Bicary) Bidart bikote euskaltzale engaiatuari.
Musean, txapelketen sasoiari ekin diote, bereziki Estatu Batuetan, nazionalerako baliagarriak diren norgehiagokak egiteko, adibidez, Chino, Buffalo, San Frantziskoko Gure Euskal Etxea eta Anaitasuna, Bakersfield-en... edota, Europan, Montpellierreko Eskualdunak-en. Berriro diot hauek adibideak baino ez direla, etengabe ari baita gure diaspora hamaika jardueratan.
Ez dugu aipatu gabe utzi nahi Sabino Arana Sari bat eman diotela Euskal Herrian, Laura Igantzi buru duen 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteari. Eta egunotan Nevadako Elkon "National Cowboy Poetry Gathering" cowboy kantu, musika, poesia, gastronomia eta kulturaren topaketa ari direla ospatzen, euskaldunak ere partaide, besteak beste Nevada bertako 'Txori Baltza' taldearen 'Txotx' ikuskizuna emanez, dantza tradizional eta garaikidea uztatuz.
Eta hitzorduek segitzen dutela otsaila hastearekin batera, datoren asteburu honetan bertan, konparazio, Salt Lake Cityn, bertako Euskal Etxearen 'Basque Dinner & Dance' festarekin, edo Santa Ageda ospatuz, esaterako Madrilgo kaleetan, edota Boisekoetan, tradizioaren arabera Ama Lurra makilekin iratzararaziz. Honelako gauzak egiten dituzte euskaldunek, edo euskaldun batzuk, Euskal Herrian egon edo dauden lekuan daudela. Segituko.