Kaixo, irakurle. Osteguna, Errege egunaren biharamuna da gaur. Atzo jai eguna izan zen Hego Euskal Herrian, eta bertako haurretako askok, Olentzerok, Santa Claus, San Nikolas, Papa Noel edo dena delakoak ekarritako jostailuekin jolasteko azken eguna izan zuten, gaur eskolara itzultzeko eguna izan baitute. Ez Diasporako beste hainbat haurrek, Hego Hemisferioko herrietan ikasturtea urte naturalarekin amaitu baitzuten abenduan, eta opor --udako opor-- bete-betetan sartu baitira.
Argentinan, esaterako. Eta uda udalekuen garaia izanik, joan den astelehenean hasi zuten 'Argentinako lehenengo udalekua' deitu dutena Chascomus herrira zazpi euskal etxe diferentetatik bildutako berrogeita hamar haurrek. Ondoko Uruguain, ohi bezala, otsail hasieran egingo dute eurena, Rio de la Plata ertzeko Artigas Kanpamentuan, FIVUk (Euskal Uruguaitar Erakundeen Federazioa) antolaturik (iazko argazkiak, hemen).
Errege Magoen festa aipatzen genuen, eta ez da hori munduko euskal etxeetan gehiegi ospatzen den festa. Mexiko hiriburuko Euskal Etxea izango da hor salbuespen, urtero-urtero azaltzen baitira hiru maiestateak DFko Euskal Etxera (aurten datorren larunbatean egingo dute, arratsaldeko zazpietatik aurrera), oparien festa horretan protagonismoa Olentzerorekin banatuz.
Urtea behar bezala amaitzeko, Arrecifes-ko 'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxekoek euren webgunea inauguratu zuten eta, hotz polarrak, euriek edo eguraldi onek astinduta, urte gorabeheratsuari batera edo bestera ipini diogu amaiera munduko euskaldunek. Bartzelonako Euskal Etxekoek arnasa hartzeko aukera eman gabe ia, etenik gabe segitu dute emanaldiak, kontzertuak eta gainerakoak antolatzen. Datorren astean, urtarrilaren 16an, euren Txokoaren urteurrena ospatuko dute, bazkari barazkijale eta bazkalondo girotu batekin.
Baina gauzak kronologikoki aipatzearren, esan dezagun, gauden aste hau berezia dela euskal aldizkarietan dekanoa den Herriarentzat, astero-astero Baionatik Euskal Herrira eta mundura plazaratzen den euskarazko astekari honentzat. Formatua txikitu eta aste honetatik, freskuago eta erakargarriago agertuko da, orrialde kopurua bikoiztuz eta kolore gehiago sartuz. Zorionak hemendik, euskalgintzan eta kazetaritzan lankide ditugun Herriakoei.
Bestela, gaur berri txarra izan dugu Txiletik, bertan atxilotuta segituko baitu Asel Luzarraga euskal idazleak, bertako Berme Epaimahaiko epaile Alejandra Garciak atzo bertan hala erabakita. Berria are txarragoa da, kontutan izanik epaileak hiru hilabeteko epea eman diola fiskalari ikerketa ixteko eta hori gertatu bitartean Luzarragak Temuco-n giltzapean segitu beharko duela. Jarraituko dute, beraz, doaike, Euskal Herrian zein Diasporan aska dezaten eskatuz hasi diren kanpaina eta mugimenduek, tartean Txilen, Argentinan eta Uruguain, errugabea dela zinez sinetsita.
Gaur bertan, bestalde, AEBetako Boisen, bertako Euskal Museo eta Kulturetxeak prestatutako Hidden in Plain Sight: The Basques (Begibistan ezkutatuta: Euskaldunak) izeneko erakusketaren lehenengo erakuste edo preview bat egingo da, arratsaldeko seietatik aurrera. Jakina denez, eta aurreko batean orrialdeotan azaldu genuenez, erakusketa garrantzitsu hau Boisen landu dute, eta New Yorkeko Ellis Island-en inauguratuko dute otsailaren 6ean, Euskal Herriko eta Ameriketako ordezkariak bilduko dituen ekitaldi eta programa batez. Hiru hilabetez egongo da han ikusgai. Gogoratu egun 104 urte dituen Lucy Aboitiz Garatea lekeitiarra, 1920ean 15 urte zituela Ellis Island-etik AEBetan sartu eta geroztik Idahon bizi izan den euskaldunaren bideo batek egiten duela erakusketaren aurkezpena. Aukera izanez gero, merezi du. Uztailean, jaialdirako, Boisera eramango da ikusgai.
Horren aurretik, ordea, hilabete honetan San Sebastian festa eta danborrada egunak ditugu. Hasteko, Donostian, eta gure bulego nagusia Donostian dagoenez, geu ere danborjole ibiliko gara. Izan ere --eta oraingoan esan eta egin egingo dugu-- biharko EuskalKultura.com buletina eta gero, ez gara San Sebastian biharamunera arte, urtarrilaren 21era arte itzuliko, buletinari eta berriak ipintzeari dagokionez. 11etik 21era arte, beraz, ez da buletinik izango. Bihartik aurrera hartuko ditugun berriak, 21etik aurrera argitaratuko ditugu, beraz.
San Sebastian eguna eta danborrada ospatzen munduko zenbait euskal izango ditugu festakide. Jaia aurreratuz, Argentinako Necocheakoak, aurten euren danborrada dotorea aurreko larunbatera, urtarrilaren 16ra ekarriz. Ez zaizkie atzean geldituko Mexikoko Euskal Etxeko danbor eta barrilak, ez eta Bartzelonako Euskal Etxekoak edota Madrilgoak edo New Yorkekoak. Zeuk ere zeure euskal etxean ospatzen baduzu eta hala adierazi nahi badiguzu, ez gehiago pentsatu eta eman iezaguzu horren berri.
Esan, bukatzeko aurtengo lehenengo sarrera hau, mintzatuko garela horretaz, baina data zehatza gero eta hurbilago dagoenez, San Frantziskoko Euskal Etxeak --San Francisco Basque Club-- mende erdi bat betetzen ari dela aurten, eta hori ospatzeko, besteak beste, Euskal Herriko bertso txapeldun eta txapeldun ohi Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña, bertako bertsolariekin batera parte hartuko duten ekitaldi bat antolatu duela martxoaren 13rako. Euskal Herritik edo beste nonbaitetik hara joateko, orain da unea hegazki tiketak erosteko, merkeagoak baitira aldez aurretik eta sasoin honetan erosita. Esan, esan dugu, orain bakoitzaren nahi eta ahalen arabera doa gauza.
Ikusten duzunez, irakurle, beti dugu zerbait esateko, baina ez gara beti iristen, heltzen zaigun informazioa gero eta gehiago baita eta bitartekoak gero eta gutxiago. Zutabe hau idazteak, beste gauza batzuk ez idaztea esan nahi du... Baina aitzeki gutxiago. Ea pare bat aste barru buletinarekin itzultzen garenean gauzak hobetzeko aukera daukagun. Mila esker zure arretagatik, irakurle lagun, eta berehala arte.