euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Tipi-tapa, Diaspora ere 'euskalakari'

2011/04/20

Joan den igandean amaitu zen Donostian, baina Korrikaren oihartzunekin segitzen dugu Diasporan. Gaurkoan ere aipagai ditugu EuskalKultura.com-en Korrikaren inguruan eginiko ekitaldiak Diasporan. Eta izango ditugu oraindik egun batzuetan, datorren asteburuan Argentinako Necochean eta hurrengoan Estatu Batuetako Boisen segituko baitute lasterketa eta ekitaldiek.

Hona aste honetako HERRIA astekarirako gai horri buruz idatzi dudan Artikulua.

Iragan igandean bururatu zen Donostian Korrika 17, tipi-tapa tipi-tapa euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatzen duen ekitaldia. Erranen nuke orai arte antolatu diren Korriken artean, aurtengoa izan dela Diasporak presentzia azkarragoa izan duena. Igandean, hasteko, lasterketa ondarrean, 2.448. kilometroan Europako euskal etxeetako ordezkariek ereman zuten lekukoa, munduko euskaldunen eta euskal etxeen izenean euskararen alde agertzeko. Donostiako Kontxako pasealekuan izan zen hori eta ahalegin sinboliko polit hortara bildu ziren Bartzelona, Erroma, Londres, Paue eta Suitzako euskal etxeetako ordezkariak.

Euskal Herrikoan agertzeaz gain, heien Korrikak edo Korrikari lotu ekitaldiak egin dituzte baita ere munduko hainbat euskal etxe eta komunitatetan. Batzuk aipatzeko, erran dezagun Argentinako Rio Cuarton, bideo bar grabatu zutela barnetegia egiten ari ziren euskara ikasle/irakasleek Korrikarendako. Korrika egin eta bideo bat egin zuten baita ere Londresen, honako hitzez: "Hegoak emanez gu gure euskarari London ere gara gu euskalakari". Mexiko hirian, UNAM unibertsitatetik abiatu zen, euskara eta euskal kultura ikasle direnak partaide. Buenos Airesen, Euskaltzaleak euskaltegikoek heien egoitzan egin zuten Korrikaren aldeko besta. Estatu Batuetako San Frantziskon, Golden Gate zubiaren inguruan egin zuten ibilbidea. New Yorken, Brooklynen, karriketan, aro txarra lagun, baina bozkarioz, Euskal Etxean pintxo-party batekin bururatzeko. Montevideon, Plaza Independenziatik Cagancha plazaraino, Euskal Erria Euskal Etxeko bazkaria ondarrean.

Londresen, kultur ekitaldi andana egin dute azken asteetan Korrikaren izenean, eta ondoren Korrikaldia, Weaver's Field-en. Frantziako Tolosan, euskal etxetik gabe, bainan arratsaldez abiatu ziren korrika, zolu jan eta gero, euskara ahotan. Madrilen, Unibertsitate Konplutense delakotik, euskara ikasleak abiatu ziren, ondoren Hizkuntz Eskolara heltzeko, gero San Luis Kafe-ra (hor kantatu zuen 1853an Iparragirrek lehen aldikoz Gernikako Arbola kantua), hor aitzinean, beraz, Gernikako Arbola kantatu eta Euskal Etxera heltzeko, eta hor elkarteko tipienak biltzeko. Txinako Shanghain ere karriketan egin zuten Korrika. Bartzelonan hilabete osoko kultur ekitaldiak egin dituzte, hitzaldiak, kantaldiak, aurkezpenak, zernahi gauza eta berrehun jende Korrika, 'Korricursa' izenpean, katalanez eta euskaraz. Berlinen ere aurten estreinekoz antolatu du Korrika euskal etxe berriak, Brandenburgeko Ate famatutik abiatu eta inguruan.

Australiako Sydneyn ez dira gibelean gelditu eta Sydneyko Operaren inguruan arizan dira euskararen aldeko korrikan Gure Txoko EuskalEtxekoak. Txileko Santiago hiriburuan ere, Korrika ari eta bideo bat, 'lipdub' delako bat, grabatu dute; baita Estatu Batuetako Mountain Home-n ere, 'Euskal Lagunak' Euskal Etxeko euskara erakaslea bultzatzaile, herriko Basque Park-en bukatzeko piknik batekin. Hauek, berri ukan dugun herri eta hitzorduak. Baina oraino gelditzen dira beste batzuk egiteko. Argentinako Necochean helduden ibiakoitzean eginen da, herriko merkatalgunean gaindi. Eta Estatu Batuetako Boise hirian, apirilaren 30ean, Euskal Etxetik abiaturik, gero bazkaria han berean egiteko. Tipi-tapa, Korrika, tipi-tapa, aitzina...

Hemen albisteen sailean gaur aipatzen dugun Txekiako Brno falta zaigu, eta besteren bat ere.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia