Egunaren luzea ezin luzeagoa da egunotan, San Juan eta udako solstizioa hurbiltzen doazen heinean; Ipar Hemisferioari dagokionean ari naiz, jakina, hegoan juxtu alderantziz gertatzen baita. San Juan suak egiteko eta garren gainetik saltatzeko ohiturak bizirik segitzen du Euskal Herriko bazter askotan eta baita Diasporan ere. Egun gutxi barru ikusiko dugu. Argentina eta Hego Konoko herrialdeei dagokienez, ordea, San Juan bezperako irudia negu irudia da: gauaren hotzean eginiko sua, azken urteotan hainbat euskal etxetan biziarazi duten ohitura. Hala nola, Argentinan, besteak beste, Resistencia, Chivilcoy, Buenos Aires, Castelli, Suipacha, Necochea, Cañuelas-en... Uruguaien, Montevideon bertan... edota munduko gainerako bazterretan Caracas, Mexiko Hiria, Erroma, Bartzelona, Madril, Elko (Nevada) edo Mallorca-n, esaterako.
Gauza txarrak erre, gauza onei lekua egiteko. Izpiritu gaiztoak uxatuz, aro berriari ongi etorria eman. Iragana gibelean utzi, geroari indar berriz ekiteko. Solstizioa eta San Juan --Donibane-- aitzeki, estakuru edo egokiera ona izan dira aldaketak gauzateko edo geure baitango ordenagailua zerbaitetan berrabiatzeko. San Juanen ondotik, uda sasoina dator Euskal Herrian. Eta azken urteotan, euskal Diaspora alorrari mugatuz, Gaztemundu: ekaina, uztaila... Aurreko batean nioen Gaztemundu 2009 Eusko Jaurlaritzak Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia izendatu ez duela, eta Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaria ere izendatu ez duela heldu dela. Edozein unean alda daitekeen behin-behineko egoera.
Aipatu izendapenok oraindik gertatzeke, egia berdaderoa da, ordea, aurtengo Gaztemundu martxan dela, segitzen duela aurrera eta abiadura hartua duela piloto automatikoan, Diasporarako Harremanetarako Zuzendaritzako teknikarien eskutik. Gaztemundun parte hartzeko hautatutakoen behin-behineko zerrenda plazaratua eta Euskal Herrira ekartzeko lanak hasiak, prozesuak aitzina darrai eta agian igoko da Diasporarako Zuzendari berria martxan dagoen trenera, Gaztemunduko gazte eta ez hain gazteei dagokien harrera emanez Euskal Herrira iristen direnean uztailaren 12an. Hala izan bedi, atzo asteartez ere Jaurlaritzako asteroko Gobernu Kontseilua egin baitzen, eta ez baitzen Diasporarekin zerikusia daukaten aipatu bi izendapenak batere gertatu, jende asko horien zain badago ere. Datorren astean akaso.