Abuztuan sartu gara eta Diasporako euskal munduak pil-pilean segitzen du. Argentinan, amaitu berria da joan den larunbatean FEVA eta HABEren artean Trenque Lauquen herrian antolatutako neguko barnetegia, Hegoameriketako zenbait herrialdetako --Uruguai, Brasil, Txile eta Argentinako-- 32 euskara ikasle/irakasle partaide. Estatu Batuetan ere, hala egin zuten astebete lehenago Boisen.
EuskalKultura.com-eko orrialdeetan segitzen dugu --eta segituko dugu bihar-- Wyoming-eko Buffalon NABO Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak egin zuen 2011ko Biltzar Nagusiaren kronikarekin, zenbait entregatan banatua, bertan bildutako argazki eta bideoen bidez bertara bidaiatzeko aukera izan ez zutenei gertatutakoa eta bizitutakoa ahalik eta hobekien helarazteko asmoz.
Joan den igande honetan, San Inazio --Diasporako leku batzuetan Iñaki Deuna eta beste izen batzuk ere hartzen ditu-- izan da, munduan barreiatuta dauden euskal etxeetan festa nagusi gisa gehien ospatzen den jaien artean dagoen hitzordua. Euskal Herrian bertan ezezik, hamaika izan dira Argentinan, Txilen, Mexikon, Estatu Batuetan, Espainian, Venezuelan... ospatu duten eta datozen egunetan ospatuko duten euskal komunitateak.
Venezuelan, bitartean, joan den asteburuan, Caracasko Euskal Etxeko kantxa eta pilotalekuak 'Juegos del Alba' izeneko nazioarteko pilota txapelketaren egoitza izan dira --Venezuela, Kuba eta Bolivia partaide--, Kuba atera delarik garaile urrezko bost domina bereganatuz, Venezuelak zilarrezko bost dituela eta brontzezko hiru eta Boliviak brontzezko bakarra.
Bere momentuan orrialdeotan iragarri genuenez, Argentinan da jadanik Euskal Saskibaloi Selekzioa. Atzo igandez (lerro hauek Boisen idazten ari naizenean hemen igandea da oraindik eta ez da oraindik jakinarazi emaitza) Chaco probintziako Resistencian jokatu du bertako Club Sarmientoren kontra; bigarren partida, Cordoba probintziako izen bereko hiriburuan izango da, abuztuaren 4ean, osteguna, Cordobako Saskibaloi Selekzioaren aurka; hirugarren partida, Salta probintziako Salta hiriburuan jokatuko du datorren igandean, abuztuaren 7an. ETBk iragarri du azken norgehiagoka hau zuzenean emango duela (bertako 18:00etan, Euskadiko 21:00etan). [Astelehenean erantsia: 75-59 galdu du Euskadik bere lehenengo partida Argentinan]
Estatu Batuetara, egunotan heldu dira eta helduko dira, batetik NABO eta Jaurlaritzaren artean garatzen den Gurea ekimenean parte hartzeko, Nora Unzueta eta Natalia Ruiz [Euskal Herria eta euskal kulturari buruzko tailerrak eman behar dituzte Mountain Home, Idahon; Elko, Nevadan; eta Gardnerville Nevadan] eta Urko Menaia kantari donostiarra, azkeneko hau ere Jaurlaritza laguntzaile Ipar Ameriketako bost lekutan emanaldiak egiteko: abuztuaren 6an Kanadako Vancouverren; 13an, Gardnervillen, bertako NABO Kantari Egunarekin batera; 20ean, Coloradoko Denver-en; 25ean, New Yorken; eta 27an Rhode Island-en.
Gogoratu beharrean nago, bestalde, azkeneko pare bat urteotan egin dugun bezala, EuskalKultura.com-ek emisioak eten egin dituela bizpahiru astez abuztuan. Beraz, aste honetan edo datozen egunetan argitaratuko ditugun albisteekin 'gero arte' esango dugu eta, albistegi nagusiari dagokionez behintzat, irailera arteko etena izango dugu, buletina bidaltzen beraz irailean jarraituko dugularik.
Irail ondotik, ikasturte berriarekin albiste lodiena munduko euskal etxeen kongresua izango da --izen ofizialez Kanpoan diren Euskal Gizataldeen V. Mundu Batzarra edo halako zerbait izango du seguruenik--, jakina denez lau urtean behin egiten dena, kasu honetan Donostiako Kursaal-en, eta azaroko lehenengo astean. Euskal etxerik daukaten munduko herrialdeek hiruna ordezkari bidaliko dituzte hiru egun iraungo duten jardunaldiotara.
Horren aurretik Lopez lehendakariak bidaia luzatuko du Estatu Batuetako ekialde kostaldera, New York eta Washington-era, ordezkaritza ekonomiko baten buru. Eta azaroan, Mundu Batzarraren hurrengo astean, Argentinak bere Euskal Argentinar Aste Nazionala ospatuko du, kasu honetan Buenos Aires probintzia hegoaldeko Necochea hirian.
Hauek dira eserialdi honetan bururatu zaizkidan gai eta iruzkinak. Iritzia edo zeure iruzkinen bat luzatu nahi badidazu, badakizu, irakurle, etxarri@euskalkultura.com-era idatziz egin dezakezula. Gero arte!