Kaixo Diasporako partaide edo lagun hori.
Ikusten duzunez erabat berritua datorkigu EuskalKultura.com, bere ibilbideko fase berri bati ekinez.
Ahalegin eta apustu handi baten urrats berria da begien aurrean duzuna, aspaldi Diaspora barru eta kanpotik Diasporarekin hartu genuen engaiamendu edo konpromisoaren emaitza berritua, zazpi probintzia fisikoetatik landa baina euskal familiako kide jaio ziren edota bizi direnen esparrutik euskal unibertso amankomunera eginiko ekarpenaren isla ekartzen segitu nahi duena, munduko euskaldunek euskal kultura eta identitate koordinadetan egiten duten ahaleginaren bizitasuna, ilusioa eta taupadaren berri hobeto eta osatuago emanez, egungo teknologiek ahalbidetzen duten moduan, zubilanari eutsiz eta ezagutza bultzatzen jarraituz Euskal Herriaren eta bere diasporaren artean.
Badakigu ez dela lan makala --batez ere, batetik, euskaldunok, baita Diasporan ere, egin bai, baina gutxiegi arduratzen garelako egindako horren berri emateaz edota horren berri eskuratu nahi dutenei bideak errazteaz (nahiz eta honetan aurrerapen polita egin dugun azken urteotan), eta, bestetik, honen guztiaren ardura daukaten Administrazioko buruzagien oharmen, koherentzia eta laguntasun eskasagatik--, denborak eta eskarmentuak erakutsi digu hori, baina euskaldun garenez gero, eta batez ere Hego Ameriketan euskaldunok dugun 'porfiado' edo 'kaskagor' famari eutsiz, gogor segitzen dugu geure ahalegin honetan, egin beharrekoa dela pentsatzen baitugu, besteak beste Euskal Herriak bere 'haraindiko' seme-alabekin duen zor bat dela uste dugulako.
Geure apalean ematen ari garen urrats berri hau, dirudiena baino handiagoa da, itxuraz eta diseinuaz aparte, webgunearen egitura, plataforma eta barnealde molde guztiak ere aldatu baititugu. Gu geu, ikasten ari gara oraindik sistema berriarekin moldatzen eta, beraz, pazientzia eskatuko dizugu, datozen egun eta asteetan edozein ikaste eta praktikatze prozesutan agertu ohi diren akatsak eta hutsak aterako baitira seguruenik.
Esan, azkenik, heldu diren hilabeteetan, webgunea atal eta zerbitzu berriak eskaintzen joango zaizkizula. Gustukoak eta baliagarriak izan ditzazun espero dugu. Adierazi beharrik ez dago, aldaketa hauek guztiak egiterakoan, azkeneko urteotan irakurle-diasporakide-konplizeengandik --zu bezalako jendearengandik alegia-- jasotzen joan garen iritzi eta iradokizunak hartu ditugula kontutan.
Eskerrik asko, beraz, fase berri honetan ere geurekin segitzeagatik. Badakizu zeu gabe proiektu honek ez lukeela zentzurik.
Nire partetik, gaurtik aurrera, maiz samar, astean bizpahiru aldiz bederen, zutabe honetatik saiatuko naiz pauso berri horiek adierazi eta komentatzen, munduko euskaldunen esparruan gertatzen diren beste zenbait gai komentatuko ditudan bezalaxe.
Segi bizkor, Diasporaren lagun hori, eta berehala arte.