Hemen gaude berriz ere. Egia esan, buletina atera ez dugun tarte hau --abuztuaren 10etik honakoa-- Donostiako bulegoa aldatzeko baliatu dugu. Datozen egunotan adieraziko dizuegu zein den gure telefono berria (bietariko bat, beste zenbakiari eutsi egingo baitiogu). Hori, telefonoz deitu nahi badiguzue, emailak-eta ez baitugu aldatu.
Berri on bat ere, barrukoa, eta berezia, badugu, gurera itzuli baita, bi alaba zoragarri izan ondoren eta zegozkion eta amatasunak eskatu dizkion epeak pasatu ostean, Bego, Bego Miñaur, EuskalKultura.com-en bost bat urte eginak zituen lankidea, kazetaria bera, eta lan egiteko sasoiko, emeia, kuraia, indarra eta gogoa erabarrituta. Ongi etorri etxera Bego, eta benetan pozten gara zu berriro ere gurekin egoteaz.
Bestela, joango gara aipatzen eta komentatzen hasi berria dugun kurtso honetan (Ipar Hemisferioan hasia da kurtsoa, Hegokoan kurtso berberak segitzen baitu) Diasporari dagozkion hainbat gai.
Iragan asteburuan Kolonbiako Bogotan, bertako Euskal Asteari eman zioten hasiera, eta Chino-Los Angelesen, berriz, amaiera Munduko Mus Txapelketari (euskal etxeen artekoari), Euskadiko bikotea garaile (Angel Rivero eta Juan Antonio Vicente, ikus hemen sailkapena). Bitartean, Madrilen bertako Euskal Astearen antolaketa dezente aurreratua dago, hilabete hondarrean egingo baita Madrilgo Euskal Astea; Argentinan ere gauza bera, baina urri azkena-azaro hasieran egiteko. Hor etorriko dira baita ere Txileko Euskal Astea eta beste hainbat ekimen, baina horiek izango dugu segidako mezuetan aipatzeko aukera.
Gaurkoa laburra izan da. Segi bizkor, irakurle.