euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Maria Julia Ercoreca gogoan

2011/08/11

Abuztuko datetan gaude eta ez dakit seguru aurrerago aipatu ahal izango dudan, beraz edonola ere gogora eta lerro hauetara ekarri nahiko nuke bart izan dudan berria, berri txarra, asteazken honetan hil baita Puerto Madryn-en, Argentinako Patagonian, Maria Julia Erkoreka, edo Ercoreca, hala idazten baitzuen berak.

Ez nuen sekula berarekin aurrez-aurre hitz egin, baina laguna neukan Maria Julia, laguna, EuskalKultura.com-eko irakurle baitzen eta tasun horrek elkarrekin harremantzera eta e-mail eta internet bidez ideiak, infomazioa eta arrengura-espektazioak partekatzera eraman bagintuen azkeneko urteotan.

Animoak ematen zizkigun proiektu honekin segitzeko eta eskerrak ematen, esanez eta azpimarratuz zein inportantea den elkarren berri izatea eta elkarri indarrak ematea euskaldunen eta munduko euskalduntasunaren eremu zabalean lanean ari garenon artean.

Atzera begira, berak bidalitako emailak ber-irakurri ditut eta gogoz, entusiasmoz, engaiamenduz, ilusioz beteriko Maria Julia bat ikusten dut. Bere euskal erroak, euskalduna zela jakitea eta horri buruz ikastea eta sakontzea garrantzitsua izan zen bere bizian. Pertsona ona eta eskuzabala zen, eta euskaldun gisa sentitze horrek eta horretan aritze horrek berari pertsonalki eman ziona partekatu nahi zuen bere ondoan zeudenekin.

Buenos Aires probintziako Maipu herrikoa izanik, hor utzi zuen bere lehenengo ekarria, Euskal Herria bisitatu eta bere kultura eta ondarean busti ostean... Geroago, urteen buruan, bizitzak Puerto Madryn-era eraman zuen eta hor, hamar urtez euskal gauzetan aritu gabe ibili ondoren, erabaki zuen merezi zuela bertakoei berak izan zuen aukera bera ematea, eta honela hasi zen, pixkanaka, euskal hazia ereiten, eta --bertako euskal etxe aurrekari txar baten gainetik-- dantza taldea sortu zuen Puerto Madryn-en, hain berea zuen ilusioa, entusiasmoa eta lan egiteko gaitasuna lagun, eta hortik abitu zuen --prozesua hau izatea nahi izan zuen-- urteren bat geroago Puerto Madryngo euskal etxe berria.

Ez dut luzatu nahi, baina zor nizkion lerro hauek Maria Juliari.

Doluminak bere familia eta adiskideei, eta Maipu eta Puerto Madryngo lagunei. Badute Maria Juliaren oroitzapena nola gorde, berak erein zuen hazia ureztatuz eta lore eta altuera berriak lortuz.

(ikus Maria Julia Ercoreca galdu dute)



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia