euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Madonna, Etxepare, Misiones, Pehuajó eta Tolosa

2012/06/08

Joan den astean interneten euskaldunak tarteko gehien aipatu den gaia Madonnarena izan da seguruenik, esan nahi baita Madonna eta kantari estatubatuarrarekin batera ari den Kalakan euskal hirukotea, eta guztiek elkarrekin munduko 32 herrialdetako agertokietara eramango duten ikuskizuna, "Sagarra jo" edo gehienok "Aldapeko sagarraren adarraren puntan" bezala ezagutzen dugun euskal kantu tradizionala parte duena, euskara eta euskal kantu bat normalean euskaldunei buruz ezer ez dakiten edo onenean oso gutxitan ezer entzun duen publiko eta jende batzuen aurrera ekarriz. Nik neronek ez dut Madonnaren karrera jarraitzen, baina badut ezagutza handiagoa Kalakan taldearena. Besteak beste, Diasporari dagokionez, aipatua dugu gure buletinean joan den azaroan Donostian egin zen Euskal Gizataldeen IV. Mundu-Kongresuko ostiralean eskaini zuten emanaldia, eta baita ere, esaterako, iazko irailean Euskaldunak euskal etxearen eskutik Quebec-era egin zuten bidaia, tartean Montrealen NABOk egin zuen bilerako partaide ziren ordezkarien aurrean ere jardunez. Zorionak, hemendik, Kalakan-eko Thierry, Xan eta Jamixel-i, eta Madonnari, bere gustu onagatik.   :-)

Zorionak ematen segitzen dugu, baina kasu honetan Etxepare Institutuari. Aste honetan bi urte bete dira orduan jaiotzen ari zen erakundearen ardura, erditzearen beraren eta instituzioa zerotik abiatzeko erronka eta goxokia Aizpea Goenagari eman ziotenetik, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari izendatuta. Hilabete batzuk geroago Aizpeak Marijose Olaziregi bildu zuen bidelagun izateko, eta buruzagitza-bikotea osatuta abiatu zen geroztik zinez dinamiko eta lan-etengabeko agertu zaigun institutua. Freskura eta bazter-astintzaile izatea izan daitezke epe honetan azaldu dituzten tasunetako bi. Euskara, euskal kultura eta gure kultur panoramako hainbat arlotan lanean ari diren artista eta sortzaileei kanporako lana erraztea eta euren ibilbidea munduan egiten laguntzea da finkatuta daukaten helburua, baina horretaz guztiaz eta euren lanaren balantzeaz gehiegi luzatu gabe egingo diegun elkarrizketa batean galdetuko diegu.

Etxeparekoak kultura, artea, musika, euskara, unibertsitatea eta beste hainbat alor bilduz atzerrian euskaldunek egiten dituzten hamaika ekimenetan sartuta daude, eta beraz ez da harritzekoa izan aste honetan Txinako Chengdu herrian egin den mundu mailako txotxongilo bileran ere partaide izatea; hantxe erabaki baita Tolosa herri gipuzkoarra izango dela 2016an, lau urtean behin mundu horrek egiten duen hitzordu nagusiko egoitza. Tolosa-Donostiaren hautagaitza (gogoratu 2016an Donostia, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera Europako kultur hiribua izango dela) Ekaterinburgo hiri errusiarrari gainditu zitzaion. Urtero egiten du Tolosak nazioarteko txotxongilo jaialdia eta herriak txotxongiloaren nazioarteko zentrua kudeatzen du. Urtero eta egunero egiten duten lanaren sari, lana. Pozik daude, eta zorionak eurei ere.

Eta gaurkoan zorion-kontuak nagusi izaten ari diren agiantzen atal hau akitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet atzo Argentinan ospatu zen 'Kazetariaren Eguna' dela-eta --atzokoa, urtero, kazetarien lana gogoan hartzeko eguna dute izendatua Argentinan-- bertatik zuzendu zaizkigun lagunei. Mila esker zeuon agiantzengatik, eta agian munduan euskaldunek egiten, antolatzen eta sustatzen dituzten ekimenak hazten doazen hein berean hazi eta sendotuko da euskal gizataldeek, euren ordezkari diren elkarteek, eta euskal administrazioek lan eta ekimen horiek zabaldu eta ezagutarazteko konpromiso eta engaiamendua.

Eta amaitzen segitzeko, gaia jarraitzen duenarentzat, datorren igandean hauteskundeak dira Iparraldean eta frantses estatu osoan. Baliteke Ipar Euskal Herrian hautatzen diren hiru jarlekuetan aldaketarik egotea, presidenterako egin berri diren hauteskundeetan Hollandek gaina hartu baitzion Sarkozyri Iparraldean. Emaitzak lerro beretik joango balira ohiko joerek aldaketa interesgarria ekarriko lukete normalean Parisera eskuin eta zentro-eskuineko ordezkaritza bidaltzen duen Iparraldean.

Maila lokalago batean, Pehuajoko euskal etxe argentinarretik gogora arazten digute datorren igandean Bazkidearen Eguna ospatuko dutela, bazkideen aldeko egun hori sendotzen ari baitira urteroko ospakizun gisa. Estatu Batuetan, Nevadako Winnemucca herriak ere asteburu honetan ospatuko du bere piknik eta urteko euskal jaia, bertako udalaren sostenguarekin. Eta beste hainbat euskal etxe eta komunitatetan ere bateko eta besteko hitzorduak gauzatuko dira, gure agendak hein batean biltzen duenez. Asteburu on, beraz.

PS: EuskalKultura.com-en apustua handia bada ere, bere bitartekoak mugatuak dira eta, bistan denez, ezin gara iritsi guregana heltzen diren eta jakitun garen ekitaldi eta gertakari guztien berri ematera, saiatzen garen arren. Misionesko probintzia argentinarreko Posadas eta San Ignacio-tik bertako Eusko Etxeko lagunak gogora arazi digute aurrera eta erritmo onean segitzen dutela uztailaren 27, 28 eta 29rako prestatzen ari diren Euskal Festa Handirako prestakizunek. San Ignacioko inguru ederretan, eta jesuitek bertan eraikitako misioaren hondakinen ondoan, natura, aisia eta euskal kultura eta jaia nagusi izango dituen hitzordurako gonbidapena berresten dute Olga Leiciaga buru duen euskal elkarteak, batetik Argentina osoko, Euskal Herriko eta Diasporako dantzari, musikari, danborrero, kirolari eta abarrei parte hartzeko dei berezia eginez; eta baita ere nonahiko euskaldunei eta euskaldunen lagunei oro har. Gogoratzen dute helbide eta telefono batzuk ipini dituztela jaiari eta inguru hari buruzko edozein galderari erantzuteko: emaila, oleiciaga@gmail.com eta telefonoak, (54) (0)3764495057 edo, mugikorra, 0376 15 4707521.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia