Argentinako Pampatik, Macachin-dik, Alazne Iruretagoyena euskaltzale ezagunaren amaren heriotzaren berri izan genuen atzokoan. 99 urte zeuzkan Frantziska Peñagarikanok eta Alaznerekin bizi zen, Macachingo plaza ondoan, bertako Euzko Alkartasuna hotel handi eta erreferentzialetik oso gertu. Atzo goizean, hamarrak aldean hil zen, azken hamar egunotan osasun apaltze bat izan ostean. Ezagutzen genuen, eta joan den azaroan haren etxean bertan bisitatu genuen Macachinera egin genuen bisitan. Alazne bera ere laguna eta EuskalKultura.com-eko irakurle zintzoa dugu. Lerro hauetatik, gure doluminik zintzoena Alazneri, Macachinen den Alejandro anaiari eta Arantxa Zarauzko ahizpari. Besarkada bero eta handi bat.
San Frantziskotik, Estatu Batuetatik ere, beste heriotz baten berri, baina kasu honetan euskal jatetxe batena. Ez da oraindik gertatu, baina egun gutxi geratzen zaizkio. Iluna Basque jatetxeaz ari gara. Bertako sukaldari den Mattin Nobliak deliberatu du lekua itxi eta sukaldaritza negozioetatik pixkat aldentzea, nahiz eta segituko duen chef gisa enkarguz etxeetan bazkari edo afari partikularrak egiten. Bere planak, negozio alor berri bat jorratzea dira, hala nola masaje, elikadura eta zainketa pertsonala eta osasuna ardatz izango dituen zentru bat hasi behar omen du Iluna Basqueren aldameneko lokalean, izan ere Eguna Basque kafetegia zabaldu eta itxi behar izan zuen lokalean. Oroitu Mattin Noblia duela zazpi bat urte iritsi zela Euskal Herritik San Frantziskora, Piperade euskal jatetxea zabaldua zuen Gerald Hirigoyenek deitua, bertan lan egin zezan. Hilabete batzuk, urtebete inguru iraun zuen hor, ordea, berehala bestela aurrera egiteko bidea ikusi eta bazkide kapitalista baten sostengus lorturik bere leku propioa zabaldu zuen, orain itxiko duen Iluna Basque, duela sei bat urte.
Estatu Batuetatik atera gabe, joan den astean egin zen, arrakastaz urtero bezala, Nevadako hiriburu den Carson Cityko Fuji Park-en, bertako Euskal Festa, ez ordea zuzenean bertako euskaldunek antolatua. Santa Teresa eskola katolikoak asmatu eta sortu zuen festa hau --euskaldunak laguntzaile baizik ez dituena-- bere proiektuetara dirua biltzeko, euskaldunak aitzeki eta laguntzaile ere, egia baita euskaldunetako askok euren haurrak eskola katolikoetara eramaten dituztela. Urtero irailean egiten den egunpasa honen eslogana, "Jan, edan eta pakea eman" (sic) da, ingelesez oso gutxi gora behera "Eat, drink and spread peace" bezala itzuli dutena.
Datorren asteko ostegunean, irailaren 30ean, hamahiru kide dituen epaimahai batek (zazpi Europar Batasunak hautatuak eta beste sei Espainiako gobernuak) erabaki eta adieraziko du Madrilen ze hirik pasatuko duten lehenengo galbahea 2016ko Europako Kultur Hiria izateko bidean. Bi euskal hiri daude hor, pario edo apustu gogorrean: Donostia eta Iruñea. Alabaina, bi hiri hauek bezala gogor ari dira beste hainbat hiri Espainian. Gaia ez dago batere erraza, esan bezala lehia gogorra baino oso gogorra baita.
Bitartean, Shanghain, Txinan, hasi da dagoeneko atzo, Nafar Astea, Exporen baitan. 'Nafarroa, gorriarekiko grina' hartu dute lelo gisa. Egun behinena edo instituzionala bihar, irailaren 22a izango da, eta Nafarroako Gobernuko kide den Jose Maria Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu kontseilaria izango da bertan. Nafar Asteari, Euskadiko Autonomi Erkidegoarenak hartuko dio txanda datorren igande/astelehenetik aurrera. Horretarako Patxi Lopez lehendakaria abiatuko da Shanghaira, gehienbat ekonomikoa izango den euskal ordezkaritza bateko buru. Shanghaiko Euskal Etxea ere, Txinako bakarra, bisitatuko du Patxi Lopezek.
Amaitzeko, esan dezagun Bogotako Euskal Aste arrakastatsuaren ondotik, Kolonbian, orain Madrilgoari dagokiola txanda. Izan ere lehenengoz egingo du --datorren astetik aurrera-- Madrilgo Euskal Etxeak Euskal Aste bat gainerako euskal etxeetan egiten direnen pareko. Nahiz eta egia den hiriburu espainiarrean maiz egiten direla bestelako makina bat euskal aurkezpen, turismo kanpainak eta abar. Eta edizio aldetik gutxienez erabat sendotua dagoen Argentinako Euskal Asterako gutxiago falta da honez gero. Mar del Platan da aurten, bertako Denak Bat Euskal Etxea antolatzaile, azaroko lehenengo astean. Segituko dugu hizketan.