euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Lagunak gogoan

2011/07/22

Aste honetan, asteazkenean hain zuzen, ospatua dute Argentinan --baita Uruguain eta beste herrialde batzuetan ere-- 'Lagunaren Eguna'. Egun berezia da, aukera bat esango nuke --honelako egunak diren moduan--, une batez gelditu, eseri eta ingurura begiratzeko eta lagunei, bizitzak eskaintzen digun opari ederrenetakoa direnei, erreparatzeko; lagunak gogora ekartzeko, eta haiei telefonatu, emaila edo sms-a bidali edo, askoz hobe, haiengana bildu eta estimatzen eta maite ditugula esateko; gogoan ditugula esan eta euren laguntasuna eskertzeko, eta behar bada lehen bezain usu edo sarri ikusten ez baditugu ere, geure bizitzari egiten dioten ekarria apreziatzen dugula esateko.

Neronek ere baliatu nahi ditut lerro hauek eskertzeko egunotan euren laguntasuna adieraziz edo berretsiz EuskalKultura.com-era idatzi digutenei, eta baita ere adiskidetasun hori urtean zehar eta urteetan zehar demostratu eta indarrean ipini dutenei.

Berotasuna, konfidantza, hurbiltasuna eta lagunaren hitzaren sostengua asko baita, batzuetan guztia. Harro gaude geure lagunez eta urteetan zehar sortu ditugun konplizitateez; Diasporaren eta geure kulturaren geroari baikor begiratu eta gehienbat lanean eta etengabeko jardunean, hondar alea ipintzen bidelagun eta ontzilagun ditugun bidegile eta arraunlariez; ikasten, partekatzen, sustatzen, puxatzen, hedatzen eta ilusioa pizten, eragiten, batean edo bestean, han edo hemen, solaskide eta partaide ditugunez. Mila esker handi bat hor zaretelako.

Aukera ona da honakoa, baita ere, joan zaizkigunak gogora ekartzeko. Gutxi batzuk aipatuko ditut, uztail honetan zenduak: Euskal Herrian, baina Mexiko DFko Euskal Etxeari lotua, Rufino Prieto Telletxea beratarra, 83 urtekoa, hiriburu mexikarreko euskal elkarteko presidente izana. Adinean gora etorria baita ere, beste nafar bat, aetza, Pablo Mandazen Soto, ezagunagoa seguruenik Hermano Gines bezala, Caracasen 99 urte zituela zendua, lan handia egindakoa Venezuelan. Estatu Batuetan, Wyoming-eko Buffalo herrian aste honetan egingo den 2011ko NABO Biltzar Nagusia ren atarian, Buffalon bertan egin zen azkeneko elkarretaratze handian egon zirenetako batzuk eta gogoratu zaizkigu, hala nola Ximun Harriet 'Barbon', Simon Iberlin, aita Martxel Tillous bera...

Eta, ezin bestela, oso gomuta berezi bat iango dugu Tommy Smith-entzat. Txikitandik ezagutzen genuen. Joan den astean hil da, Buffalotik hurbil den laku batean lagunekin zegoela, buruan kolpe txar bat hartuta, 30 urte besterik ez zituela. Bertan jaioa zen Tommy, Liz Camino buffalotarraren semea, eta bere ama eta familia osoa bezala herriko Big Horn Basque Club-eko kide eta laguntzailea. Besarkada tinki-tinki bat Elizabeth-i, eta Tommy-ren osaba-izeba Kate, Marguerite, Connie, Mick eta John-i, eta baita bere anai-arreba eta lehengusu ugariei ere. Mutiko ona zen, langile eta laguntzailea, erizaina ogibidez; lanean zein bestela ere bere heriotzak jende asko zinez penaturik utzi ditu. NABOren biltzarra eta euskal festa handia Buffalon hasi baino astebete lehenago joan da. Gogoan bego.

Gaurko iruzkin hauek, euskal dantzari buruzko aipu batekin bukatuko ditut.

Ekarpena baita azken egunotan Oskorrik aurkeztua duen Dantza Kontra Dantza disko berria, Iztueta maisuaren lana gurera ekarriz eta indar berriz gizarteratuz. Taldeak Oskorri Dantza Klub delakoa sortu du eta bertan parte hartzera deitu ditu dantzari eta dantzazaleak, Euskal Herrikoak zein Diasporakoak. Partaide izateko, aski da emaila bidaltzea natxooskorri@euskalnet.net helbidera, norberaren izena adieraziz eta, dantza talde bateko kide bazara, haren izena, eta euskal etxe bateko kide bazara, baita haren izena ere. Emaitza berri honetako pare bat pieza entzun nahi izatekotan, hemen (Ehun dukateko eta Betronio txikia entzuteko) egin dezakezu eta hemen (Ehun dukateko eta Betronio txikia-Urratsak entzuteko).

Buffalon arratsaldeko 4:05ak ditugula amaitu ditut lerro hauek, ostegunean, uztailak 21; eta Euskal Herrian, ostiral goizaldeko 00:05ak direla, dagoeneko uztailaren 22an sartuta. Segi bizkor eta gero arte!



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia