Bogota-tik, Kolonbian, ari naiz idazten, egun batzuetarako etorria bainaiz herrialde honetara, bertako euskal komunitateak eta euskal etxeak 'in situ' ezagutzearren. Kolonbiak bi euskal etxea dauzka, Bogota herrialdeko hiriburuan bata, eta Medellin Antioquia departamentuko hiriburuan bestea. Horiekin batera, Medellinen, euskaltzale talde bat biltzen duen Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroa ari da lanean, eta Bogota, bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkaritzaren egoitza da.
Munduko beste hainbat herrialdek bezala, Kolonbiak 'Amaren Eguna' delakoa ospatzen zuen igande honetan, eta ospakizun horretako parte izan dira zenbait herrialdetako euskal etxe batzuk ere. Euskadin, jatorri erabat komertziala duen 'egun' hori, aurreko igandean, maiatzaren lehenean, ospatu zuten (ospatu zutenek), eta atzo, maiatzaren 8an, berriz (maiatzeko bigarren igandean, alegia), Estatu Batuak, Brasil, Australia, Peru, Alemania edo Japonia bezalako herrialdeetan; Argentinan, ostera, urrian egingo dute.
[Zehaztapena. Hala eskatu didate eta hala egingo dut. Bogotako Euskal Etxeak hala eskaturik, adierazi nahi dut, EuskalKultura.com-en bestela argitaratu bagenuen ere, Guillermo Echenique ez zela azkenean bildu, hala iragarrita bazegoen ere, Bogotako Euskal Etxeko ordezkariekin, Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia Mexiko eta Kolonbiara apirilean, bi herrialde horietako eta Venezuelako euskal etxeetako ordezkariekin biltzeko egindako bidaian]
Udal eta foru eta Nafar Legebiltzarrerako hauteskundeak
Aurrekoarekin zerikusirik gabe, eta jasotako galdera batzuei erantzunez, esan dezadan espainiar hiritartasuneko Diasporako euskaldunek, orain artean erroldatuta zeuden Euskal Herriko herri edo hirian bozkatzeko eskubidea bazeukaten ere, ezin izango dutela hala egin maiatzaren 22an egingo diren udal hauteskundeetan, eta ezta aurrerantzean ere, eskubide hori kendu egin baitie Espainiako Parlamentuak. Aldiz, udal hauteskundeetan bozkatzeko aukera eman die estatuko herri eta hirietan egoiliar diren atzerritarrei, legearen arabera hala badagokie. Hori udal hauteskundeei dagokienean. Bestela, Diasporako nafarrek bozkatu ahal izango dute maiatzaren 22an, Nafarroako Parlamentua hautatzeko egingo den bozketan... baldin eta horretarako paperak garaiz iristen bazaizkie.