Argentinako Necochean nago eta atzo Bilbotik jaso nuen telefono deiak kolpatu egin ninduen: oraindik baieztatzeke zegoen orduan, baina Kepa Mallea Olaetxe izan omen zitekeen Bilbon burutik jotako batek kalean inguruan zeukan jendea labanaz erasotzen hasi eta hil zuen 65 urteko gizona. Lehenengo informazioek hildakoa Karmelo ikastolan aritutako 65 urteko irakasle jubilatu bat aipatzen zuten, KMO siglekin aipatu ere, eta datu horiek seinalatzen zutenak ezinegona sortu zion nire solaskideari eta halaxe pasatu zidan geroko datuek baieztatu zuten berri txarra: erasoka hasitako gizon gaztea baretzen saiatuta labana sartu eta honelaxe, bapatean, beste barik joan zaigu Kepa Mallea munduko munitibartarra.
Ameriketako kontuen inguruan ezagutu nuen Kepa Mallea, batetik Renoko Unibertsitateko Joxe Mallea-Olaetxe irakaslearen anaia zelako eta haren bidez, eta geroago han-hemenka ikusi, agurtu eta berba egin izan dugu Ameriketan zein Euskal Herrian. Joxeri, Jesusari eta Mallea-Olaetxe anai-arrebei, Euskal Herrian zein Estatu Batuetan, besarkada bero eta handi bat, eta besarkada bereziki bero eta tinkia Mireni, eta Lur eta Itsaso bere bi alabei eta Euskal Herriko familiari; eta baita ere seguru pasatu zen leku guztietan utzi zituen lagun ugariei, gizon ona baitzen, aktiboa eta engaiamenduduna bere inguruarekin, lagun-hurkoarekin, bere kultura eta hizkuntzarekin eta bere herriaren bake eta bizikidetzarekin; lankide, adiskide edota auzolagun izan nahi duzun horietakoa.