Heldu da iraila eta, Europako Euskal Herri honetara bederen, ikasturte berria [ez Argentinan eta euskal komunitateek presentzia daukaten beste herrialde batzuetan, horietan ikasturtea eta urte naturala bat baitira eta ikasturtea urtearekin batera, urtarrilean, hasten da]; hastapen berri batean gaude, ziklo berri batean, hala nahi dugu, geure burua puxatzeko eta epe berriek batzuetan dakartzaten aukera berriak topatu eta baliatzeko euskarri egokia izan baitaiteke.
Aste honetan zehar (pentsatzen dugu), EuskalKultura.com-i zerbitzu teknikoa ematen dion enpresako kideak laneratzen direnean, azken asteotan landu ditugun aldaketak sareratuko ditugu. Talaia bat eskainiko diogu horri.
Aurreneko iruzkin honetan, esan dezadan zinez arrakastatsua izan dela Buenos Airesen abuztuko azken asteburuarekin bat Euskal Herriari eskaini zaion 'Buenos Aires celebra' sortako ekitaldia, 'Buenos Aires celebra el País Vasco' (Buenos Airesek Euskal Herria ospatzen du). Aldea, bestelako euskal festekin, hau euskal etxeetako kideek eta herritar euskal-argentinarrek, euskal jatorrikoak ez diren euren herritarrentzat prestatutako festa izan dela, Euskal Herria eta eurek bizi duten euskaltasuna haiei agertuz eta aurkeztuz. Bertatik esaten digutenez, elkarrengandik desberdinak oso diren euskal elkarteak elkarrekin lan egin izana da izan duen ezaugarri nabarienetako bat, batasuna alegia.
Abuztuan, baita ere, 50 urte ospatu ditu Estatu Batuetako San Frantziskoko Zazpiak Bat dantza taldeak; Argentina osoan, joan den asteburu honetan, Immigrantearen Eguna ospatu dute, eta hor egon dira herrialde osoko hainbat eta hainbat euskal etxe partaide. Asteburuan ere (gaur astelehena jai da AEBetan, Labor Day), Kaliforniako Chinoko euskaldunek euren piknika egin dute; eta Brasilen, Sao Pauloko Itapeviko Eusko-Brasildar Etxekoek euren 'I Semana Basca', arrakastaz, esan digutenez, lan frango eginez, gauza guztiak lehenengoz egiten direnean --eta are gehiago euskal aste bat-- zailxeagoak izaten dira-eta, bideak ikasi arte.
Gaurko iruzkina hemen utziko dugu, azken oroitzapen batekin bukatuz. Iragan larunbatean urtebete bete baita Eneko Azkarate-Askasua, gurekin EuskalKultura.com-en, Donostiako bulegoan, lankide izan genuen laguna hil zela, 27 urte zituela. Gogoan zaitugunez gorde nahi izan dizugu azken tarte hau, Eneko.