Irailean sartu gara eta Europan eta Euskal Herrian honek gehienbat ikasturte berriaren hasiera markatzen du, ikasleen kasuan, baina baita lanean ari den populazio guztiaren 'reentrée'a ere uda eta opor-giroko sasoinaren nagiak kenduta. Hego Hemisferiotik irakurtzen digutenek ez dute halakorik biziko, neguan baitabiltza eta ikasturteak eta lanurteak segitu besterik ez baitu egiten egunotan, ohiko ektibitatean.
Atzo neu idazten ari naizen Donostian estropada-giroa eta eguzkia nagusi baziren, gaur euriak agurtu du urte bukatu arte geratzen zaizkigun lau hilabeteetako lehenengoaren aurreneko laneguna. Goizeko zortzietan ohiko auto-pilaketak itzuli dira eta abuztuosteak dakarren 'normalizazio'rako bidea heldu da.
Abuztuan gauzak ez dira batere gelditu, baina, Diasporan eta munduan oro har. Albisteen sailean aipatzen dugu, baina abuztua, esaterako, 'Buenos Aires celebra' antolamenduarekin bukatu zen hiriburu argentinarrean, arrakasta handiz, bertako euskal etxeek eta euskal gizataldeak erabat lagundu baitzuten aldi bakoitzean herrialde baten erakuslehio izatea helburu duen ekimen honen edizio euskaldunean. Bigarren urtea zen Euskal Herriak Argentinan dauden gainerako herri eta nazionalitateen parean bere egun hau ospatzen zuena eta aurreko urtean baino partaidetsuago eta oihartzuntsuago garatu zela behar da esan.
Euskal festa eta ospakizunak nonahi izan dira azken hilabetean, Ipar Amerikeriketako euskal pikniketatik hasita (gaur bertan jai da Estatu Batuetan, Labor Day, eta hiru eguneko asteburu luze honetan Chinoko Euskal Etxeak, Kalifornia hegoaldean, bere piknik eta euskal festa garrantzitsua ospatu du) eta oraindik ere hala datoz, datorren astean Marin-Sonoma County-ko euskal etxearenarekin eta oraindik ere datozen aste eta hilabeetan etorri behar duten Euskal Kantari Eguna (Roklin-en) eta beste zenbait tarteko.
Baina Euskal Herrian bertan, informazioetako beste batean gogora ekartzen dugunez, bihar hasiko da Gaztemundu, Ipar eta Hego Ameriketako euskal etxeetako euskara irakasleak partaide. Berehala ditugu, besteak beste, Sydneyko euskal etxeak antolatuko duen Diada eguna, Bordeleko Eskual Etxearen Ondarearen Eguna, Madrilgoen Euskal Astea, Brasilgo Euskal Astea, Paraguaikoa, Argentinakoa... euskal etxeak beti antolatzaile eta langile euskal kulturaren eta izate edukidunaren alorrean.
Berri txarren artean, joan den asteburuan Ibarretxe administrazioarekin Euskadiren Mexikoko Ordezkari izan zen Iñaki Ruiz Cuestaren heriotza izan dugu Mexikon, eta aurreko egunetan ere, abuztuaren 27an, Jorge Gilabert lagun eta kolega hil zitzaigun Argentinako Tandilen. 'Alma Vasca' astekaria sortu eta urtetan, mila aleetara iritsi arte astez-aste idatzi eta albisteak bilduz osatu zuen pertsona langile fina zen Gilabert. Datozen egunetan eskainiko diogu merezi zuen aipua eta azken agurra buletin eta webgunean.
Datozen egun, aste eta hilabeteetan jonago gara bestela ere EuskalKultura.com proiektuaren berri ere ematen. Gogor segitzen dugu apustuarekin, kinka ekonomikoak batere laguntzen ez duen honetan. Berritasunak ere iragarriko ditugu, eta luma berriak emendatuko gure orrialdeetara. Lau hilabete ditugu urtea bukatu artean. Bitartean, biharko alean espero zaitugu gure eguneroko hitzordu honetan. Izan ongi!
PS: Ez ahantzi garaiz zaudela etzi egingo dugun zozketan parte hartzeko. 'Euskera para dummies' liburuaren hiru ale oparituko ditugu. Harpidedun guztiek har dezakete parte (honezkero ez bazara, aski duzu hemen harpidetzearekin). Aski da harpidedun batek bere lagun edo ezagun bat harpidetzea eta bion datuak e-mail batean info@euskalkultura.com helbidera helaraztea. Irabazle suertatu ezkero euretako bakoitzak liburuaren ale bana jasoko du eta hirugarren ale bat emango zaio irabazleak hautatzen duen euskal etxeari, euskal etxeko liburutegiari edo euskara irakasleari. Animatu eta parte hartu!
(zozketaren emaitzak, hemen)