Udako sasoina joana da Ipar Hemisferioan (negua, Hegokoan) eta ikasturtea abiatzeko garaia heldua da ikastetxe, eskola eta unibertsitateetan (hau ere Ipar Hemisferioan, Hego Hemisferioko hainbat herrialdetan ikasturteak urte naturalari segitzen dionez urtea eta ikasturtea gauza bera baitira eta orain beraz urte/ikasturtearen azken txanpan daude, ikasturte berria bertako udako oporren ostean hasiko dutelarik, martxo-apirilean, alegia).
Ipar Hemisferioko uda bukatzeak, esaterako, euskal festa nagusi eta pikniken sasoina bukatzen dela esan nahi du Estatu Batuetan. Kaliforniako Chinon duela hiru aste egin zen NABO Biltzarra eta Euskal Bestaren ondotik --eta tartean San Frantziskokoa eta Homedalekoa ere joanak--, euskal etxeen urteko azkeneko piknikak gelditzen dira, hala nola Nevadako Las Vegaseko 'Lagun Onak' Euskal Etxearena, urriko lehenengo asteburuan, eta Kalifornia Iparraldeko 'Iparreko Ibarra'rena. Azken honek itxiko ditu aurtengo piknik saioak, urriaren 11ean, euskal ostatu eta hotel historikoak izan zituen Marysville herritik gertu den Lincoln herriko 155 Ferrari Ranch-en. Aurten, gainera, NABO Kantari Eguna ere eurak antolatuko dute asteburu horretan.
Baina egun hauetako euskal aktualitatea aipatzerakoan, ezin aipatu gabe utzi pare bat ospakizun.
Batetik eta aurrekoarekin lotuz, atzo Baztango Elizondon, ekitaldi berezi bat gauzatu zen. Besteak beste bertako Udalak, Nafar eta Euskal Gobernuek, Udalbidek eta Diario de Noticias egunkariak lagundurik, 'Ameriketarat gana, artzain doike' (sic) izeneko egunpasa/omenaldi/elkarretaratzea egin zen eskualde honetan eta Euskal Herriko beste zenbaitetan garrantzi handia izan duen Estatu Batuetarako emigrazioaren inguruan, AEBetan ibilitako 'amerikanuei' omenaldi gisako bilkura eta besta eguna antolatuz. Antolatzaile nagusi, artzain amerikanoen alaba diren hiru emazte: Laura Igantzi, Neli Yanci eta Josephine Etcheverry. Amodioz eta esker onez eginiko ekitaldia. Honi buruzko kronika bihar argitaratuko dugu EuskalKultura.com-en, gu geu ere lekuko eta partaide izan baikinen bertan.
Bestetik, Kolonbian egiten ari diren Euskal Astea eta orohar euskal ekitaldiak. Albisteen atalean Elai-Alai talde gernikarraren bidaia kolonbiarra aipatzen dugu eta euren emanaldi ibilbidea Kolonbiako hainbat agertokietan. Bertako ekitaldiak, ordea, lehenagotik hasiak dira, oro har zine, gastronomia, ekonomia eta beste zenbait alor ukitzeko. Izan ere, Euskal Herriko goi ordezkaritza bat, Iñaki Agirre Kanpo Harremanetarako idazkaria buru Bogotara bidaiatu zen karia hortara joan den astean.
Emprebask-en ekitaldiak egin dira, bilkura eta mahai-inguruak, Zine hitzorduak antolatu Bogotá-ko Arte Moderno Museoan zein Liburutegi Nazionalean, Mikel Arrazola argazkilariaren erakusketa irailaren 14tik 21era Tocancipa-ko Kultura Etxean eta ondotik 22tik 27ra Villa de Leyva-ko Probintzia Batuen Biltzarra, aste honetan bertan (24, 25 eta 26an) Euskal Gastronomia Erakustaldi bat izango da Villa de Leyva-ko El Duruelo hotelean... guztia Bogotáko Euskal Etxeak eta munduko eskualde honetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den Euskadiko Ordezkaritzaren eskutik.
Segitzen du bitartean, Uruguain eta Argentinan, Juan Marti Beltranen bisita, tailer eta emanaldiek utzi zuten arrasto eta oihartzunak. Publikoa eta bertako euskaldun eta ez-euskaldunak irabazten jakin zuten Beltranek eta bere taldeak. Azken artikulu grafiko bat eskainiko diogu gaiari datozen egunetan.