Aurrekoan aipatzen nuenez, gaurkoan Wyoming-eko Buffalotik, Estatu Batuetatik alegia, ari naiz idazten, hemen ari baita egiten --joan den asteko astelehenetik datorren ostiralera arte-- NABO Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak urtero antolatzen duen 'Udaleku' (sic).
Urtero, NABO osatzen duten Estatu Batuetako ia berrogei euskal etxe edo komunitateetako batek hartzen du Udaleku antolatzeko ardura. NABOk berak esan behintzat egiten duenez, garatzen dituen ekimenen artean garrantzitsuen-tzat jotzen du 10-15 urteko haurrentzako antolatzen duen udako kanpamendu hau, harrobitzat jotzen baitu hain zuzen ere, oso urte gutxi barru, egun haur eta nerabe diren hauek koskortu, eta beren gain egongo baita euskal etxeetako edota NABOko gidaritza.
Aurtengoan 43 dira Buffaloko ediziora etorri diren neska-mutikoak: 32 neska eta 11 mutiko. Ez dute seguruenik sekula ahantziko hamabi egun hauetako esperientzia. Ongi pasatzen ari dira --hau lehenengo eta behin udaleku bat baita-- eta aisialdiko, mendiko eta naturarekiko jarduerak egitearekin batera, euskal jatorrizko beste hainbat neska-mutikoekin ari dira elkarlanean bizikide, hainbat egunez bizikide izateak ekarri ohi dituen adiskidetasun loturak sortzen, komunitatea egiten. Hori guztia euskara puxkat ikasi eta praktikatzen dutela, euskal dantzak ikasi eta praktikatzen dituztela, txistua, kantuak eta beste zenbait euskal kultur elementu opor giroan bizi dituztela.
Haurrek ongi pasatzea funtsezkoa da edozein udalekuretzat; eta honentzat, horrekin batera, haurrek 'euskal' adjetibo hori gauza erakargarriekin lotzea, euskaldun sentitzen diren eta gustura euskaldun sentitzen diren euren adineko beste gazte euskal-amerikarrekin lotzea, lagunekin, giro onarekin, euskal-amerikar giroan gustura ibiltzearekin. Hemen egingo dituzten lagunak, hemen jolaskide zein izerdigilekide ari direla egingo dituzten lagunak, ondoren Kalifornia, Idaho, Nevada, Wyoming edo Utah-ko euskal jaialdiren batera hurbildutakoan ikusiko dituzte hurrengoan. Eta kantari edo dantzari aritu ahal izango dira haiekin, edo nintendoa trukatuko dute, urtean zehar harremanak email bidez mantenduz.
Jakina haur hauek amerikanoak direla, baina eurena den iragana daukate, iragan euskalduna, euren familietan askori sendotasuna eta harrotasuna ematen diena. Ez besteena baino inportanteagoa delako, baina bai eurena delako, inportantea izan delako euren guraso edo aiton-amonentzat, euskalduntasun sentimentuari eutsiz euren aurrekoek egin zuten ahalegin baten eta bide baten katebegia kontsideratzen direlako eurak ere, pozik sentitzen dutelako euskaldun izate sentimentu hori, euren etxeetan direna izateaz harro egoten irakatsi dietelako.
Eta hori Udalekuko laguntxoekin konpartitzen dute. Euskal komunitateak daukan erronka, iragan euskalduna, egungotasun eta gero euskalduna bilaka araztea da, euskaldun sentitze hori sentitzen segitu eta modu edo manera antolatuan egin dezaten, bertako euskal etxe eta egiturak indartuz eta iraun araziz. Euskaldun sentitzea lagungarri izan dakien eta hein horretan inportantea gerta dakien euren bizitzan.
Udalekuk --barne orekarekin eta hazkuntza pertsonalarekin harremanduta-- lagundu nahi duen adiskidetasun horrek ezaugarririk bereziena asteburu honetan izan du, sierran, mendian, Euskal Herritik Estatu Batuetara etorri zen euren arbasoaren, euren aitatxi, aitxitxe edo aitona-ren bizimodua gertuagotik ezagutu ahal izan dutenean, gau batez bederen haiek bezala karrokanpo batean lo eginez eta lehenengo immigrante euskaldunek bizimodu izan zituzten ardiak eta artzaintzaren moldeak lekukotasun zuzenean ezagutu ahal izan dituztelako, horretarako propio hurbildu diren euskaldun zahar batzuen ahotan: nola zen euren bizitza azaldu diete.
Jean Escoz luzaidarra, Jean Cinquambre erratzuarra, Victor Goñi labaiendarra, Denis Camino arnegitarra, Batista Juanicotena elizondoarra eta Pierre Amestoy armendariztarra euren aitona izan zitezkeen. Euren arbasoak azalpen horietan entzun eta ikusi ahal izan dituzte. Haurrek euren buruari buruz, euren historiari buruz ikasi dute, seguruenik honela hasi baitzen euren familiaren historia hemen Estatu Batuetan.
Honelako bizimodua daramagu Udalekun. Bitartean, Euskal Herriko hainbat herri eta tokietan --baita Diasporan ere-- prestatzen ari dira suak, gaur astelehen gauez San Juan bezpera ospatzeko, esan nahi baita udako solstizioaren etorrera [ipar hemisferioan; Hego Ameriketan eta hego hemisferioan oro har negukoa]. Hala ari gara Buffalon ere. Segituko dugu solasa.