euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Blogak > Nire talaiatik

Harat hunat Argentinan, Bahia Blancako Euskal Asteko berriak

2009/11/12

Gure irakurleetako batzuk gogora ekarri didatenez, joan den hilabete hasieran eman nuen argitara azkeneko 'Nire Talaiatik' sail hau eta, geroztik, Bahia Blancako Euskal Astean parte hartu zuten gure irakurle argentinarrek EuskalKultura.com bertan egon zela baiezta badezakete ere --Buenos Airesko gure korrespontsal Sabrina Otegi eta ni neroni ordezkari--, egia da zintzilik daukagula, argitaratzeke, euskal-argentinar ekitaldi garrantzitsu horretako berri, eta dilindan daukagula baita ere 'Nire talaiatik' saila normaltasun bidean sartzea.

Atzerapen hauen arrazoia, bata bestearen ondotik etorri diren zailtasun txiki batzuen konbinazioan datza, horri erantsita ni Bahia Blancako Euskal Astetik aurrera Argentinan barrena nabilela --oraintxe bertan Pehuajó-tik ari naiz idazten, Buenos Airestik 360 bat kilometro Mendebaldera-- hamar egunetan Rio Negro, La Pampa eta Buenos Aires probintzietako hamar euskal etxe bisitatu eta hamar hitzaldi emateko plangintza trinko baten barruan, orain artean 3.000 kilometro eginik, lo gutxi eginda eta buletina hala ere egunero plazaratuz, ondorioz denbora gutxirekin nire gain hartu nuen Euskal Asteko kronika handiko materiala eta irudiak behar bezala taxutu eta editatzeko, nahiz eta une honetan kronika hori argitatzeke baina egina dagoela esan dezakedan, prest, izan ere, datorren astelehenean, atalka --ehundik gora irudi eta bideo biltzen baititu--, argitaratzen hasteko.

Egiari zor, gauzak bestela prestatuak eta antolatuak genituen, baina honela atera dira. Nik neronek batzuetan ahaztu egiten dut nire indarrak eta baliabideak mugatuak direla eta bestela nahi izanda ere egunak 24 ordu dituela eta ez naizela batere hamalau, Bilbotik gertu bizi izanda ere.

Arestian esan bezala, Pehuajó-tik ari naiz idazten. Atzo Trenque Launquen-etik hona iritsi, hemengo 'Etxe Alai' euskal etxea bisitatu, euskal gizataldeko kide batzuekin bildu eta hitzaldia eman nuen euskal egoitzan. Gaur arratsaldean, berriz, Buenos Aires hiriburura bidaiatuko naiz autoz, eta bihar eguerdian, azkenik, hegazkina behar dut hartu, larunbat eguerdiostean Euskal Herrira iristeko.

Lerro hauek baliatu nahi ditut esker biziak emateko azken egunotan harrera ezinhobea eta zinez abegikorra egin didaten lagun eta euskal etxeei, Viedma eta Patagones-en (Rio Negro probintzian), Coronel Dorrego, Tres Arroyos eta Coronel Pringles-en (Buenos Aires probintzian), General Acha, Macachín eta Santa Rosa-n (La Pampa probintzian) eta General Villegas, Trenque Lauquen eta Pehuajó-n (Buenos Aires probintzian ostera ere). Mila esker bizi-bizi.



« aurrekoa
hurrengoa »
Joseba Etxarri

Joseba Etxarri

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia