Blogen sail berria zabaldu du gaur EuskalKultura.com-ek. Tarte berri bat zabaldu nahi izan diegu ekarpenak egin eta euren hausnarketa eta berriekin, euren iradokizun eta komentarioekin, elkarrekin banatzen dugun esparru hau aberastu eta hobetu dezaketen kolaborazioei.
Atal irekia da eta gaurkoa hasiera besterik ez da, datozen egun, aste eta hilabeteetan izen eta lankidetza berriak emendatuko baitzaizkio.
Honekin, orain arte noizbehinka webgunearen artikulu editorial moduan argitaratzen genuena 'aniztu' eta zabaldu egiten da, Helburua, partaidetza sustatzea, argi baitaukagu bidaia honetan guztien laguntza eta eginahala behar dugula. Erronka, gure aurrekoek Diasporan utzi ziguten iragan aberatsari ohore egin eta etorkizun hobetua uztea gure ondokoei.
Irakurtzen ari zaren post honez gain, beste hiru post eta beste hainbeste blog abiatu dira gaur gure orrietan. Sinatzaileak, batetik, Noël Elorga, Bidarraiko baxenabartarra, industriaria, gizon ekimentsua, Euskal Herrian egin diren eta egiten diren hainbat proiektutan laguntzaile eta sustatzaile. Diaspora hurbiletik ezagutzen du, familiaz eta bere eskarmentu propioan arrengura izan baitu berau ezagutu eta arlo honetan ere sostengatzaile eta lokarri izateko, besteak beste kide eta aholkulari duen Euskal Argentina elkartea medio. Askok Euskal Herrian ETBko debate programekin lotzen dute, iritziemaile eta solaskide izan baita horietako zenbaitetan.
Pedro J. Oiarzabal historialaria eta ikertzailea da Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Aditua da emigrazio eta diaspora gaietan eta modu berezian euskal diasporaren eta teknologia berrien arteko loturak aztertu ditu. Zenbait libururen egile, luze jardun izan da Euskal Herritik kanpo, Estatu Batuetan bereziki eta herrialde horretako eta beste batzuetako euskal komunitateak zuzenean ezagutu eta ikertu ditu. Gaur egun, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuko ikertzaile izateaz gain, Nevada-Renoko Unibertsitateko Jon Bilbao Katedrako arduraduna da.
Azkenik, gaurko laugarren blogaria Argentinatik datorkigu, Cordoba probintziako Coronel Moldes herritik. Maria Echave, abokatua da, hezkuntzan interesatua, eta bere inguru argentinarreko zenbait komunikabidetan idatzi edo kolaboratzen du. Hainbat artikuluren egile, euskal gaiak gogokoak ditu oso eta sentimentu sakonak dauzka, edukiz hornituak, bere euskal jatorri eta euskalduntasunaz. Oso gogoan ditu eta idazteko iturri, gaztetan bere aiton-amona euskaldunekin etxeko sukaldean izaniko esperientziak eta bertan entzuniko istorio eta pasadizoak. Baina berak idatzitako lehenengo testu ederra irakurtzea hobe, bera hobeto ezagutzeko, hori guztia azaltzen baitu. "Cocina vasca campesina - Euskal baserri sukaldaritza" liburu arrakastatsuaren egile ere bada: umetako bere bizikizun euskaldunak errezetaz --errezeta euskalargentinarrez-- janzten dituen liburua. Sorterriko Gure Zainak euskal etxearen fundatzaile ere bada.
Esan bezala, egile bakoitzak nahiago duen hizkuntzan idazten du, eta orain artean euskaraz eta gaztelaniaz idatzi dute. Datozen egunetan ingelesez eta frantsesez ere izango ditugu kolaboratzaile berrien testuak.