Egiari zor, euskal etxeekin etengabeko harremanetan ari denak nabaritzen du kezka eta arrengura, eta agian urduritasun edo eroamen-falta pixkat ere Eusko Jaurlaritzan gertatutako aldaketaren ondoko berririk ezaren aurrean. Batere berririk ez baitago, edo ez da batere plazaratu, Lopez lehendakari berriak euskal etxeen arloari buruz dauzkan edo izan ditzakeen proiektuez. Iritziak plazaratu dira, bai, Diasporan, baina datuetan oinarrituta ez daudenez, ezin kasu handirik egin.
FEVA eta NABO, bitartean, zuhur ari dira. Zain, beste asko bezala, izendapenik gertatzen den arte. NABOk, bere azken bilkuran erabaki zuenari jarraiki, egun batzuk eman eta elkarrizketa eskatuko du Josu Legarretaren ordezko gizon edo emakumearekin, elkar agurtu eta iritziak eta ikusmoldeak trukatzeko. FEVAn, bere barruko euskal etxe batzuek besterik egin nahi badute ere, gertakizunen zain egotea erabaki da baita ere, sinesgarritasunik eman gabe une honetan, Administrazio berriak euskal etxeak kentzearen alde edo jokabide ezabakorra eta murrizkorra hartuko duela esaten dutenei.
Bitartean, buletin honetan zegokionean esan genuenez, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak joan den asteartean kendu zuen Josu Legarreta hogei urtez izan duen postutik eta horrek gaur bertan izan du isla eta erabat ofizialdu du Aldizkari Ofizialak. Espero da, bestalde, Eusko Jaurlaritzak datorren astearteko Kontseiluan izendatzea Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi gisa Iñaki Agirreren ordea hartuko duena, bulegoari izen bera emanik edo izena aldatuz. Suposa daiteke, izendapen horren ondotik, askoz gertuago egongo dela Legarretaren ordea hartuko duen pertsonarena.
Bitartean, normaltasunez segitzen dute Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzako eguneroko lanek, horien artean uztailean izango den Gaztemundun parte hartuko duten gazteen hautatze prozesuak, euskal etxeen deialdi orokorrak edo larritasun egoeran daudenei zuzendutakoak.
Gaia erabat aldatuz, dolu hotsak heldu zaizkigu Argentinako Arrecifesetik, joan den igandean hil baitzen bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxeko idazkaria, edo bera ezagutu zuten jende askorentzat, lahgun bat eta pertsona adeitsu, adoretsu eta eder bat. Bizitasuna eta aurrera egiteko guraria ezaugarri, Mimi Moisello Zabaletak lagun asko utzi ditu, eta utzi ere tristerik. Azken asteotan nabaritzen zen euskal etxean, eta aipatzen zuten oso egoera larrian zegoela, eta azkenean duela gaur astebete gertatu zen berri lazgarria. Astelehenean ehortzi zuten Arrecifesko kanposantuan hainbati indarra eta etsenpluaren indarra eman zion emakume hau.
Eta hau da ia guztia gaurkoz. Datorren astea Necocheako Ikastola sortu berriari buruzko artikulu batekin hasiko dugu. Barkatu esan beharra daukat, bestalde, datorren asterako utziko baitugu gure irakurleen artean egin behar dugun zozketaren berria. Ahal duguna egiten dugu. Azken lerro hauek baliatuko ditut oroitarazteko badela Gernikan 15 urteko neska gazte bat, ESOko 4. maila egiten ari dena, datorren ikasurtea (2009-10) Estatu Batuetan egin nahiko lukeena. Truke bat egin nahiko luke bere familiak eta neska Estatu Batuetara, jatorri euskalduneko familia batera High School egitera bidali eta eurak hango mutiko edo neska bat hartu, Gernikan. Truke honetan interesik izan dezakeen inor ezagutzen baduzu, aski duzu info@euskalkultura.com helbidera idaztea.