Nafarroa Oinez, Nafarroako ikastolen aldeko festa, arrakastaz bukatu da joan den igandean Atarrabian. Aurtengoan, gainera, gaitzat hartu euskara eta euskal kulturaren oihartzuna munduan zehar eta karia horretara gonbidatu ditu munduan zehar euskara eta euskal kultura irakasle eta ikaste diren hainbat lagun euren ahalegin eta langintza horren berri eman zezaten. Informazio guztia, euskaraz zein gaztelaniaz, bideoak, irudiak, azalpenak eta bestelako xehetasunak barne www.nafarroakoikastolak.net webgunean topa daiteke.
Igandean bertan, baina Europatik atera gabe, euskaldun bat aldaretaratzen zuten, santu bilakatuz, izan ere lehenengo emakume santu gipuzkoarra bilakatuz. Ama Kandida --Cándida Maria de Jesus Cipitria y Barriola-- andoaindarraz ari gara --, joan den igandean Benito edo Benedikto XVI.a Aitasantuak Vatikanora propio joandako euskal eta gipuzkoar ordezkaritza baten aurrean --Munilla apezpikua tartean-- haren merituak onartuz eta berari atxikitako mirari edo mirakuluak ontzat emanez gurgai edo etsenplu edo santu gisa aldarrikatzen zuen. Jesusen Alaben fundatzailea izan zen 1871ean.
Albiste zinez lazgarriak eta atsekabea datozkigu, berriz, Argentinatik, Buenos Aires hiriburutik gertu den General Rodriguez herritik, bertako euskal gizataldeko kide ezagun bat, Mario Elizalde, 49 urteko gizasemea, oraindik ere ongi ulertzen ez den ekintza batetako protagonista, eta igandetik honako hainbat komunikabideen lerroburu eta albiste nagusien protagonista bilakatu baitzen, bere emazte Silvia --hau ere euskal komunitatearen kolaboratzailea-- eta amagin arreba balaz hiltzean. Bi seme-alaba zeuzkaten eta horietako baten --Pedro, 12 urteko mutikoa-- aurrean akabatu zituen; semeak, izan ere, ihes egin eta eman zien abisua auzokoei eta poliziari. Poliziak lau koadratara aurkitu eta balaz zauritu zuen, eta ospitalera eramanik berehala hil zen. Besarkada bero bat lerro hauetatik Pedro semeari eta 19 urteko bere arrebari, eta gainerako familia eta lagunei, ezin sinetsian baitabiltza gertakari ikaragarri hau.
Gaia eta tonoa erabat aldatuz bukatuko dugu. Gasteiztik, euskal familia batek proposamena luzatu dio Diasporako familia bati, kasu honetan Estatu Batuetako euskal diasporako familia bati. Almudena Azpiroz Zabala du izena familia gasteiztar honetako amak eta email batean azaldu duenez, bi alaba dauzka, 10 eta 4 urtekoak, eta horietarik behinenak ingelesa praktikatzea eta ahozkotasuna lantzea nahiko luke. Horretarako, Estatu Batuetako euskal familia batekin harremandu nahiko luke, bere kasuan bezala 10 urte inguruko neska bat lukeena, bi neskak elkarrekin Skype bidez hitz egiten hasi eta solasaldien erdia euskaraz eginez eta beste erdia ingelesez, bi aldeak tratua balia zezaten, bi hizkuntzok hobetzeko. Interesatuek azpiroz@sendatek.es helbidera idatz dezakete. Bada ezpada argitzen du ez dela spama eta behar diren datuak eta bermea emateko prest dagoela.