Ez dakit jende askoren interesa piztuko zuen ala ez, baina atzo Saltan jokatu zuen partidarekin bukatu zuen Saskibakoiko Euskal Selekzioak azken bederatzi egunetan Argentinara egin duen bira edo bidaia. Atzokoa hirugarren partida (eta garrantzitsuena) izan zuen, Selekzio Argentinarraren kontra. Emaitzak, izugarri txarrak euskaldunentzat, 92-28 galdu baitzuen. Argentinako kirol prentsak partidari buruz esan duenaren adierazle, hona Argentina apabulla a País Vasco izenburuko hau. Gogora dezagun aurreko bi partidak, lehena, Resistencia-n, 75-59 galdu zuela Euskal Selekzioak; eta bigarrena, Cordoban, irabazi, 65-95, aurreneko bi partida horiek tokiko ekipo eta probintzia mailako selekzioekin baziren ere.
Esan beharra dago sarritan irakurtzen ditugula Estatu Batuetako prentsan Euskal Herria, bertako hiri, mendi, hondartzak, paisaia eta turismo mailako eskaintzen berri laudagarri dakartzan erreportaje eta artikuluak. New York Times egunkari prestigiotsuak, esaterako, maiz ateratzen ditu euskal aipamenak bidaiei buruz eta gastronomiaz dauzkan orrialde eta gehigarrietan. Eta halaxe egin du beste behin joan den astean. Ingrid K. Williams kazetariak sinaturik 36 Hours in San Sebastián artikulua eman du argitara, eta Stefano Buonamici-ren 19 argazki izugarriekin edertu du. Irakurtzeko modukoa artikulua, eta ikusgarriak benetan, argazkiak. Merezi du klik egiten saiatzea.
Eta ohar bat Europako Euskal Herrian irakurle ditugunei, bereziki Iparraldekoei, Argentinako Euskal Astean parte hartzeko. Hurbiltzen doa 2011ko Euskal Argentinar Aste Nazionala, aurten azaroko bigarren astean Necochea hirian gauzatuko dena. Eta ia urtero bezala, Iparraldeko Euskal Argentina elkarteak bidaia antolatu du, parte hartu nahi duten guztientzat irekia, azaroaren 9tik 29ra bitartean. Urtero bezala, bidaiak hegaldia, Argentinako hotel, bisita eta otordu batzuk, barne-garraio eta beste zenbait gauza biltzen ditu, tartean Euskal Astekoak Necochean, baina egun libreak ere uzten ditu, esan nahi baita norberak bere planak ere egin ahal ditzan eta bere ahaide argentinarrak edo lagunak bisitatu, turismoa bere kasa egin, eta abar. Xehetasun gehiago nahi duenak, Bernadette Castillon-ekin mintza daiteke e-mailez, edota telefonoz (33) (0) 559 654748 zenbakian edota faxez (33) (0) 559 658624 zenbakian. Donapaleun (Nafarroa Beherea) dauka bulegoa bidaia antolatzen duen Bernadettek.